Robert Fisk

Gatazken berriemaile kritikoa

Robert Fisk kazetaria hil da, Dublinen, 74 urterekin. Ekialde Hurbilean berriemaile izan zen, eta Mendebaldeko potentzien jarrera kritikatu zuen. Osama Bin Laden hiru aldiz elkarrizketatu zuen.

MICK TSIKAS / EFE.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Europako egunkariek Ekialde Hurbilera bidalitako berriemaileen artean izen bat aukeratu behar balitz, kazetaritza arloko aditu gehienek Robert Fisk aukeratuko lukete. Mendebaldeko gobernuen bertso ofizialak behin eta berriz auzitan jarri, eta Ekialde Hurbilean AEBek eta Israelek izan zuten jarrera gaitzetsi zuen urte luzez. Kazetaritzak erreferentziazko berriemaile bat galdu du. Ostiralean bihotzekoak eman zion Fiski, eta asteburuan hil da, 74 urte zituela, Dublinen.

Ingalaterrako Maidstone hirian jaio zen Fisk, eta Sunday Express-en egin zituen lehen pausoak kazetaritzan, gaztetan. 1972an, ordea, Ipar Irlandara joan zen, The Times-eko berriemaile. IRAren ingurukoen berri eman zuen zenbait urtez. Irlandako herritartasuna hartu zuen geroago.

1976an, The Times-ek Ekialde Hurbilera bidali zuen. Besteak beste, Libanoko gerra, Sobietar Batasunaren inbasioa Afganistanen, Iraken eta Iranen arteko gerra, eta israeldarren Libanoko inbasioa izan zituen hizpide hurrengo urteetan.

1989an, uko egin zion The Times-en lan egiteari, Rupert Murdoch egunkariaren jabearekin izandako liskar bategatik eta bere independentziari eusteagatik. Gero, The Independent egunkarian hasi zen lanean, eta kazeta horrentzat aritu zen beharrean handik aurrerako ibilbide osoan; bitartean, Ekialde Hurbilarekin lotutako makina bat liburu idatzi zituen.

1990eko hamarkadan, Osama Bin Laden Al-Qaedaren sortzailea elkarrizketatu zuen hiru aldiz. Kazetari bakanetakoa izan zen Bin Laden zena elkarrizketatzen. 2001eko irailaren 11ko erasoen ostean, Fiskek Ekialde Hurbileko gatazken inguruan idazten jarraitu zuen; tartean, Afganistan, Irak eta Siriakoak. Irakeko gerraren eta AEBen jarreraren inguruan, elkarrizketa bat egin zionBERRIAk, 2004an.

Kazetaritzaz zuen ikuspegia egiten zuen berezia Fisk, nahiz eta kritikak jaso zituen bere artikulu askorengatik. Hark esandakoa da: «Kazetaritzaren definiziorik onena autoritate guztiak desafiatzen dituena da, bereziki gobernuek eta politikariek gerrara eramaten gaituztenean, eta erabakitzen dutenean batzuk hil egingo direla».

Saritua eta aitortua

Ez ziren gutxi izan kazetariak jaso zituen sariak: zazpi aldiz eman zioten Erresuma Batuko Nazioarteko Kazetari Onenaren saria. eta Amnesty Internationalen Erresuma Batuko saria, bitan.

Iaz, Yung Chang zinemagileak This is not a movie dokumentala egin zuen Fisken kazetari lanaren inguruan. Gatazka armatuetan kazetariek hartu beharreko jarreraz hausnartzen du bertan Fiskek. Ohartarazten du bera ez dela agentzia bat, ez dela makina bat, eta dauzkan sentimenduak helarazi behar dizkiola irakurleari.

Kazetariaren heriotzak erreakzio ugari eragin ditu azkeneko orduetan sare sozialetan. Irlandako Gobernuko presidente Michael Daniel Higgingsek zera esan du: «Haren heriotzarekin, kazetaritzaren munduak Ekialde Hurbilaren inguruko analistarik onenetako bat galdu du». The Independent egunkariak kazetari saritua goraipatu du: «The Independent-en eta kazetaritza independentearen onena izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.