Julen Gabirondo. Herri kirolaria

«Emaitzek laguntzen didate aurrera jarraitzen»

Euskadiko Sega Txapelketa irabazi du Julen Gabirondok, eta aitortu du «ilusioz» dagoela, baina «nekatuta» ere bai. Atseden hartu aurretik, ordea, pentatloian ariko da.

OSKAR MATXIN / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Herenegun jokatu zen Euskadiko Sega Txapelketa Muruetan (Bizkaia), eta laugarrenez jantzi du txapela Julen Gabirondok (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). Ordubetean 1.820 kilo belar moztu zituen. Faboritoa zen, baina hori «plazan» erakutsi behar dela gogorarazi du herri kirolariak.

Nola dauzkazu giharrak?

Nekatu xamar, baina uste baino hobeto sentitzen naiz.

Nolakoa izaten da lehia ondorengo eguna?

Lortzen duzun emaitzaren arabera, asko aldatzen da eguna: irabazten baduzu, ondo sentitzen zara;galtzen baduzu, berriz, dena negatibo ikusten da, eta normalean baino nekatuago zaude. Beti ez dira egun onak izaten. Txapelketan tentsio handia duzu, eta gero, tentsio hori jaitsiz doanean, gorputzak beheraka egiten du.

Zenbat egun behar ditu gorputzak indarberritzeko?

Hiru edo lau egun behar izaten dira guztiz indarberritzeko.

Aurretik hiru txapel irabazi dituzu, eta faborito zinen. Hori ere jakin behar da kudeatzen, ezta?

Bai, faborito hitz bat besterik ez da. Jendeak faborito ikusten zaitu, baina, gero ,haiek ez dakite zu nola zauden, entrenamenduetan nola sentitzen zaren... Hori plazan erakutsi behar da.

Bukaerako uneak izaten dira zailenak: proba bukatu eta ordu laurden pasatu arte ez baita jakiten nor izango den garaile.

Ez dira momentu errazak. Nahiz eta atzo [herenegun], adibidez, aurkariek baino belar gehiago moztu, nahikoa izaten da horrelakoetan baten batek sail batean belar luzeagoa moztea daukazun aldea arriskuan egoteko. Urduritasun handiko momentuak izaten dira.

125 kiloren aldea atera zenion Xabier Zalduari. Errraz eskuratu zenuen garaipena?

Ez, inola ere ez. Xabier Zalduarekin borroka handia eduki nuen. Ez nuen uste halako maila emango zuenik; lan oso ona egin zuen. Uste nuen Jon Otegi eta Mikel Lizartza Zaldua baino hobeto arituko zirela. Ia proba guztian maila bateko tartea ateratzen nien aurkariei, eta azken hogei minutuetan buelta erdi bat egitea lortu nuen, eta azkenerako uste dut bi maila pasatxoko tartea atera niola.

Zaleen berotasuna sentitu zenuen finalean?

Giro ona sumatzen zen. Euskadiko Sega Txapelketa ekitaldirik garrantzitsuena da, eta jendeari gustatzen zaio horrelakoak ikustea.

Laugarrenez irabazi duzu Euskadiko Sega Txapelketa. Bixente Mitxelenak du txapel gehien. Pauso batera zaude.

Bai, ilusioa egiten dit haren pare jartzeak. Hala ere, urte dezente daramatzat lehiatzen, eta pixka bat gorputza nekatzen da, eta gogoa ere joaten hasten da. Emaitzek laguntzen didate aurrera jarraitzen. Sasoia bukatuko dut, eta ikusiko dut zer egin. Honen atzetik sakrifizioa handia dago.

Lehia asko jokatu dituzu udan.

Iragan sasoia bukatu nuenean, segituan hasi nintzen apustua prestatzen [Xabier Zalduaren aurkakoa], eta urtebete daramat gelditu gabe.

Hurrengo ekitaldi garrantzitsua pentatloia duzu. Irailaren 11n izango da bigarren kanporaketa. Aldarte onean ikusten duzu zeure burua?

Nahi baino denbora gutxiago izan dut prestatzeko. Apustua bukatu nuenetik oraintxe bi hilabete pasatu dira, eta horretan aritu naiz lanean. Ez dakit nola egongo naizen. Zaila izango da joan den denboraldiko maila lortzea, baina saiatuko naiz. Horretaz gain, aurkariak ere indartsu ikusten ditut, eta irabaztea zaila izango da.

Eta txapelketak bukatzean, zer?

Pixka bat lasai egon nahi dut; niretzako eta familiarentzako denbora hartzeko. Geroago, edukiko dugu denbora datorren denboraldia antolatzeko.

Herri kiroletan lehiaketak udan izaten dira. Eta, neguan, zer?

Dirua lanean irabazten dut; bai udaran, baita neguan ere. Herri kiroletan dirua irabazi baino gehiago, gastatu egiten dugu. Gastu asko dira: fisioarengana joatea, materiala, tartean kuadrillari bazkari bat ordaindu...Hortik ezin gara bizi. Gustatzen zaidalako egiten dut. Kirol esparruan, neguan gehienbat alor fisikoa zaintzen dut; gimnasioara joaten naiz, mendi bueltak egiten ditut, eta korrika egiten dut.

Hori aldatzeko zer egin beharko litzateke?

Hasteko, sari handiagoak jarri, eta, norbait dirua jartzeko gogoz badago, gustura hartuko genuke.

Iragan sasoira arte gehienbat segan lehiatzen zinen: orain baita pentatloian ere. Zer dela eta?

Sega txapelketarik ez zelako izan, koronabirusa dela medio. Pentatloia prestatzeko erabakia hartu nuen. Segarako fisikoki prestatzen ari nintzen, eta nuen gorputzaldi ona aprobetxatuz, pentatloiko probak lantzen hasi nintzen.

Egun herri kiroletan ezin zarakirol batera mugatu?

Nahi baduzu bai. Nire kasuan, txapelketak ez zeudenez, pentatloira joan nintzen. Niri gustatu zait pentatloia, baina beste batzuei, ordea, ez zaie gustatzen, besteak beste, harriak errespetu handia ematen duelako, eta min hartzeko arriskua handia delako.

Herri kirolen etorkizuna modalitate bat baino gehiagotan aritzea dela uste duzu?

Pentatloia orain modan dago, jendeari gustatzen zaio, bai ikusteko eta bai jokatzeko polita delako. Ez duzu izan behar kirol batean hoberena, baizik eta konpletoena denetan. Hasteko bide polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.