Eneko Rubio. Sestaoko jokalaria

«Ausart jokatu behar dugu, eta guregan konfiantza izan»

Sestaok Athleticen aurka jokatuko du etzi, Espainiako Kopako bigarren kanporaketan. Eneko Rubio kapitainak uste du lehia «gogoangarria» izango dela klubarentzat eta zaleentzat.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako lehen kanporaketan balentria egin zuen Sestaok, Bigarren Mailako Lugo kanpoan utzita. Ibon Etxebarrietak zuzentzen duen taldeak ondo merezitako Gabonetako oparia jaso zuen gero: Athleticen aurka jokatzea bigarren kanporaketan. Bizkaitarren arteko derbia izanik, larunbatekoa jarraitzaileek zein jokalariek luzaroan ahaztuko ez duten eguna izango dela esan du Eneko Rubio (Barakaldo, Bizkaia, 1987) Sestaoko kapitainak.

Larunbata iristeko gogoz egongo zarete, ezta?

Noski. Iazko denboraldian Koparako sailkatzea lortu genuen, eta horren saria da hau. Ilusioa genuen lehiaketa honetan parte hartzeko. Lehen kanporaketan, Lugoren aurka, gauzak ondo atera zitzaizkigun. Talde gisa indartsu jokatu genuen, eta, alde horretatik, harro egoteko moduan gaude.

Eta, orain, Athleticen aurka jokatu behar duzue. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea sari bat da guretzat, baina Athleticen aurka egitea, sari nagusia da. Oso berezia izango da haien aurka jokatzea; are gehiago, etxean.

Aurkaria Athletic izango zela jakitean, zer pentsatu zenuten?

Taldekideen artean apustua egin genuen, eta gehienok Athletic jarri genuen aurkari gisa. Oso pozik jarri ginen berria jakin genuenean, taldeko jokalaririk gehienak bizkaitarrak eta Athleticeko harrobitik igarotakoak baikara. Bestalde, bost gipuzkoar ditugu, eta nahi edo ez, badakit haientzat ere oso berezia izango dela.

Taldean asko hitz egin duzue partidaz?

Eguna gerturatuz joan den heinean, gero eta gehiago. Ezohiko egoera baten aurrean gaude.

Kopako partidaz gain, herrian ez da izango beste hizpiderik, ezta?

Egia da partidari buruz asko hitz egiten dela. Herritarren artean ere gogo berezia dagoela nabartzen da. Kalean ohi baino gehiago gelditzen zaituzte, eta hedabideetan ere besteetan baino presentzia handiagoa izaten ari gara azken asteotan. Taldekideon artean urduritasun apur bat badagoela nabaritzen dugu.

Urduritasunarekin batera, ilusioa ere izango da lehiaren inguruan?

Noski. Batez ere, zaleentzat izango da berezia. Iragan sasoian, igoerako kanporaketan kolpe latza hartu genuen [Marino de Luancok luzapenean kanporatu zuen lehia erabakigarrian], bai guk, baita zaleek ere. Horregatik, eskerrak emateko, jarraitzaileek Las Llanasen horrelako partida bat izatea merezi dute.

Eta zelaian nola bizi izango duzue partida?

Giro aldetik, nik uste dut beste partidetan bezalakoa izango dela; izan ere, jarraitzaileek etxeko partida guztietan une oro gu animatzen egoten dira. Ikaragarrizko giroa egoten da, eta plazera da Las Llanasen jokatzea. Partidari dagokionez, ordea, Athletic ez da nolanahiko aurkaria. Egoera ezberdin bat bizi izango dugu, eta,burua galdu gabe, egokitzen jakin beharko dugu.

Las Llanasen nola jasoko duzue Athletic?

Beste edozein talde bezala. Gure burua ez dugu gutxietsi behar. Guk gurea oso ondo egiten badugu, gauzak zail jarriko dizkiogu Athletici.

Athleticeko zein jokalariren aurka jokatzeak egiten dizu ilusio handien?

Athleticeko harrobian ibili nintzen, eta, 1987ko belaunaldikoa naizenez, Beñatekin [Etxebarria], Iago Herrerinekin, eta Markel Susaetarekin ibilitakoa naiz. Beñatekin, bereziki, harremana dut. Beraz, haren aurka jokatzea berezia izango da niretzat. Athleticek kalitate handiko jokalariak ditu lerro guztietan.

Eta, zure ustez, zein da zuri-gorrien jokalaririk arriskutsuena?

Jokalari guztiak dira arriskutsuak.Zerbaitegatik daudeAthleticen jokatzen. Abiadura handiko jokalari asko dituzte, eta,teknika aldetik, trebeakdira. Beraz, oro har, jokaldi guztiekin kontu handiz ibili beharko dugu.

Neurketari begira, zer moduz ari zarete prestatzen?

Egia esan, partidari begira aste honetan jarri gara, aurreko asteburuan Ligako neurketa izan genuelako Lagun Onaken aurka. Kopari garrantzi berezi bat ematen diogun arren, ligan egiten ari garena aintzakotzat hartu behar dugu. Orain arte, erregularrak ari gara izaten, eta emaitza onak lortzen ari gara.

Jokatzeko moduari dagokionez, Lehen Mailako talde baten aurka lehiatzea ezberdina da. Zertan egongo da aldea?

Lehen Mailako taldeek baloia oso azkar mugitzen dute alde batetik bestera, eta trantsizioetan zein kontraerasoetan azkar ateratzen dira. Bi arlo horietan min handia egin diezagukete.

Irabazteko aukerak edukitzeko,zer egin behar duzue?

Erasoan zein defentsan batuta jokatu, eta elkarri lagundu jokaldi guztietan. Ezin ditugu huts asko egin, garesti ordain baitezakegu. Beldurrik ez dugu izan behar, eta gure buruarengan konfiantza erakutsi behar dugu. Aurkariaren aurrean ausartak izan behar dugu, azken batean.

Lugoren aurka erakutsi zenuten zertarako gai izan zaitezketen. Hori da bidea?

Sestao talde xumea da, eta erronka handia dugu aurrean. Aukera hori ez da egunero suertatzen. Lugoren aurka ongi sentitu ginen, gu baino bi maila gorago jokatzen duela jakinda. Egin genuena hortxe dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.