Luis Rioja. Alaveseko jokalaria

«Tabernari esperientziak asko lagundu dit futbolean»

Ahul hasi zuen sasoia Alavesek, baina Rioja hasieratik dabil indar betean. Camp Noun puntu bat eman zion taldeari, eta Levanteren kontra erabakigarri izan nahi du berriro.

TONI ALBIR / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Esfortzuaren kultura hezur muineraino du sartua Luis Riojak (Las Cabezas de San Juan, Espainia, 1993). Duela hiru urte iritsi zen Alavesera, eta, izerdiaren bidetik,erabat finkatu da Mendizorrotzako ezker hegalean. Tabernari izan zen eliteko futbolari bihurtu baino lehen, eta «oroitzapen ederrak» ditu garai haietaz; baita umezaroan herriko kiroldegian igarotako ordu amaiezinez ere. «Nire garapenean garrantzi handiena izan duten gauzetako bat da kaleko futbola».

Zer sentitzen da Camp Noun gola sartzen duzunean?

Poz handia, batez ere oso aurkari gogorraren kontra puntu bat lortzeko balio badu. Gainera, jokaldi eder baten ostean iritsi zen. Baloia lapurtu, eta oso ongi mugitu genuen, eta, gero, ginga jarri genuen Joseluk eta biok. Iaz beste bi gol sartu nizkion Bartzelonari, baina ez dut uste neurria hartua diodanik. Kasualitatea da.

Aste bakarrean goitik behera aldatu da taldearen egoera, Cadiz eta Elxi irabazi eta Bartzelonaren aurka berdinduta. Halako gauzak ditu futbolak, ezta?

Oso ongi ari ginen lanean, baina xehetasunen kaltea handiegia zen. Atzean sendotasuna falta zitzaigun. Ezaugarri hori funtsezkoa da Alavesentzat, eta, arazo hori konpondu ahala, berpiztu egin gara. Aurrean jende orekatzailea dugu, eta partidak aurrera atera eta puntuak lortzeko balio izan digute golek.

Hiru puntu eskas lortu zenituzten lehen zortzi partidetan. Nola eusten zaio konfiantzari halako egoera batean?

Izorratuta geunden, ezin daiteke ukatu, baina gure gaitasunetan sinesten jarraitu genuen. Fede eta pazientzia kontua izan da. Bagenekien noizbait egoera irauliko genuela; eta, orain, suspertuta, erritmoari eutsi behar diogu. Batasunean dago Alavesen indarra, eta, bide honetatik jarraituz gero, mailari eutsiko diogu. Azken bi denboraldietan asko sufritu dugu, eta, orain, helburua lehenago lortzen saiatuko gara.

Ataka estuan izan zen entrenatzailea, Javi Calleja. Krisia nola bizi izan du berak?

Ez da aztoratu. Beti du jarrera baikorra, emaitzak onak ala txarrak izan. Langile amorratua da, eta sekulako ahalegina egin du bolada txarra apurtu genezan. Niretzat, entrenatzailerik egokiena da talde hau zuzentzeko. Iaz, hari esker berreskuratu genuen sendotasuna eta konfiantza. Itsuki sinesten dugu harengan, eta batasun hori emaitzetan islatzen hasi da pixkanaka. Gaur beste urrats bat egin genezake, bolada txarrean den aurkari baten kontra. Dena den, tentuz ibili behar dugu, Levantek erasoko joko oso indartsua baitu. Engainagarria da sailkapenean duen postua [azken-aurrena da].

Alavesi asko kosta zaio martxa hartzea; zu, ordea, ongi ibili zara hasieratik.

Gauza ezberdinak egiten saiatzeko konfiantza daukat orain. Denboraldi hasiera ona ari naiz osatzen, eta horretan zerikusia du talde barruan dagoen lehiak. Asko estutzen dute gutxiago jokatzen dutenek, eta lehiakortasun horrek denoi egiten digu mesede.

Elitean eskarmentu txikia zuten jokalariak iritsi ziren udan, eta egokitzea zaila ari zaie egiten. Zu ere egoera berean egon zinen duela hiru urte, ezta?

Bai, komeriak izan nituen lehen denboraldi hartan. Prozesu bat da, eta goreneko maila ezin daiteke lehen egunetik exijitu. Jokalariok denbora behar dugu eliteko futbolera egokitzeko. Horren harira, uste dut hasiberriak hazten ari direla, eta gero eta hobeto dabiltzala.

Zuk aurrerapauso nabarmena eman zenuen aurreko sasoian, taldeko ikurretako bat bihurtzeraino. Zein da zure sekretua?

Sekretu bakarra egunez egun gogor lan egitea da. Izan ere, partidetan egiten dena eguneroko lanaren isla da. Esfortzua nire balio nagusietako bat izan da beti. Ez zait sekula falta izan. Ordea, Alavesera iristean, kosta egin zitzaidan Lehen Mailako jokalaria nintzela sinestea. Muga psikologiko batekin egin nuen topo. Ez nintzen gai sentitzen erabakigarria izateko. Asko jokatu nuen, eta uste dut asko lagundu niola taldeari alor fisiko eta taktikoan, baina erasoan ez nuen distirarik. Ordea, konfiantza lortu eta jaso ahala, hazi egin naiz. Eta, orain, gozatzen jarraitu nahi dut.

Arrakastak zapore hobea omen du jatorri umila duzunean: futbola tabernari lanarekin uztartu behar izan zenuen zure ibilbidearen hasieran.

Oso ongi dakit nondik natorren, eta, horregatik, balio handia ematen diot gaur egun dudanari. Zelaira ateratzen naizenean, mundua jaten saiatzen naiz. Izerditzea da jokalari bati eska dakiokeen gutxienekoa, eta nik jo eta su jarduten dut beti, pribilegio handia baita talde honetan eta zale hauentzat lan egitea.

Zer oroitzapen duzu zerbitzari izan zineneko garaiaz?

Oroitzapen ederrak ditut, egia esan. Lan gustagarria zen niretzat, tabernan oso giro polita izaten baitzen. Futbolzale ugari biltzen zen; ni lehena. Partida guztiak ikustea gustatzen zait, eta telebistan beti izaten genuen futbola jarrita. Oso goiz jaikitzen nintzen, lau eta erdiak aldera, goizeko lehen kafeak jartzeko. Oso gustura aritu nintzen, eta, gozamenaz gainera, uste dut garai haiek pertsona hobea egin nautela, eta asko lagundu didatela futbolean.

Eta, hara non, tabernako telebistan ikusten zenituen jokalarietako zenbaitekin jokatzen duzu gaur egun.

Hala da! Askok jokatzen jarraitzen dute, futbolarion ibilbidea gero eta luzeagoa baita, zorionez. Batzuk taldekide ditut, eta beste batzuk, aurkari. Ederra da.

Aurkarien artean dago Joaquin, zure umetako idoloa.

Sevillarra naiz, eta estimu handia izan diet beti etxeko taldeei. Txikia nintzen Joaquin Lehen Mailan jokatzen hasi zenean, eta oraindik egurrean jarraitzen du, 40 urterekin. Sekulakoa da. Errege egunez jokatu nuen lehen aldiz haren aurka, eta sinatutako kamiseta bat oparitu zidan. Altxor bat bezala dut gordea.

Oso lotua zaude zure herriari, Las Cabezas de San Juani. Orain, Alaveseko zale ugari izango da han, ala?

Oso harro nago nire sorterriaz. Ikaragarri gustatzen zait. Eta bai, taberna gehienek Alavesen partida guztiak jartzen dituzte. Jendeak oso gertutik jarraitzen nau. Etxekoen artean, anaia da nire jarraitzailerik sutsuena. Sekulako ilusioa egiten dio ni Lehen Mailako jokalaria izateak. Aitak partida batzuk ere ikusten ditu, baina telebista itzali egin behar izaten du, oso urduri jartzen baita. Bestela, oso harro daude denak.

Herriko kiroldegian bihurtu zinen futbolari. Kaleko futbolak esanahi handia du zuretzat.

Nire garapenean garrantzi handiena izan duten gauzetako bat da. Gaur egun, oso kiroldegi edo zelai gutxi ikusten duzu umez beteta. Nahiago dute sakelakoarekin edo bideo jokoetan aritu. Umea nintzenean, ordea, korrika irteten ginen eskolatik, bestela pista kentzen zizutelako. Zazpi edo zortzi talde izaten ziren, eta txandaka jokatzen genuen, afalordua iritsi arte. Hori izan zen umezaroan izan nuen onena. Txorakeria dirudi, baina kaleko futbolean gauza asko ikasten da, gero gorenean baliagarria dena: sormena, gauza ezberdinak egiteko ausardia... Hori gabe, futbola oso kirol analitikoa bihurtzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.