Iñaki Bea. Eibarreko bigarren entrenatzailea

«Valladoliden gozatu dut gehien»

Valladoliden ariko da gaur Eibar, eta Beak aitortu du berarentzat hiri hori«etxe txikia» dela, han aritu baitzen 2006tik 2009ra, Mendilibarren aginduetara. «Hiru urte on izan ziren».

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Arrasate</i>
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Asteko entrenamendu batean jokalari lanak egin eta izerdia gogotik bota ondoren, Atxabalpeko harmailan lasai ederrean eseri da Iñaki Bea (Amurrio, Araba, 1978). Euskaraz erantzun die BERRIAren galderei, tarteka gaztelera ere erabiliz.

Etxera itzultzea bezalakoa da zuretzat Valladolidera joatea?

Bai. Etxea ez dut esango, baina etxe txikia bai. Hiru denboraldi on igaro nituen han, eta Lehen Mailan debutatzeko aukera izan nuen, gainera.

2006ko udan iritsi zinen, eta egoera ez zen batere gozoa, taldearen emaitzak ez baitziren onak azkeneko boladan, Bigarren Mailan. Zer aurkitu zenuen?

Garai zaila zen; Bigarren Mailan hiru denboraldi zeramatzan taldeak, igo nahian, sekulako taldeak osatuz, baina ezin zuen helburua lortu. Gainera, diruz ere larri zebilen. Jendea nazkatuta, haserre eta triste zegoen.

Uda hartan, beste molde bateko jokalariak fitxatzen hasi zenValladolid, ez hain izen handikoak.

Hori da. Gu ez ginen hain ezagunak. Alvaro Rubio Albacetetik fitxatu zuten; ni, Lorcatik; Sisi, Herculesetik; Alberto Lopez, Realetik... Egitasmo berri baten hasiera zen, eta asmoa zuten talde on bat eratzen hastea, luzera begira. Mendilibar ere han zen, entrenatzaile.

Ondo hasi bai, baina gain behera hasi zen taldea segituan.

Lehen bi partidak irabazi genituen, eta jendea hasi zen esaten ondo hasi bai baina joango ginela behera. Izan ere, aurreko denboraldian, abenduan bigarren zen taldea, baina hamargarrenetik behera bukatu zuen gero. Gu ere beherantz hasi ginen, irabazi ezinda bolada luzean.

Mendilibar ez zuten bidali, baina.

Ez. Jokalari gisa, ez dakit nolako harremana zuen zuzendaritzarekin. Banekien taldeak bazekiela gorantz joango ginela, entrenamenduak oso onak zirelako, eta, galdu arren, ondo jokatzen ari ginen. Halako batean, Elxi irabazi genion, eta 29 partidatan segidan ez genuen galdu.

Baita Lehen Mailara azkar asko igo ere, ezta?

Bai, zortzi partida falta zirela, apirilean, Tenerifen. Urte ona izan zen, jendeak ez zuen espero, baina taldeak gauza asko adierazten zituen jokatzeko moduarekin. Presioa ondo eraman genuen, eta azarotik dena ondo atera zitzaigun.

Bolada txarrean, taldeko beteranoek indar handia egingo zuten ez zintezten erori, ezta?

Bai. Oso onak ziren. Alberto Marcos zegoen, Victor, Oscar Sanchez, Javi Baraja eta Garcia Calvo ziren agintzen zutenak. Jokatzen ez zuten jokalarien jarrera oso ona izan zen, eta taldean oso giro ona zegoen. Hiru urte onak izan ziren niretzat. Igoeraz gain, Lehen Mailan mailari eustea lortu genuen bi denboralditan. Valladoliden gozatu dut gehien nik futbolean. Nola pentsatuko nuen, bada, nik Amurrion eta Gasteizko Aurreran ari nintzela egunen batean Lehen Mailan jokatuko nuela? Neure buruari esaten nion: «hi haizen aldrebesarekin, nola iritsiko haiz?».

Mendilibar eta zu denboraldi berean joan zineten Valladolidera. Berak deitu zizun joateko?

Nik deitu nion berari etor zedin [barrezka]. Sinatzera joan nintzenean bulegora, han zen Mendi, hura ere sinatzen. Bi hilabete lehenagotik neukan itxita tratua, Lorcarekin igoera jokatzen ari nintzela. Klubak esan zion Mendiri Alvaro Rubio eta ni fitxatuak gintuztela, eta ondo ikusi zuen.

Aurreneko entrenamenduetan beldurtu egin zinen Mendilibarren jenio biziarekin?

Hasieran harridura eragin zidan. Ezagutzen nuen telebistatik, eta ikusten nuen nola ibiltzen zen partidetan. Gogorra eta zorrotza da entrenamenduetan, baina gero gizatasun handia dauka, jatorra da. Badira entrenatzaileak jokalariez fidatzen ez direnak, baina Mendi ez da horrelakoa.

Taldean ere antzeko eragina izan zuen Mendilibarren izaera biziak?

Azkarra da, eta badaki zein izaten diren taldean agintea duten jokalariak. Valladoliden haien atzetik ibiltzen zen, entzun egiten zien. Baina, hori bai, gero denok berdinak giren, eta igoera lortu genuen partidan, adibidez, Marcos beteranoa aulkian utzi zuen. Taldeko buruetako bat zen, besteontzat aita baten modukoa, eta beti jartzen zuen taldea bere aurretik. Inoiz izan dudan kapitainik onena izan da.

Bizitzeko leku ona da Valladolid?

Oso ona, baina oso hotza klima aldetik. Kluba familia bat zen, zaleak gurekin zeuden, ikusten baikintuzten dena ematen: Joseba Llorente lasterka eta abar.

Joaten zara hara?

Bai, baina oso nostalgikoa naiz, eta ez naiz asko joaten.

Talde hartakoak elkartzen zarete?

Asko ez, baina harremanetan gaude Alberto, Borja, Rubio... Borjak han jokatzen du orain ere, Eibarreko jokalari ohiak.

Zuen garaian bezala, orain ere ondo dabil taldea?

Bai. Uste genuen asko sufrituko zutela, baina dinamika onean daude, eta jokalariek sinetsi egiten dute entrenatzailearengan. Oso ausart jokatzen dute. Baina hau luzea da, eta gu bezala, larri ibiltzeko hautagaiak dira, beste zortzi bat talderekin batera. Gauzak okertzen zaizkionean, ea nola moldatzen den. Guk, hemen, lau denboralditan ez dugu krisi luzerik izan; Athletic bezala hamar partida galdu gabe, adibidez.

Zer moduz dago Eibar?

Liga zoratuta dago, eta beldurra daukagu 35 puntu ez direla nahikoa izango. Gutxienez, 40 beharko dira. Begira zer talde dauden behean orain.

Nolako partida izango da gaurkoa?

Gu oso ondo gaude. Valladolid ondo ari da jokatzen, eta zaila izango da. Gu, gurea eginda, irabaztetik gertu izango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.