Maddi Bengoetxea. Zubileta Evolution Zuazoko jokalaria

«Taldean leku bat egin dut, eta konfiantza handiagoa daukat»

Bi hilabeteko etenaldiaren ostean, Zuazok urteko lehen partida jokatuko du Malagaren aurka. Espainiarrak dira faborito, baina Bengoetxeak argi esan du: «Ezustekoa eman nahi dugu».

ALFREDO GARCIA.
Mikel O. Iribar.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
2021. urtea zapore gozoarekin hasi nahi du Zubileta Evolution Zuazok. Bada, gaur jokatuko du Espainiako Ohorezko Mailako bigarren itzuliko lehen partida, Lasesarren (20:15). Bizkaitarrek,ordea, ez dute arerio samurra izango aurrean: Malaga. Zuhurtziaz baina garaipen gosez mintzatu da Maddi Bengoetxea (Errenteria, Gipuzkoa, 1999), etorkizun oparoa duen Zuazoko jokalaria.

Gaurko eguna iristeko gogoz zeundeten?

Partida jokatzeko irrikan gaude. Egia esan, azken bi hilabete hauetan ez dugu ligako partidarik izan, eta gogo handia dugu lehiaketari berrekiteko, baita bigarren itzuliari hasiera ona emateko ere.

Azaroaren 16an jokatu zenuten ligako azken partida. Etenaldia zertarako baliatu duzue?

Lehen itzulia ez genuen sentsazio onekin amaitu. Beraz, etenaldi honetan partidetan egin ditugun akatsak hobetzen ahalegindu gara; batez ere, defentsa arloa sendotzen eta indartzen saiatu gara, aurkariek jaurtitzean zailtasunak izan ditzaten. Entrenamendu saioetan lan ona egin dugula uste dut. Borrokarako prest gaude.

Malaga izango duzue aurrean. Sailkapenean, bigarren doaz. Ez da nolanahiko aurkaria.

Espainiako Kopako txapeldunak izateaz gain, lehen itzulia oso ona egin dute. Badakigu sasoi onean daudela. Dena dela, gogotsu egingo diogu aurre, eta partida polita izango dela uste dut. Argi eta garbi, irabaztera goaz.

Buruz buruko jokaldietan jokalari oso onak dituzte.

Erasoan zein defentsan kalitate handia dute. Merche Castellanos atezaina, esaterako, denboraldi ikaragarria egiten ari da. Silvia Arderiusek, bestalde, jokoa oso ondo interpretatzen du, baita baloia ongi mugitu ere. Ez da harritzekoa Malaga lehen postuetan borrokatzen ikustea.

Garai egokian iritsi zaizue halako talde indartsu baten aurka jokatzea?

Lehen itzuli hain ona ez egiteakasko eragiten dizu, eta uste dut etenaldi hau ongi etorri zaigula buruari atseden bat emateko. Beraz, Malagaren aurka jokatzeko garai onean iritsi gara.

Lehen itzulian 31-18 galdu zenuten. Oraingoan, hortzak ongi zorroztuta eduki beharko dituzue.

Ligako lehen jardunaldi hartan, gauzak ez zitzaizkigun batere ondo atera. Golak sartzeko ez ginen fin ibili, ezta defentsan ere. Hortaz, partida hartako emaitza iraultzeko eta sentsazio onak berreskuratzeko gogoz gaude.

Nolako partida izango dela espero duzu?

Malagan jokatu genuen neurketa baino lehiatuagoa izango dela aurreikusten dut. Haiek bezalaxe, partida irabazteko aukerak ditugu, eta ezustekoa eman nahi dugu. Izan ere, jendeak uste du Malagak erraz irabaziko digula partida; guk, ordea, guztiz aurkakoa pentsatzen dugu. Daukagun guztia emango dugu.

Partida irabazteko gakoa non egongo da?

Defentsan sendotasuna eta erasoan zehaztasuna izaten baditugu, garaipena lor dezakegu. Bi gako horiek oso garrantzitsuak izango dira.

Ligako lehen itzulia amaituta, bosgarren postuan zaudete sailkapenean, hiru garaipen eta lau porrot jasota. Espero zenuten horrela egotea?

Lehen itzulia ez genuen postu horretan amaitu nahi. Egoera horri buelta eman nahi diogu bigarren itzulian. Ea gaurtik puntuak pilatzen hasten garen eta sailkapeneko beheko postuei begiratu beharrean goikoei begiratzen diegun. Datorren taldea datorrela, gogor aurre egingo diogu.

Lehen lauren artean geratu eta onenen artean egon zaitezketela uste duzu?

Hori da helburua, titulurako kanporaketa jokatu ahal izateko. Horregatik, lehen itzulian lortu ez genituen puntuak ezinbestean eskuratu beharko ditugu.

20 urte izan arren, azken hiru denboraldi hauetan salto handia eman duzu. Zuretzat nola doa sasoia?

Momentuz, sentsazio onak eduki ditut. Zuazon hirugarren sasoia dut, eta hasieran baino konfiantza handiagoa daukat. Nabaritzen dut taldean leku garrantzitsu bat egin dudala. Halere,neure buruari asko exijitzen diot; ea entrenamenduetan ematen dudan maila berbera kantxan islatzen dudan.

Aurrera begira, helbururik jarri diozu zeure buruari?

Zuazorekin Kopa irabaztea izugarria izango litzateke. Bestalde, Espainiako selekzioan aritzea gustatuko litzaidake, baina hori ez dut hemendik gutxirako helburutzat hartzen. Gaztea naiz, eta bide luzea dut egiteko oraindik.

Taldeko hamasei jokalarietatik 11 euskal herritarrak zarete. Filosofia hori oinarri hartuta, zuretzat zer-nolako balioa dauka gorengo mailan aritzeak?

Harrobian lan handia egiten ari da Zuazo, eta hori lehen taldean islatzen da. Gainera, ilusio handia egiten dit gorengo mailan eta talde berean hainbeste euskal herritar egoteak. Balio handia ematen diot horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.