Jon Mariezkurrena. Baikoko pilotaria

«Ederra da partida osoan gozatzea; zorte hori izan nuen»

San Fermin torneoa irabazi du Mariezkurrenak, eta, horrez gain, pilotari onenaren saria jaso du. Nafarrak aitortu du «une onean» dagoela, eta gogotsu ekingo dio binakako Caixabank Mastersari.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Jon Mariezkurrenak (Berriozar, Nafarroa, 1999) gozotik aletu du osteguneko finala. Baikoko atzelariak estreinakoz irabazi du binakako San Fermin torneoa, Iñaki Artola lagun hartuta. Pilotari nafarrak dio esanahi bereziko garaipena izan dela.

San Fermin torneoa eskuratzeak biharamun gozoa utzi al dizu?

Ikaragarria izan zen. Ez nuen espero irabazterik, eta are gutxiago era horretara: bikote horren kontra, eta hain ongi jokatuta. Oso pozik nago, baita Iñakirekin irabazteagatik ere. Merezi du.

Udako txapelketen artean garrantzitsuenen artean dago. Zer balio eman diozu?

Uste dut San Fermin torneoa denontzat dela handia. Udako feriarik garrantzitsuena da, eta niretzat are gehiago. Bertakoa izanda, jende pila zegoen harmailetan: lagunak, senideak...Sanferminetan irabaztea ikaragarria izan zen.

Azken tantoa egindakoan heldu al zen gozamena?

Egia da hasieratik bukaerara gozatu nuela, eta pilotari batentzat handia da hori. Kantxan, partida osoan gozatzea ederra da; zorte hori izan nuen. Azken tantoa amaitu zenean, pisua kendu nuen gainetik. Ederra izan zen.

Itxuraz, eroso aritu zinen kantxan. Hala izan al zen?

Hasieran, pilotek distira handiagoa zuten, eta huts batzuk egin nituen. Halere, ondo sentitzen nintzen; gero, askoz gehiago gozatu nuen, batez ere hamabigarren tantotik aurrera, eta, Iñakirekin batera, jokoa askoz gehiago kargatu nuen atzera. Eroso-eroso ez nintzen aritu, bero harekin ezinezkoa zelako, baina ia partida osoan agindu genuen, eta horrela errazagoa da.

Pilotari onenaren saria ere eman zizuten. Horrek are gehiago poztu al zintuen?

Bai. Ikusita zein pilotari aritu ziren finalean, sari hori finala irabaztea baino garrantzitsuagoa da ia-ia. Oraindik oso gaztea naiz, baina saritxo horiek asko eskertzen ditut. Ea horrela segitzen dudan, eta gehiago eskuratzen ditudan.

Lehen beroa izan duzu hizpide. Hainbesterainokoa izan al zen?

Bai. Aurreko egunetan sumatua nuen beroa, baina, uf, finalekoa ikaragarria izan zen. Takoak jartzerako izerditan nengoen, eta lehen tantorako blai nuen kamiseta. Hankak ere pisutsu nituen. Nabaritu zen, baina laurontzat berdina izan zen. Laurok sufritu genuen, eta final polita izan zen.

Lehen zati orekatu baten ondotik, aldea handitu zenuten partidak aurrera egin ahala. Zein izan zen gakoa?

Gauzak argi eduki genituen: Altuna pasatu behar genuen. Hasieran, beren tranpan erori ginen batzuetan, baina, halere, gure hutsengatik aurreratu ziren. Gero, gehiago jotzen hasi ginen, eta Beñati [Rezustari] kargatu genion jokoa. Karga hori sumatu zuen, pilota gutxiago gozatu zuen, eta hori izan zen gakoa.

Rezusta zamatzea eta Jokin Altuna bakartzea izan al zen zuen estrategia?

Bai. Iñaki oso jotzailea da, eta ni ere bai. Uste genuen bi baten kontra jokatuta errazago izango genuela. Bukaeran, gainera, Iñakik ondo aprobetxatuzituen zuloak.

Jotzaileak zarete, eta, gainera, gozatu egin zenuten Labriten. Bereziki asmatu al zenuten?

Lehen partidan bezala, asko gozatu genuen pilota. Horrek asko balio du Labriten: pilota urrun jartzen baduzu, zaila da kentzea. Pilotak ere ez dira oso-oso biziak, eta nik uste horretan asmatu genuela biok. Horregatik irabazi genuen.

Lehen aldiz aritu zinen San Fermin torneoko finalean. Zer iruditu zaizu Labriteko giroa?

Partida guztietan egon da giro ona, baina finalekoa ezberdina izan zen. Aurreko egunetan gauez aritzea egokitu zait, eta giroa ezberdina da. Uste dut arratsaldekoa sanoagoa dela; jendea builaka dago, baina ezberdina izan zen. Aldi oro animatu gintuzten, eta hori guretzat ere ederra da.

Lehiaketa trinkoa da sanferminetakoa. Xarma berezia al du?

Bai. Motza da, baina guztiok irabazi nahi izaten dugu, udan garrantzi handia duelako. Halere, beste torneo batzuen aldean luzexeagoa bada, eta horrek ere garrantzia gehitzen dio. Gauza handia da irabaztea.

Orain, Caixabank Mastersa jokatuko duzu, Joseba Ezkurdia lagun hartuta. Hura ezberdina izango da.

Hala da. Beste ferien aldean luzeagoa da, nahiz eta aurten sei bikote bakarrik aritu. Oso polita da hura ere, eta Josebarekinoso gutxitan jokatu dut. Behin bakarrik uste dut. Gogoa dut harekin jokatzeko. Ea txukun aritzen garen, eta saiatuko gara, gutxienez, finalaurrekoetara ailegatzen.

Bi enpresetako kideak uztartuta bikote mistoak osatuko dituzue. Horrek egiten du berezi?

Bai. Udan gehiago ikusten da hori, eta pilotazalearentzat polita da. Urte osoan bakoitza bere kabuz aritzen da, eta hau ezberdina da. Aurten maila handia egongo da, eta zaila izango da finalera eta finalaurrekoetara ailegatzea. Partida gutxi dira, eta azkena kanpoan geratzen da. Ezin da deskuidatu.

Kirol arloan, zure onenean alzaude?

Nire momenturik onenean nago. Joan den urtean ere ondo nengoen, baina aurten ezberdina da. Heldutasuna eskuratu dut jokatzeko moduan, eta espero dut urtez urte hobetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.