Yoel Rodriguez. Eibarreko jokalaria

«Lider egonda, aurkari guztiak guri irabazteko gogoz daude»

Almeriari haren etxean irabazita, Eibarrek lidergoa lortu du. Denboraldi ugari itzalean eman eta gero, Yoel Rodriguez gustura dago atepean osatzen ari den sasoiarekin eta zaleen babesarekin.

EIBAR.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ez dago atsedenaldirik aste honetan Bigarren Mailan. Lehen Mailako taldeek ez bezalaxe, aste normala izaten ari da Yoel Rodriguez (Vigo, Galizia, 1988) Eibarrekin.Gaur, Huescaren aurka arituko dira gipuzkoarrak (18:15, Movistar). Eibartarrak sailkapenaren buruan dira, Almeriarekin berdinduta. Denboraldi erdian lidergoa eskuratzea «anekdota hutsa» dela badio ere, denboraldi amaierara arte lehen postuari eusteko «motibatuta» dago atezain galiziarra.

Ondo hasi zenuten astea, astelehenean Almeriari irabazita.

Bagenekien partida zaila izango zela, baina seguru haiek ere gauza bera pentsatuko zutela. Neurketa ona atera zitzaigun, izan genituen gol aukerak aprobetxatu genituen, eta atzean sendo ibili ginen. Pozik nago egindakoarekin.

Hiru puntu horiek eskuratuta,Almeriari golen aldea irabazi, eta gainera lider jarri zarete. Ez da sari makala...

Bigarren Mailan oso garrantzitsua da gol ezberdintasun hori irabazita izatea. Bigarren itzuli honetan horrek zeresan handia izango du. Orain sailkapeneko lehen postuan gaude, baina hori ez da azken asteetan lan ona egin dugulako: denboraldi osoan egin dugunaren saria da hau. Pozik gaude hor goian gaudelako; ea luzaroan eutsi ahal diogun

Nola daramazu denboraldi hau?

Pozik nago. Partida dezente daramatzat jarraian jokatzen, eta oso gustura sentitzen naiz. Horrelakoetan, taldea ondo doanean, zaila da jokalariren bat kexatzea. Gure kasuan, gainera, jokalari multzo handi eta on bat gara, eta horrekasko errazten ditu gauzak egunerokoan.

Azken bost denboraldietan bigarren atezain modura aritu zara. Lesio larri bat ere izan duzubelaunean. Nola eraman duzu hori guztia jakinda atezainaren postuan bi aukera besterik ez daudela: jokatzen duzu ala ez duzu jokatzen?

Umetatik prestatzen zaituzte honetarako. Azken finean, horrelakoa da gure postua, baina prest egon behar duzu beti, edozein momentuan zerbait gerta litekeelako eta zure txanda iritsi. Beti izan dut lehia gogorra nire postuan: Asier Riesgo, Marko Dmitrovic, Ander Cantero... Oso onak dira, baina hori da gure postuaren gauza politetako bat: badakizu gogorra dela, baina lan handiagoa egitera bultzatzen zaitu.

Hainbeste denbora itzalean pasatu ostean, zer sentitzen da Ipuruan zure izena abesten dutenean?

Horrek zoriontsu egiten zaitu. Ikaragarria da hainbeste urteren buruan zaleengandik lehen egunean bezain beste maitasun jasotzea. Ni neu ere saiatzen naiz haiekin jatorra izaten. Oso pozik jartzen nau zaleak nire lanarekin kontent daudela jakiteak.

Denboraldi ona egiten ari zarete. Nola ikusten duzu taldea?

Taldea ondo ikusten dut. Ondo ari gara lanean, eta dagoeneko lan horren fruituak jasotzen ari gara. Bigarren Mailara jaitsi ostean, uda mugitua izan zen, aldaketa askokoa. Hasieran kosta egin zitzaigun; hamalau-hamabost jokalari berri ekartzen dituzunean, oso zaila zen taldeak lehen momentutik ondo jokatzea; halere, nahiko emaitza onak lortu genituen. Orain, berriz, ia buruz jokatzen dugu elkarrekin.

Bigarren Mailan oso txapelketa luzea da, eta orain, gainera, goiko postuetan talde asko dago puntu gutxitan. Mentalki ere gogorra izango da edozein partidatan igoera postuetatik atera zaitezkeela jakitea, ezta?

Txapelketa honetan denboraldia oso luzea egiten da. Hor goian talde asko egoteak bere alde onak eta txarrak ditu: txarra da partida bat galduta zure postua galdu dezakezula, eta ona, berriz, lehia estu horrek motibatu egiten zaituela, eta ez zaituela despistatzen uzten. Gaur-gaurkoz, liderrak gara, eta horrek postu hau inoiz ez uzteko motibazioa ematen digu.

Aurkariek ere motibatuta jokatuko dute liderraren kontra, ezta? Gaizka Garitanok, zuei lehenengo sailkatuaren aurka jokatzea tokatu zaizuenean, beti esan izan du hori prentsaurrekoetan.

Bai, hori hala da, baina nahiago dut orain gauden egoeran egotea, liderraren aurka lehiatzeko motibazioa izatea baino [barrez]. Guk gure motibazioa dugu. Liderrak izanda, badakigu talde guztiak guri irabazteko gogoz etorriko direla, baina geureari eusten saiatuko gara.

Gaur, denboraldi honetan mendean hartu zaituzteten lau taldeetako baten aurka arituko zarete: Huesca. Nola ikusten duzu partida?

Partida zaila izango da seguru. Bigarren Mailan irabaztea asko kostatzen da, zer esanik ez bigarren itzulian, denek esfortzu gehigarri bat egiten baitugu. Talde handia da Huesca; aurrean oso ondo jokatzen duten jokalariak dituzte. Adi egon beharko dugu.

Zuekin eta Valladolidekin jaitsi zen iragan denboraldian Bigarren Mailara. Haiei, baina, gauzak ez zaizkie zuei bezain ondo atera. Sailkapenean hamabosgarren daudela ikusita, partida tranpa horietako bat dela uste duzu?

Ez, badakigulako nolako taldea diren, eta erakutsi zutelako lehen jardunaldian guri irabazteko gai izan zirela. Nahi dituzten emaitzak lortu ez arren, oso talde ona dira. Gauzak ez baditugu ondo egiten, oso zaila izango da irabaztea.

Bikain ari zarete Ipuruan. Partida bat baino ez duzue galdu etxean. Ipuruatik pasatzen al da igoera?

Egia da Ipuruan ondo gabiltzala, eta igo nahi badugu horrelaxe jarraitu beharko dugu. Baina kanpoko partidetan ere fin ibiltzea komeni da. Puntu asko behar dira igotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.