Eddy Solozabal. Ondarroako arraunlaria

«Bizitza loteria bat da»

2019an, tumore bat atzeman zioten barrabil batean, eta, osatu eta berehala, alaba hil zitzaien, jaio aurretik, 2020ko udan. Rene Thiare taldekidea ere hil zen 2018an. Bizitzaren tostan da berriro.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Ziortza-Bolibar
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Kanpaiak jo du Ziortza-Bolibarren. Ia ez dabil inor kalean. Baina plaza ez dago inoiz hutsik: han bizi da herriko seme Simon Bolivarren estatua. Han ere bada ospea mereziko lukeen anonimorik. Adibidez, errepidearen beste aldetik azaldu denak. Eddy Solozabal Ondarroako arraunlariari (Ziortza-Bolibar, Bizkaia, 1981) astindu latzak eman dizkio bizitzak azkenaldian.

Noiz hasi zen tumorearena?

Orioko estropadan konturatu nintzen, 2019ko udan, aldagelan: eskuineko barrabila handituta neukan, eta ukituta min ematen zidan. Gero, txikitu egin zitzaidan. Abuztuan berriz handitu zen, eta ez zitzaidan txikitu. Tumore hitza taldekideek ere aipatu zidaten, baina nik erantzuten nien lasai egoteko. Azkenean, ez nuen onartu nahi.

Traineru denboraldia bukatu egin zenuen, baina.

Azkeneko estropada jokatu nuen, Portugaleten, barrabila handi-handi nuela; bigarren egin genuen, 19.16 minutuko denboraz. Gero, medikuarenera joan nintzen, eta orduan esan zidaten tumore bat zela, berehala kendu beharrekoa. Ostiral batean larrialdietara joan, eta hurrengo asteartean ebakuntza egin zidaten, urriaren 15ean.

Tumorea zela esan zizutenean, zer?

Mundua erori zitzaidan. Negar eta negar, gaizki pasatu nuen.

Beldurrik bai gaitza berriz azaltzeko?

Ez, orain ez. Hasieran, bai, lehen azterketa egin arte. Ondo nindoala entzun nuenean lasaitu nintzen. Azkenean, buruak lan handia egiten du. Tumore hitza entzun nuenetik beltz ikusten hasi nintzen, baina esan aurretik ez.

Gaitza sendatu berri, kolpe latza eman zizun bizitzak, ordea.

Ebakuntza baino pare bat egun lehenago jakin genuen bikotekidea haurdun zegoela. Baina alaba ez zen jaio: bost egun lehenago hil zen amaren sabelean. 2020ko ekainaren 25ean izan zen. Arrauna lagatzekotan egon nintzen, baina segitzeko esan zidaten. Gero, lau hilabete bajan egon nintzen: tumorea sendatzea kostatu, eta gero alaba hil. Iaz psikiatrarekin ibili, eta orain ondo nago. Semea jaio zitzaigun iazko udazkenean.

Bizitzak gogor jo zaitu, baina jaiki zara.

Jendeak pentsatzen du erori eta jaiki egin behar dela, baina norberak egin behar du hori. Erraza da esatea kanpotik.

Atzera begiratzen duzu?

Aurrera begiratzen dut, baina ispilutik atzera ere bai, jakiteko zer gertatu zen.

Bi zoritxarreko hor atzean.

Nirea, ba, tira, baina bizitzera datorren pertsona bati hori gertatzea oso gogorra da. 2022an, behintzat, bizitzaren loteria ondo doakigu.

Bizitza loteria bat da?

Bai.

Lehen ere hala uste zenuen?

Ez. Loteria zela saldu egiten zuen jendeak, baina niri tokatu arte ez nintzen jabetu. Egia da.

Nola jokatzen da loteria horretan?

Egunero biziz eta bizitzaz gozatuz. Ez dakigu gure bukaera non dagoen. Pentsatzen dugu urrun dagoela, baina bihar bertan izan daiteke. Egunerokoan bizi behar da, baina egunerokoaz gozatuz. Umearekin jolasten egon naizelako etorri naiz apur bat berandu elkarrizketara, adibidez.

Zoritxarretik zoritxarrera, Rene Thiare taldekidea ere hil zitzaizuen 2018ko abuztuan. Beste kolpe bat.

Gaizki pasatu nuen. Taldekidea nuen, eta tratua geneukan. Hain gazte hiltzea ere... Nirea gogorra izanagatik ere, ni hemen nago, baina hura ez.

Arraunean berriz hasteak asko emango zizun.

Aukera eman izanak gehiago. Azkenean, Eusko Label ligako taldea da Ondarroa. Iaz, pisua hartu nuen, desastre ibili nintzen alde horretatik, eta aurten taldeak aukera ematea handia da niretzat. Gero, udan, entrenatzaileak erabakiko du zein jarri traineruan.

Taldekideen balioak ez du preziorik.

Familia bat gara. Bizitzak eman dizkidan kolpeetan beti hor izan ditut, edozertarako prest. Hori ezin da diruz ordaindu. Arnasa hartzeko aukera eman zidaten, eta, azkenean, norbera lasai badoa etxera arraunetik, etxean dagoenak ere lasai hartzen du arnasa. Arraunean ezagututako jendea bizitza guztirako laguna izaten da. Beste xarma bat dauka. Ez baduzu ezagutu, ez dakizu zer den. Sekta bat garela diote. Izango gara, baina sekta ona, beti onerako.

Taldea traineruan sartzen den hamalaukoa baino gehiago da?

Jakina. Hamalau arraunlarik traineruan arraun egiteko, beste batzuek bestelako lan batzuk egin behar izaten dituzte. Beti laguntzeko prest. Bakoitzak ahal duen guztian lagundu behar du. Adibidez, iaz Ondarroak irabazi zuen bandera liga nagusian, aurrenekoa, eta nik egindako estropu batzuk erabili zituzten. Lantalde bat izan behar da. Hierarkiak daude, baina kanpoan geratzen denak badu lanik. Hurrengo batean alderantziz izango da. Batzuetan, entrenatzaileak berak uzten du bere burua kanpoan, beste batzuei aukera emateko. Oso kontuan hartzekoa da hori.

Kanpoan geratu beharraz ari zarela, baduzu datu bat Kontxako Banderan: ez duzu inoiz egin arraunean bertan.

Ezta sailkatze estropada bakar batean ere. Beti kanpoan.

Arantza al duzu?

Hierarkia onartzen jakin behar da. Nahi dut arraun egin, baina egin ezazu kontu nolako presioa egoten den sailkatze estropadan. Bi segundogatik kanpoan geratu, eta ni barruan izatea, neure buruari botako nion errua. Onartzen dut talde handienak ez garenak hamalauko onenarekin atera behar dugula egun horretan. Entrenatzaileak ez banau aukeratzen, onartu eta isildu, nahiz eta erabakia ez gustatu.

Gazteen eredu zara?

Bagaude hainbat beterano taldean, baina nik zer erakutsiko diet ba gazteei, estropuak egiten ez bada. Tira, gogoa jartzeko, eta isil-isilik aurrera segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.