Pilota. Binakako Txapelketako finala. Aimar Olaizola. Baikoko kirol zuzendaria

«Pilotariak eta enpresa gustura egotea nahi dut»

Aimar Olaizolak hilabete eta erdi darama Baikoko kirol zuzendari lanetan. Enpresak ia bost urte daramatza maila nagusian txapelik irabazi gabe, eta bolada etetea du asmoetako bat. «Lehena irabaztea mugarri izan daiteke», dio. Etzi du lehen aukera.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Inoiz joan bazen, itzuli egin da jada Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1979). «Oso gustura» ibili zen erretiroa hartu ondoren atseden hartzen egin zituen hiru hilabeteetan, baina lan berria du orain dela hilabete eta erditik: Baikoko kirol zuzendaria da. «Oso gustura» dabil.

Azaroaren 13an jokatu zenuen azken partida, eta hiru hilabetera jada Baikoko kirol zuzendari lanetan hasia zinen. Atseden hartzeko denbora izan al duzu?

Bai. Oso ondo aprobetxatu nuen, erabat deskonektatzeko.

Zer egin zenuen?

Familiarekin egon. Urte pila bat egin dut asteburua libre izan gabe. Gehiago joan nintzen ehizara ere. Oso gustura ibili nintzen. Erraz ohitzen zara gauza onetara.

Ez duzu aurreko pilotari bizimoduaren hutsunea sumatu?

Inoiz ere ez. Azkenerako, nekeza egin zitzaidan pilotariaren egunerokoa eramatea; batez ere, buruak sufritzen zuen.

Esana zenuen atseden hartu eta gero, pilotari lotuta jarraitu nahi zenuela, eta ahal izanez gero, Baikon. Bi asmo horiek bete dituzu. Pozik egongo zara, ezta?

Oso. Ardura handiko postua da, baina baita erronka polita ere. Ilusio handiz hartu dut.

Nola egin zizuten eskaintza?

Pilotatik kanpo egon arren, kontaktua nuen enpresarekin, eta, halako batean, bildu egin ginen. Bilera horretan eskaini zidaten kirol zuzendari izatea.

Zein planteamendurekin joan zinen bilera horretara?

Ezta batekin ere. Erabat irekia joan nintzen; ez nekien zer eskainiko zidaten. Baina Joserrak [Garai, Baikoko zuzendari nagusia] oso argi esan zidan zein lan nahi nahi zuen nik egitea. Segituan esan nuen baietz.

Inor ez du ezustean harrapatu zu Baikoko kirol zuzendari lanetan hasteak.

Nik oso argi esan nuen pilotari lotuta jarraitu nahi nuela, eta jarraitzekotan Baikon jarraituko nuela. Ibilbide osoa egin dut Asegarcen lehenbizi, eta Baikon gero, eta nirekin beti oso-oso ondo portatu dira; bigarren familiatzat ditut. Baina ez nekien enpresan segituz gero, zein kargutan ariko nintzateke; hori haiek esan beharko zuten. Kirol zuzendari izatea proposatu zidaten, eta horrek agerian uzten du konfiantza handia dutela nigan. Asko eskertzen diet hori. Espero dut maila ematea.

Lehen azpimarratu duzu: «ardura handiko kargua da».

Kargu guztiek dute ardura, eta, nire iritziz, heldu egin behar zaie halako erronkei. Niri gustatzen zaizkit halako erronkak.

Nolakoa da ohiko aste bat kargu berrian?

Ezberdinak dira guztiak; garaiaren araberakoa da. Kilometro asko egiten ditut autoan, ahal dudan guztietan, entrenamenduetara joatea gustatzen baitzait: gustatzen zait teknikariekin entrenamenduak prestatzea, eta aste barruko eta asteburuko lanak antolatzea. Partida garrantzitsuren bat baldin badago, frontoira ere joan behar dut. Teknikariren bat egon ohi da beti, baina gustatzen zait guztiaren gainean egotea.

Lantaldea lehengo bera da. Lan ona egiten ari direla pentsatzen duzun seinale da hori?

Bai. Azken hiru urteetatik hona oso lan ona egiten ari dira: pilotariek erraztasun guztiak dituzte frontoiko lana eta lan fisikoa egiteko. Nire ustez, pilotak asko hobetu du arlo horietan. Azken urteetako lan onari eutsi nahi diogu, baina baita beste zerbait gehiago egin ere; aldaketaren bat.

Lehen, pilotaria zinen, baina pisu handia zenuen enpresan; adibidez, entrenamenduak gainbegiratzen zenituen. Orain, kirol arduradun nagusia zara. Ikuspuntua aldatu zaizu?

Ez dakit, baina ni orain saiatu behar naiz pilotariak gustura egon daitezen, baina baita enpresa ere. Nik oso argi dut enpresa gustura egongo dela pilotariek emaitza onak lortzen badituzte, eta pilotariek emaitza onak lortuko badituzte, haiek gustura egon behar dutela.

Pilotariekin zenuen harremana aldatu da? Orain, haien nagusia zara.

Bakoitzak jakin behar du zein tokitan dagoen. Baina, niretzat, garrantzitsuena da pilotariak gustura egotea. Kirolaria gustura dagoenean ematen du bere onena.

Erabaki zailak hartu beharko dituzu; adibidez, pilotari bati esatea ez duela segituko. Horretarako prest zaude?

Bai, eta lasai nago. Norbaiti esaten badiogu ez diogula kontratu berrituko, zerbaitengatik izaten da: ez duelako bere maila eman, edo gehiagorako ez duelako ematen. Gazteak ditugu atzetik, bultzaka, debutatzeko eskatuz. Batzuentzat eskaintzen zaiena ez da gustukoa izaten, eta gazteei debutatzeko eskaini, eta sekulako poza hartzen dute. Gaur egun, gainera, jaialdi gutxiago daude, beraz, pilotari gutxiago behar dira. Eta pilotari gazteek debutatzeko, beste batzuek tokia utzi behar dute.

Baikok ia bost urte pasatxo darama maila nagusian txapelik irabazi gabe. Bolada etetea izango da zure helburuetako bat?

Saiatuko gara. Ahalmen eta gaitasun handiko pilotariak ditugu, baina azken bost urteetan ez gara gai izan txapel bat irabazteko; zerbait falta izan zaigu beti. Beste enpresan pilotari ikaragarriak daude, eta azken urteetan nagusi izan dira. Oso zaila da haiei irabaztea. Baina lan ona egiten ari gara, eta ziur naiz denborarekin iritsiko direla emaitzak. Berriro diot: denborarekin; ezin dut agindu urtebetean edo bitan iritsiko direla. Baina sinetsita nago lehen txapela irabaztea mugarri izango dela, pilotariek txipa aldatuko dutela, lasaiago ariko direla, eta gauzak aldatuko direla.

Etzi duzue lehen aukera. Itxaropentsu zaudete?

Bai, dudarik gabe. Unaik eta Anderrek sekulako txapelketa egin dute. Oso ondo ari dira. Irekia dago finala. Hiru partida jokatu dituzte elkarren aurka: Aspekoek lehen biak irabazi zituzten, eta guk azkenekoa, guretzat garrantzitsuena zena; ondo irabazi zuten. Baina partida guztiak ezberdinak dira. Garrantzitsuena da finalean daudela, eta edonork irabaz dezakeela. Ea aste honetan iristen den aspaldiko partez txapela.

Aztertu Lasoren eta Imazen lana.

Ander jokatu duen txapelketarik onena egiten ari da. Unaik asko laguntzen dio, baina bera oso ondo ari da bere lana egiten. Oso erregular aritu da, eta oso pilota gutxi galdu du. Atzelaririk onenen pare ari da hirugarren edo laugarren koadroan pilota hartzen duenean. Unai, berriz, sekulako txapelketa egiten ari da: asko laguntzen dio Anderri, pilota txar asko kentzen baitizkio. Gai da defentsan aritzea, eta kolpe bat emanda erasora pasatzeko. Tantoa amaitzen ere oso ondo ari da. Jauzi handia eman du azken urtebetean. Egun, hura eta Altuna dira aldea gehien egiten dutenak. Unaik eta Anderrek irabazteko aukera dute, baina oso ondo jokatu beharko dute, parean bikote handia izango baitute.

Azkenaldian Laso egiten ari den lan ederra kontuan hartuta, ez al da ulergaitza Baikotik kanpo geratu izana?

Esan beharrekoak esan nituen orduan, eta ez dut uste orain, horretan pentsatzen egon behar dugunik. Unai erakusten ari da pilotari ikaragarria dela, azken urtebetean sekulako jauzia eman duela, eta bere buruarengan konfiantza izugarria duela. Nik orainari erreparatzen diot, eta, egun, oso gustura ikusten dut Unai, beste pilotariekin, enpresarekin eta pilotazaleekin. Kantxan erakusten ari da hori. Horrela jarraitzen badu, horren lan ona egiten jarraitzen badu, ez dakit igande honetan, hilabete barru edo beranduago, baina txapelak irabazten hasiko da. Eta hori oso garrantzitsua da enpresarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.