Mikel Rico. Huescako jokalaria

«Asko gustatzen zait nola jokatzen duen Eibarrek»

Eibarrek Mikel Ricoren Huescaren aurka jokatuko du gaur, 14:00etan. Erabakigarria ez bada ere, partidak «garrantzi handia» duela aitortu du erdilari bizkaitarrak.

HUESCA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Asteazkenean 36 urte bete bazituen ere, futbolean jokatzeko sasoi bikainean da Mikel Rico (Basauri, Bizkaia, 1984). Jose Luis Mendilibarren Eibarren aurka arituko da gaur. Gipuzkoako taldea aurkari oso gogorra dela uste badu ere, hiru puntuak eskuratu eta taldea «biziberritzeko aukera paregabea» dela uste du Ricok.

Koronabirusarekin etxean bakartuta egon zara bi aste luzez. Zer moduz pasatu duzu berrogeialdia?

Oso ondo. Asintomatikoa izan naiz, eta ez dut arazorik izan. Ez balidate esan PCR proban positibo eman nuela, ez nintzen jabetu ere egingo.

Gogorra egin zaizu jokatu gabe egotea?

Bai, gogorra egin zait. Nire andreak eta semeak negatibo eman zuten, eta ni logela batean itxita egon nintzen. Zu ondo zaudela ikusi eta taldeari ezin laguntzea oso arraroa da.

Asteazkenean bueltatu zinen entrenamenduetara. Nola sentitu zara itzultzean?

Lehenengo egunetik bidalitako ariketa guztiak egin ditut, eta, horri esker, oso gustura sentitu nintzen asteazkeneko entrenamenduan. Bertan hartutako datuei erreparatuz gero, entrenamendu normal batean ateratako datu fisikoen antzekoak atera nituen. Jokatzeko prest nago.

Taldeak ez du ondo hasi sasoia. Partida askotan ondo jokatu arren, oraindik ez duzue irabazterik lortu. Igo berriaren esperientzia falta horren eragina dela uste duzu?

Ez dut uste hori denik arazoa. Aurreko sasoiaren hasieran ere asko kostatu zitzaigun golak sartzea. Oso gol gutxi sartzen zizkiguten, baina guk ere oso gutxi egiten genituen. Oraingoanere gauza bera pasatzen ari zaigula uste dut. Real Madrilen eta Realaren aurkako partidak alde batera utzita, ez digute kasik golik sartu. Baina ezgara asmatzen ari aurkarien ate aurrean. Hor dago arazoa.

Eibarren aurka jokatuko duzue gaur. Nolako partida izatea espero duzu?

Eibarren kontrako ohiko partida bat, gogorra eta lan asko egin beharrekoa. Taktikoki oso talde ona da, baloi asko sartzen ditu aurkariaren arean, eta hortik aurrera hazi egiten da. Asko gustatzen zait nola jokatzen duen Eibarrek. Mendilibarren zigilua du, eta badakite zertara jokatzen duten.

Zein izango da partida irabazteko gakoa?

Aurkariaren zelaian jokatzea. Eibar aurkariaren zelaian denbora gehien pasatzen duen taldea dela uste dut. Arean jende asko sartzen dute, eta, erdiraketen bidez, kontrarioa bere zelaian giltzapetzen dute. Haien zelaian jokatzen ahaleginduko gara.

Liga hasi besterik egin ez bada ere, partida erabakigarria izan al daiteke gaurkoa?

Izan daiteke. Azken finean, partida guztiak dira garrantzitsuak. Baina guretzat oso pozgarria izango litzateke geldialdira zortzi punturekin eta ondo sentituz iristea. Inflexio puntu bat izan daiteke guretzat.

Horrelako partidetarako zu bezalako jokalari eskarmentudun bat izatea eskertuko du entrenatzaileak, ezta?

Ez dakit, hori entrenatzaileak jakingo du. Baina ni taldeari ahalik eta gehien ematen saiatzen naiz.

Berrehun partida baino gehiago jokatu dituzu lehen mailan, gehienak Athleticen. Ez dira gutxi.

Ez, ez dira gutxi. Athleticekin 199 partida egin nituen; aurreko urtean, Huescaren igotzea lortu nuen, eta orain iritsi naiz 200. partidara. Futbolak oso momentu onak eman dizkit, eta asko disfrutatu dut ia sasoi guztietan.

Orain dela bi denboraldi utzi zenuen Lezama. Nola gogoratzen duzu zure etapa zuri-gorria?

Goitik behera. Kirol maila on batekin hasi nintzela uste dut lehen hiru denboraldietan, eta gero protagonismoa galduz joan nintzen. Polita izan zen etapa hori. Bizkaitar batentzat, Athleticen jokatzea izugarria da. Nik egunen batean Athleticen jokatzeko ilusioarekin jokatu dut futbolean.

Zure taldekide ohien denboraldi hasiera ez da erraza izan. Nola ikusten dituzu?

Hasierak beti izaten dira zailak. Aurreko sasoian ere asko kostatu zitzaien dinamika onean sartzea, baina azkenean lortu zuten. Kopako finalera iritsi ziren, eta ia azkeneko jardunaldira arte egon ziren Europako borrokan.

Etorkizunera begira, Athleticera bueltatzea eta Lezaman lan egitea pentsatua duzu?

Ez. Nire etapa zuri-gorria amaitu zen. Emaztea hemengoa da, eta nire semeak lagun kuadrilla bat du. Ez du bi urtean behin leku batetik bestera ibiltzeko adina, eta ez dut zorabiatu nahi. Egonkortasuna nahi dut, eta hemen, Huescan, oso gustura nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.