GAI KUTSATZAILEAK

2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Airean hainbat kutsatzaile mota daude. Horietatik bost neurtzen dira Hego Euskal Herrian. Iaz neurgailu askok ez zituzten behar adina datu bildu horietako batzuetan; partikula eseki txikienak, kasurako.

Partikula esekiak. Partikula organiko eta ez-organiko asko daude izen horren barrenean. Jatorri naturala izan dezakete, edo artifiziala. Auto zirkulazioak sor ditzake; batez ere, diesel motordun ibilgailuek. Airera botatako partikula horiek hainbat neurri dituzte; osasunean duten eraginaren arabera, bi taldetan banatzen dituzte: hamar mikroi baino txikiagoak direnak, eta 2,5 mikroi baino txikiagoak direnak. Zientzialarien iritziz, kutsadura arazo handienetako bat dira.

10 mikroi baino txikiagoak diren partikula horiek toraziko izendatu dituzte; tamainaren ondorioz, beheko arnasbideetaraino hel daitezke: bronkioak, birikak... 2,5 mikroi baino txikiagoak direnak, berriz, partikula arnasgarriak deitu dituzte. Albeoloetara hel daitezke: gasa trukatzen den lekuraino. Txikienak odolera ere hel daitezke.

Partikula txikienek eragin handiagoa dute osasunean, handiek baino. Txikiagoak izanda, denbora gehiago ematen dute airean. Zenbait ikerketaren arabera, arnasbideetako gaixotasunak ugaritu dituzte, baita biriketako gaitzak ere. Arrisku taldeak ahulagoak dira kutsatzaile horren eraginetik babesteko: haurrak, edadetuak, arnas edo bihotz arazoak dituzten pertsonak...

Partikula eseki txikienek erasaten diote gehiena osasunari. Ordea, Hego Euskal Herriko airearen kalitatearen neurgailu gutxik jasotzen dute horien inguruko informazioa. Hiru estaziotik batek jaso zituen 2015ean horri buruzko datu adierazgarriak. Horietatik erdia OMEk aholkatu duen gutxieneko kutsaduraren gainetik zeuden, baina Europako araudira heldu gabe.

Nitrogeno dioxidoa. Autoek—batez ere diesel motordunek— igortzen duten gai kutsatzaileen oxidazioaren ondorioz sortzen da. Hirietako zirkulazioaren erakusgarritzat har daiteke. Haurrengan eta asma dutenengan du eragin handiena. Horrez gain, nitrogeno dioxidoak parte hartzen du atmosferan gertatzen diren erreakzio kimiko batzuetan: troposferako ozonoa eta partikula eseki txikiak sortzen ditu.

Troposferako ozonoa. Baldintza egokiak ematen direnean, beste gai kutsatzaileen ondorioz sortzen da; hirietan gertatzen da, batez ere. Dena den, ez du zertan agertu jatorrizko kutsadura gertatu den lekuan, hau da, landa eremuan ere ager daiteke. Ecologistas en Accion elkartearen txostenak hala adierazi du. Nafarroako eta Arabako erriberan jaso dira Europako araudia ere gainditzen duten datuak.

Oxidatzailea da. Horrek bi mailatan eragiten die gizakiei. Batetik, eragin zuzena du, begiak zein birikak minbera ditzakeelako: asma edo alergiak dituzten pertsonen sintomak areagotu ditzake, halaber. Bestetik, landareengan ere eragiten du. Fotosintesia eta heltze prozesua zailtzen ditu: troposferako ozonoa dagoen lekuetan landareak gutxiago hazten dira, eta azkarrago heltzen dira. Ondorioz, eremu horietan produkzioa jaisten da, eta ekoitzitako elikagaiak eskasagoak dira. Halaber, izurriteen aurrean ahulago bihurtzen ditu landareak.

Sufre dioxidoa. 1980ko hamarkadan gehien ageri zen kutsatzailea da. Berogailu sistemetatik ikatza kentzen hasi zirenean egin zuen behera. Ordea, oraindik ere agertzen da petrolio findegietatik gertu, besteak beste. Kutsatzaile horri egotzi izan zaio arnasbideen gaixotasunak ugaritzea, baita gaitz kardiobaskularrak eragitea ere. Narriadurak eragiten ditu, eta, horren ondorioz, bronkitisaren moduko gaitzak eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.