ARGIBIDEAK

2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Osasuna zipriztindu duen ustelkeria kasuak soka luzea izan dezake oraindik.

Zein da hurrengo pausoa?

Behin Osasunak epaitegian salaketa jarrita, epaileak ikerketa hasi du. Instrukzio Epaitegiak lekukoak deituko ditu deklaratzera, frogak bilduko ditu, ekintzak frogatuko ditu eta gero delitua dagoen edo ez ebatziko du. Epaiketaren aurreko prozesuak urte eta erdi iraun dezake. Epaiketa eginez gero, zigor epaitegian edo Probintziako Auzitegian egingo litzateke.

Emaitzak adostu zituztela frogatzen bada, zer?

Partiden emaitzak adostea delitua da Zigor Kodearen arabera. Kartzela zigorrak, sei hilabetetik lau urtera bitartekoak dira; inhabilitazioak, sei urtekoak; eta gero isunak daude. Hala ere, egun ez dago delitu horren jurisprudentziarik, artikulua egin berria baita. Gainera, zaila da delitu hori frogatzea.

Eta iruzur kasua bada?

Osasunaren kasuan, partiden emaitzak adostu ez ezik, klubaren kontuetan irregulartasunak daude. Hori frogatzen bada, beste hainbat delitu egon daitezke: iruzurra,bidegabeko jabetzea, sozietate delitua, agiriak faltsutzea eta funtsen bidegabeko erabiltzea. Delitu guztietan daude kartzela zigorrak, inhabilitazioak eta isunak.

Zer gerta dakioke Angel Bizkai gerente ohiari?

Angel Bizkaik LFPri egindako aitormena ez da justiziarekin kolaboratu izanatzat jotzen, LFP erakude pribatua baita. Ikusteko dago zein balio duen Bizkaik egindako bideo grabazioa. Hala ere, inputatua izan daiteke. Hor ere ikusteko dago bere aitormenaren truke zer eskaini dion LFPk.

Osasunak maila gal dezake?

Auziak badu ere kirol aldea. Osasunak partiden emaitzak adostu baldin baditu, Espainiako Futbol Federazioaren diziplina kodearen hiru arau urratu ditu. Arau horietako batek dio partiden emaitzen adostu dituztenek klubarekin zerikusia baldin badute, klub horrek maila galduko lukeela bai edo bai. Espainiako Federazioak ez ezik, LFPren Gizarte Estatutuek ere «oso larritzat» jotzen dute emaitzak adostea. Horregatik, hori egiteak maila galtzea ekar dezake.

Osasunak oraingoz arnas har dezake. Izan ere, bide penala indarrean dagoen bitartean, klubak ez du maila galduko. Eta hor ere ikusteko dago ere zein tratu egin duten Bizkaik eta LFPk. Informazioen arabera, Osasunako gerente ohiak LFPren hitza du Iruñeko taldeak ez duela auzi honengatik maila galduko. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eskua sar dezake, eta Osasuna mailaz jaitsiarazi, baina LFP erakunde pribatua denez, hark du beti azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.