Sarrionandia maiztasunez mintzatuko da Euskadi Irratian

Idazleak 'Faktoria' saioan parte hartuko du udazkenetik aurrera. EITBko irratiek «bertako» gaien aldeko apustua egingo dute

urtzi urkizu
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kolaboratzaile berri dezente izango ditu Euskadi Irratiak denboraldi honetan, eta, horien artean, Joseba Sarrionandia idazlea (Iurreta, Bizkaia, 1958) ariko da. Udazkenean hasiko da idazlea programan parte hartzen, baina Euskadi Irratiko iturriek ez dute zehaztu zer egunetan eta zer ordutan ariko den. Maite Artola esatariak gidatutako Faktoria-n ariko da. Etxepare institutuak Habanan duen Euskara eta Euskal Kultura irakurletza zuzentzen du Sarrionandiak 2016ko azarotik.

Idazlea erbestean da 1985etik, eta, hemendik aurrera, haren ahotsa maiztasunez entzun ahalko dute irratiko entzuleek. Faktoria-ko beste kolaboratzaile berri batzuk Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea, Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Garraio sailburu ohi eta Confebaskeko idazkari nagusi ohia, Elixabete Garmendia kazetaria eta Nekane San Miguel epailea izango dira.

Astelehenean hasiko dute denboraldia EITBko irrati guztiek,eta taldeak nabarmendu du «bertako gaiei» tarte zabalagoa eskainiko dietela datozen hilabeteetan.

Nafarroako deskonexioak

Nafarroako aktualitatea gertutik aztertuko dute taldeko irratiek: Radio Euskadik goizero hamar minutuko tarte bat zabalduko du, deskonexioan, Nafarroako entzuleek bertako berriak entzun ahal ditzaten (07:30). Horrez gain, astelehenero, 15:30ean, kirol tertulia bat izango dute entzungai nafarrek; larunbatetan, 09:00etan, politika eta gizarte gaiei buruzko saio bat egingo dute. Euskadi IrratiakIruñerriko Euskalerria Irratiarekin duen lankidetzaren bidetik jarraituko du Nafarroako informazioa jorratzeko orduan.

Radio Vitoriaren kasuan, astelehenetik ostiralera, ordubeteko tartea eskainiko diete Arabako herriei.

Era berean, Gaztean, ordutegi nagusiak indartuko dituzte: Dida saioa 07:00etatik 10:00etara gidatuko dute Julen eta Antton Telleriak, Jon Gotzonek, Edurne Garmendiak eta Andrea Aranburuk, eta 10:00etatik 13:00etara Ainhoa Urretabizkaiak eta Ainhoa Vitoriak hartuko dute erreleboa.

Radio Euskadiko esatarien artean berrikuntza batzuk izango dira: Xabier Garcia Ramsdenek ez du Ganbara-n jarraituko —asteburuetan ETB2ko albistegiak aurkeztuko ditu—, eta Jose Luis Fonseca izango da irratsaio horretako gidaria. Saio bereko mahaian eseriko dira analisiak egiteko Charo Zarzalejos eta Antonio Maestre, besteak beste. Aurretik, Loreto Larunbek Ganbara de cerca tartea aurkeztuko du.

Euskadi Irratian ez da aldaketarik izango irratsaio nagusietako esatarietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.