Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Tradizioa bai... berritasunak ere bai

2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Maria Rigol Ordiren familiak tradizio handia izan zuen cavaren munduan. Horregatik, 1980ko hamarkada hasieran, bere cava propioak egiten hastea erabaki zuen, hainbeste sumatzen zuen haien falta...

Modest Rigol Tubella, Mariaren aitonak, ardoak merkaturatzen egiten zuen lan, eta, 1897an, artean xanpaina deitzen zen ardoa egiten hasi zen. Etxeko upategian hasi zen, Sant Sadurni d'Anoia (Katalunia) herriaren bihotzean, Francesc Maniobens Rigol semearekin. Hasieran egiten zuten ekoizpena oso txikia zen.

Esan daiteke, beraz, gaur egungo cavak familiaren oinordetzaren eta kalitatezko produktuak egiteko borondatearen isla direla. Penedesen ohikoak diren nahasteak dituzte (mcabaeu, xarel.lo eta parellada) eta ontze luzekoak dira, gainera.

Egiten dituzten cava guztiak lehen zapalduko muztioarekin egindako ardoekin egiten dituzte, oso egokiak izaten baitira ontze luzeko ardoak egiteko.

Mahastian ematen diren ziklo guztietan erne egoten dira, eta oinarrizko ardoa lortzeko prozesu guztia oso kontrolpean izaten dute, badakitelako hori dela kalitatea bermatzeko modu bakarra. Ia Penedes osoko mahastizainen mahatsak aukeratzen dituzte, eta horrek aukera paregabea ematen die inguru bakan horretako ardoek—cavek batez ere— eskaintzen duten izaera eta aberastasuna erakusteko.

Nahiz eta mahats mota autoktonoekin lan egin, proiektu berri bati ekin zioten 2013an, haiek microtiratge deitzen dutena: hau da, ekoizpen txikiko cava esperimentalak, monobarietalak zein mahats mota berriekin eginiko nahaste edo copage-ak, ardo bakanak eta bereziak lortzeko. Baina proiektu berri horrek ez dakar ardoztatzean aldaketarik, metodo klasikoak, betikoak mantentzen dituzte: hau da, eskuz eginiko irabiatze edo eragitea, eskuz eginiko lepo moztea eta, batez ere, ardoari bere denbora ematea.

Klasikoen artean bost ardo egiten dituzte, denak brut nature: lau zuri eta bat gorria, pinot noir mahatsez egina. Bostetatik Mil.leni, (mahats klasikoak erabiliz, baina chardonnayaren ukituarekin) eta Rosat Reserva (pinot noir mahatsez egindakoa) nabarmenduko nituzke.

Microtiratge proiektuan lau ardo egiten dituzte: bi monobarietalak dira, Xarel.lo eta Macabeu; eta beste bi nahasteak dira, Vint Mesos eta Pell Bruna. Laurak dira zuriak, Pell Brunaren osagai nagusi garnatxa beltza bada ere.

Azken lau horietatik Xarel.lo monobarietala eta Pell Bruna nabarmenduko nituzke. Xarel.lo horretan aberastasun aromatikoa azpimarratuko nuke, fruta zuriak eta ke ukituak ematen dion dotoreziarekin.

Pell Bruna desberdina da, ordea. Garnatxaren gozotasun bikaina eta macabeu mahatsak gehitzen dion azidotasuna eta ematen dion oreka dira, nire ustez, ardo hau bikain bilakatzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.