Klima aldaketak giza eskubideak «kolokan» jarriko ditu, NBEren ustez

«Neurri miopeak» hartzea leporatu die Philip Alston kontalariak gobernu batzuei. Esan du pobreenek jasango dituztela kalte nagusiak

Jon Rejado.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Klima aldaketa «mehatxu» bat da giza eskubideentzat eta demokraziarentzat, eta kalte berezia egingo die pobre bizi direnen eskubideei. Ondorio horretara heldu da Philip Alston, Nazio Batuen Erakundeko muturreko pobreziari buruzko kontalaria, klima aldaketari buruz argitaratu berri duen txostenean. Ondorioen artean, nabarmendu du, batetik, pobreenek jasango dutela klima aldaketaren kalte nagusia, «alde handiarekin»; bestetik, zenbait gobernuren jarrera kritikatu du, baita arrisku batez ohartarazi ere: ekimena sektore pribatuei uztea. «Irabazi asmoa dutenengan gehiegizko konfiantza izateak apartheid klimatiko bat eragin dezake».

Alstonek ohartarazi du hainbat gobernuk «neurri miopeak» hartu dituztela klima aldaketari aurre egiteko. «Ez da alarma ahotsik falta, baina ematen du orain arte ez dituztela entzun». Halaber, Alstonek kezka agertu du enpresa pribatuen esku hartzea «ontzat» jotzen delako, dela berrikuntzan egindako ekarpenekin, dela korporazioen bitartez egindako lanarekin. «Irabazi asmoak dituztenengan konfiantza handiegia izateak ia seguru ekarriko ditu giza eskubideen urraketa masiboak». Horrek, mundua klima aldaketara egokitzen lagundu beharrean, «oinarriko zerbitzuak eta gizarte babesa pribatizatzea» eragin dezakeela iragarri du. Adibide gisa baliatu ditu AEBetan egondako suteak: suhiltzaile pribatuak bidali zituzten «luxuzko etxeak salbatzeko».

140 milioi desplazatu

Klima aldaketak egungo desoreka indartuko duela gaineratu du NBEko kontalariak. Iragarri du klima aldaketak 140 milioi desplazatu eragin ditzakeela 2050. urtera arte Asian, Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Hego Amerikan. «Txiroenek pairatuko dute klima aldaketaren okerrena, hori eragiteko gutxien egin dutenak diren arren», hausnartu du. Horrek guztiak giza eskubideen etorkizuna kolokan jar dezakeela gaineratu du. «Arriskua dago azken 50 urteetan egindako lana desegiteko: garapenean, mundu mailako osasungintzan, pobrezia urritzea...». Azkenik, ohartarazi du giza eskubideez arduratzen diren erakundeak ia ez direla hasi lanean erronkari heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.