Aldarria munduko txapelketan

ESAITek dio lehiaketa aukera «paregabea» dela ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egiteko

Barakaldoko BECeko kantxa (Bizkaia) prest dago bihar bertan munduko txapelketa has dadin. LUIS TEJIDO / EFE.
Bilbo
2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Munduko Saskibaloi Txapelketa, eta irailaren 4 arte iraungo du. BECen jokatuko dira C multzoko partidak (Barakaldo, Bizkaia), eta Bilbon izango dute egoitza txapelketa jokatzera datozen saskibaloi jokalariek eta txapelketa ikustera etorriko diren milaka zaleek ere. Horregatik uste du ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak «aukera paregabea» dela Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde lan egiteko.

Egoitz Askasibar ESAITeko kideak, taldeak atzo egindako agerraldian, gogoratu zuen inoiz ez dutela esan txapelketaren egoitza Bilbo ez izatea. Hori bai, testuinguru «berezian» jokatuko dela azpimarratu zuen: «Norbere selekzioa ukatua den lurralde batean izango da txapelketa». Ekitaldi hau euskal selekzioaren «bazterketa saihesteko baliatu» behar dela adierazi zuen.

«Aukera» aprobetxatzeko bide ugariak zeintzuk diren azaldu zuen: kirol aldetik, bertako kirolariak «prest» daudela erakustea; arlo politiko eta instituzionaletik, ofizialtasunaren gaia jorratzeko «beharra» plazaratzea; eta, azkenik, gizarteari dagokionez, jarduera ugari antolatuz eta parte hartuz komunikabideen eta munduaren aurrean ikusaraztea.

Egitasmo ugari

Selekzioen alde lan egiten duen jendea badagoela agerian uzteko «aukera ezin hobea» dela nabarmendu zuen. Horrela, dei egin die saskibaloi partidak ikustera etorriko diren guztiei Euskal Herriko ikurrina eta nazio gisa «ezaugarri» diren ikurrak eramateko. «Ikurrak eraman eta agerian utzi behar dugu selekzio propioa nahi duen herria garela eta bertan gaudela».

Askasibarrek jakinarazi du ESAITek ikurrak erakusteaz gain «bere gaitasunen araberako» jarduerak egingo dituela. Horrenbestez, 3x3 modalitateko nazioarteko txapelketa antolatzeko asmoa dute, non ez den inongo naziotasunik baztertuko, Barakaldon «ez bezala». Txapelketa aurrera eraman ahal izateko toki publikoa ukatu diete ESAITekoei. «Hauteskunde kanpainan selekzioaren ofizialtasunaren alde egin duten horiek ukatu egin dute gure nazioa baztertua izango ez den txapelketa antolatzeko espazio publikoa», salatu zuen ESAITeko kideak. Azpimarratu zuen euskal selekzioa «baztertzen dutenak laguntzen» eta beren «mesedetan» aritzen direla bitartean. Hala ere, «oztopoak oztopo», 3x3 modalitateko nazioarteko saskibaloi txapelketa antolatuko dute. Datorren irailaren 7an izango da txapelketa, igandean, eta aurrerago emango dute ekitaldi horren berri.

Munduko saskibaloi txapelketan, ekitaldi gehiago izango dira ESAITek antolatutakoez gain.EH Bilduk hiru elkarretaratze antolatu ditu BEC pabiloiaren aurrean: datozen larunbatean eta igandean, arratsaldeko zortzietan; eta datorren asteartean, irailaren 2an, arratsaldeko lauretan. AEBen partidak hasi baino ordu eta erdi lehenago izango dira. Freedom for the Basque Country lelopean egingo dituzte elkarretaratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.