Bare edo olatu, itsaso

Bi izaera: Zinedine Zidane eta Juergen Klopp. Real Madrileko entrenatzailea lasaia da aulkian; Liverpoolekoa, aldiz, sumendiaren parekoa. Aurrez aurre dira gaur biak Txapeldunen Ligako finalean.

Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Edozein entrenatzailek ez du balio edozein lekutarako. Klubek eta taldeek ezaugarriak izaten dituzte, direla historikoak, direla egungo jokalarien izaerak sorturikoak, direla bestelakoak. Egungo futbolean, gero eta talde gehiago dira izarrez osatuak, dirua barra-barra erabiliz erakarritakoak. Diotenez, zaila omen da talde horietan entrenatzaile izatea, bai behintzat lehengo moldean, agintari itxuran.

Izarrez josia dago Real Madril, eta azken urteetan ikusi izan da nola ez duen edonork balio talde puska handi hori zuzentzeko. Bi entrenatzaile moldatu dira ondoen, eta biek lortu dituzte arrakastarik handienak denboraren joanean: Vicente del Bosque espainiarrak eta Zinedine Zidane frantziarrak. Biak dira lasaiak, aulkian imintzio handirik egiten ez dutenak, eta izarrez jositako taldeak kudeatzeko beharrezkoa den tenplearen jabe. Egoki-egokiak dira biak Real Madrileko agintea eramateko, agindu gabe aginduz, edo modu bertikalean nagusitu gabe jokalarien aurrean.

Bestelakoa da Juergen Klopp, Liverpooleko nagusia aulkian azken denboraldietan. Partidetan aginduak eman zale, etenik gabe ibili ohi da batetik bestera entrenatzaileek mugimendurako daukaten espazio txikian. Aldagela barruan ere ematen du gauzak argi eta garbi uztearen aldekoa dela, jenio bizikoa.

Taldeek entrenatzailearen ispilu izan behar omen dute. Nolako izaera aulkiko jabeak, halako nortasuna taldeak zelaian. Zidanek eman dio berea Real Madrili, eta talde lasaia da jokoan, gehiegi behartuaren itxura ematen ez duena, gauzak berezkotasunez egiten dituena, jokalarien aparteko maila teknikoa oinarri hartuta. Beste horrenbeste aipa daiteke Liverpoolen inguruan. Su batean jokatzen du, entrenatzailearen izateko eraren moldean. Gora eta behera bizi ibiltzen dira jokalariak, defentsan eta erasoan. Historikoki, Liverpool, Ingalaterrako taldea izaki, joko bizia egin zalea izan da, oldarkorra, eta Klopp alemaniarrak horixe berreskuratu du.

Mila modutara joka daiteke futbolean, eta denak dira baliagarri irabazle izateko. Batzuk besteak baino politagoak izango dira ikusteko, eta ezin da albora utzi ikuskizunaren eta futbolaren arteko balizko loturak sortzen duen eztabaida. Baina irabazi, denek irabazten dute, molde guztietan izan baitira garaile taldeak historian zehar.

Txapeldunen Ligako gaurko finala irabazten duenaren inguruan sortuko da aldeko haizea, eta mila bazterretara zabalduko da taldea gidatzeko molde hori dela balekoa, eta ez bestearena. Klopp bada garaile, haren aldeko armada sortuko da, eta Zidane bada txapeldun, pentsalari mordoa izango du atzetik.

Hausnarketak, ordea, emaitzaz harago egin behar, eta ezinbestean aipatu behar taldea gidatzeko moduez gain beste ezaugarri batzuk ere. Entrenatzailea izatea zer da? Taldea gidatzen bakarrik izan behar da abila? Ezagutza taktikoa bakarrik menderatu behar da? Beste mila galdera egin daitezke, eta erantzuna erraza da: arlo guztiak menderatzen dituena, nagusi. Baina ahaztu gabe talde guztietan ez duela edozeinek balio. Zidane balekoa al litzateke Liverpoolen? Eta Klopp Real Madrilen? Ondo daude dauden lekuan, toki egokian.

TXAPELDUNEN LIGAKO FINALA

Real Madril. Navas; Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo; Modric, Casemiro, Kroos, Isco; Benzema eta C. Ronaldo.

Liverpool. Karius; Alexander-Arnold, Lovren, Van Dijk, Robertson; Henderson, Milner, Wijnaldum; Mane, Salah eta Firmino.

Epailea: Mazic (Serbia).

Lekua. Kieveko Olinpiar estadioa (Ukraina).

Ordua. 20:45(A3 eta BeIN).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.