Izate baten enbaxadore

Euskararen eta euskal kulturaren ezagutza nazioartean bultzatzeko programak dira irakurletzak; munduko hamaika ikasgelatan, euskal kulturaren enbaxadore bihurtzen dira irakurleak. Atzerritik Euskal Herrira ere etortzen dira erdaretako elkarrizketa laguntzaileak.

Larraitz Ariznabarreta, eskola ematen. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakastea da irakurleen egitekoa. Hori, eta euskal kultura nazioartean kokatzeko kultur ekintzak antolatzea. Irakurleak dira, irakasle baino gehiago. Etxepare Euskal Institutuak antolatzen ditu irakurletza programak, eta 18 herrialdetako 34 unibertsitatek osatzen dute sarea. Horren parte dira Larraitz Ariznabarreta, Mireia Orbegozo, Oxel Uribe-Etxeberria eta Hiromi Yoshida.

BOISE (AEB)LARRAITZ ARIZNABARRETA

«Irudi estereotipatua gainditzen lagundu dezake irakurleak»

2016ko udazkenean heldu zen Boisera (AEB) Larraitz Ariznabarreta, euskal diasporak indar handia duen hiri batera. Tradizio luzeko irakurletza da hangoa, eta denbora luzeko lanaren emaitza da urtero lortzen duen ikasle kopuru handia; aurten, 575 ikaslek hartu dute euskara edo euskal kulturari lotutako eskolaren bat.

Hiru ikasgai irakasten ditu Ariznabarretak; une honetan, esaterako, kulturari, botereari eta erresistentziari buruzkoa ematen dihardu. Asteburuetako tailerrak egitura akademikoaren parte dira han, eta horietan ere maiz tokatzen zaio lan egitea.

Eman egiten du irakurleak, eta jaso ere, halaxe. Ariznabarretak dio «eurozentrismoa» apur bat sendatu zaiola AEBetan irakurle gisa egindako denboran: «Horretan, funtsezkoak izan dira ikasleekin izandako elkarrizketak. Besteak beste, euskal kulturari buruz egiten dituzten hainbat galderaren xalotasun gordinaren aurrean, ez dago hasterik disimuluzko zelofanez bildutako erantzunak ematen. Ariketa aberatsa da».

Irakurlea unibertsitateko egituretan egoki txertatuta egotea garrantzitsua da harentzat; hortik baitatorkio prestigioa irakurletzari.

Halaber, euskaldunen gaineko «irudi exotiko eta estereotipatua» gainditzen lagundu dezake irakurleak, Ariznabarretaren ustetan. «Bistan da irudi horrek erakartzen dituela ikasle asko, baina euskal gaiak marko zabalago batera ekartzen saiatzen naiz ni neu; gaiartekotasuna lantzen, alegia. Gure auziak ikasleen auziekin lotzen. Kultura adierazpenen eta boterearen arteko harremana, esate baterako, erraz uler dezake ikasle estatubatuar batek. Euskal Herriarena abiaburu ona da, adibide gisa, gai horretan sakontzeko». Zeregin horretan, batik bat, irakurleak intuizioa behar duela dio: «Errazegi bihur daiteke atzerrian dagoen euskal irakaslea turismo gidari, eta hori, eroso izanagatik, gure herriaren kaltean doa luzarora».
 

SANTIAGO (TXILE)MIREIA ORBEGOZO

«Komunitateen arteko zubi lana egin behar du irakurleak»



Iazko abuztuan iritsi zen Txileko Santiagora Mireia Orbegozo. Hamar urtez Elhuyarren itzultzaile-zuzentzaile aritu ostean, «zerbait berria probatzeko grinaz» heldu zion Etxepareren deialdiari. «Txilerako programazioa prestatzean, Santiagori buruzko informazioa biltzen hasi, eta ikusi nuen euskal abizen pila bat zeudela mapan, kale izenetan... Pablo Nerudak ere harreman estua izan omen zuen euskaldunekin. Horrek jakin-min handia piztu zidan, eta gogo handia sortu zitzaidan herrialde horren eta gure herriaren historia arakatzeko», azaldu du.

Txilen euskara ikasten hasten direnek era guztietako arrazoiak aipatzen dizkiote: euskal jatorria dutela, hizkuntza desberdin bat ikasi nahi dutela, «kultura ezezagunak» atentzioa eman diela, lagunen batek gomendatu diela, edo, urrunago joan barik, ordutegia ondo etortzen zaiela. Arrazoia bat zein beste izanik ere, gero harrituta geratzen dira euskaldunek Txilen izan duten eta egun ere baduten presentzia ikustean.

Ikasgelatik kanpo, istorio pertsonal ugari ezagutzea «hunkigarria» zaio Orbegozori; Gernikako bonbardaketa bizi izan zuten euskaldunen seme-alaben istorioak gertutik jasotzea, kasurako.

Irakurleak ia ezinbestez betetzen du enbaxadore funtzioa, Orbegozoren hitzetan: «Euskara eta euskal kultura maite dugun guztiok hartzen dugu, inkontzienteki bada ere, enbaxadore rola atzerrian gabiltzanean. Norbaitek galdetzen digunean nongoak garen, beti saiatzen gara azaltzen gure herriari eta hizkuntzari buruzko berezitasunak». Irakurleak hori «modu profesionalago eta kontzienteago batean» egiten duela dio, asmo argi batekin: «Dagokion herrialdearen eta Euskal Herriaren arteko konexioak bilatu behar ditu, komunitateen arteko zubi lana egin».
 

SZEGED (HUNGARIA)OXEL URIBE-ETXEBERRIA

«Kultura guztiei euren lekua emanda, gurea ere nabarmentzen ari gara»



Oxel Uribe-Etxeberria duela lau urte joan zen Hungariara. Szegeden bizi da, eta hango unibertsitatean eta Budapesteko Eotvos Lorand Unibertsitatean ematen ditu eskolak. Haren egunerokoa, funtsean, unibertsitateko irakasle batena da. Eskolaz kanpo antolatzen dituzten jardueren artean, Szegedeko zinema astean, euskarazko film bati gordetzen diote egun bat; itzulpen tailer bat antolatu ohi dute; eta, bi urtetik behin, baita Korrika ospatu ere.

Hungarian ez dago euskal diasporarik, eta Euskal Herriko berriak kirol prentsaren eta politika orrien bitartez iristen dira. Ikasle taldeak txikiak ditu, hizkuntzaren gaineko interesak bultzatu dituenak gehientsuenak. «Baina denetik dago: Euskal Herriaz zeharo maiteminduta daudenak, eta kasualitatez iristen direnak ere bai. Dena dela, seguru alemaneko edo italierako ikasleei ez zaiela hainbeste aldiz galdetzen zergatik ikasten duten hizkuntza hori; euskara ikasleek beti justifikatu behar izaten dute».

Irakurleen eginbeharretako bat ei da «euskarari eta euskal kulturari prestigioa ematea», eta horretarako modu bat hizkuntza eta kultura aniztasuna aldarrikatzea izan daitekeela dio Uribe-Etxeberriak: «Hizkuntza eta kultura guztiak dira bereziak modu batean. Guztiei euren lekua emanda, gurea ere nabarmentzen ari gara».
 

TOKIO (JAPONIA)HIROMI YOSHIDA

«Beste kultura bat ezagutzeak mundua gehiago zabaltzen die»



Hizkuntzalaria da Hiromi Yoshida japoniarra. Ugariak dira Euskal Herriko eta Japoniako kulturaren artean egin dituen lanak, eta Tokioko TUFS unibertsitateko irakurle ere bada; apirilean hasiko du laugarren ikasturtea han. Aurrez, Osaka eta Waseda unibertsitateetan urte mordoxka bat egin ditu euskara irakasle, eta TUFS unibertsitateko jarduna berdintsua dela dio. Baina ez berdina: hizkuntza irakastetik kultura ere irakastera jauzi bat dagoela baitio. Hartarako, datu orokorrekin hasi —Euskara jendea dokumental sorta erabiltzen du—, eta apurka heltzen die literatura, musika eta bestelako adarrei.

Lehenengo urtean 50 ikasle izan zituen; gutxituz joan dira, azken urtean hamabost izateraino. Tamaina polita da, Yoshidarentzat. Beti galdetzen die ikasle japoniarrei euskara ikastearen motibazioez hark ere; futbola aipatzen diote batzuek, sukaldaritza besteek, musika zenbaitek, eta beti daude interes linguistikoa aipatzen dutenak ere.

Yoshidarentzat, euskal kultura ezagutzeko gakoa da ikasleak sortzaileekin harremanetan jartzea. Hala, Jabier Muguruza, Huntza taldea eta Loreak filma igaro dira, besteak beste, Tokiotik; eta Mikel Urdangarin joatekoa da abiatzear duten ikasturtean.

Euskal Herria txikia izanik ere, euskaldunak asko ez izanik ere, kultura «erakargarria» egiten zaiela iruditzen zaio hizkuntzalariari. «Beste kultura bat ezagutzeak mundua gehiago zabaltzen die».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.