VALLADOLID 1 ALAVES 0

Soka tenkatuz doa

Alavesek eskura zuen puntua galdu du Valladoliden, partida amaitzear zela gaizki zaindutako falta batean. Bosgarren partida galdu du segidan, eta korapilatu egin zaio mailari eusteko lehia

Alaveseko Lucas Perez burumakur, atzo, Zorrillan. R. GARCIA. / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: Joaquinek (87. min.). Epailea. Jaime Latre. Txartel horia Valladolideko De la Fuente,Plano eta Unali, eta Alaveseko Fesjari eta Tomas Pinari.

87. minutura arte balio handiko puntua zuen Alavesek eskuan. Salbaziorako funtsezkoa. Valladolid ere konforme zen berdinketarekin. Partidaren isla zen 0-0ekoa. Geldikako jokaldi batean ez bazen, nekez alda zitekeen emaitza. Arabarren zoritxarrerako hala gertatu zen. Gaizki zaindutako falta batean, Joaquinek gola sartu zuen etxekoentzat. Bosgarren porrota segidan, eta bizkarreko handia Alavesentzat. Partida amaieran jokalarien eta Asier Garitanoren aurpegia ikustea besterik ez zegoen horretaz jabatzeko. Oraindik ere Mallorcarekiko sei puntuko aldeari eusten dio. baina egutegi gogorra du aurretik: Real Madrilen, Getaferen eta Bartzelonaren aurka jokatu behar baitu.

Granadaren aurkako partidarekin alderatuz, lau berritasun sartu zituenGaritanok: Martin, Fejsa, Burkue eta Edgard hasieratik aritu ziren. Zelai erdia indartu nahi izan zuen. Eusteko hamaikakoa atera zuen Bergarako teknikariak, jakitun baitzen Valladolidek ere halako partida bat planteatuko zuela, eta puntu bat balekoa eta balio handikoa zela bientzat. Ezustea Joselu aulkian utziz eman zuen.Lucas Perezekin arabarren aurrealdeko zutarria izan da, baina bai bata zein bestea ere, kamuts itzuli dira konfinamendutik.

Hasieratik, ez talde batek, ezta besteak ere, ez zuten partidaren aginte makila izan.Urduri antzeman zitzaien, sailkapenean zituzten estutasunengatik. Erasoan dituzten gabeziak agerian geratu ziren, argitasun falta izan zutelako. Duarterena izan zen abagunerik garbiena, 16. minutuan, baina haren burukada kanpora joan zen.

Presio ona eginez, zirrikiturik ez zuten uzten aurkariak erasoko jokoa egin ahal izateko, eta hor bi taldeen beste hutsune bat ikusi zen: zenbat kostatzen zaien jokoa sortzea. Geldikako jokaldien bidez ahalegindu ziren gola sartzen, baina hor ere ez zuten asmatu.

32. minutuan Duarteren lesioa ailegatu zen. Valladolideko jokalari batek zapaldu egin zuen, eta hankeko behatz batean min hartuta utzi behar izan zuen zelaia. Lehen zatiko azken txanpak bide beretik segitu zuen, Alaves ondo eusten, eta Valladolid erasoa ssortu nahian, baina ezin.

Alaves hobeto

Bigarren zatian Alaves Valladolid baino hobeto hasi zen, gutxienez jokoa kontrolatuz. Baina etxekoena izan zen ordu arteko aukerarik garbiena, 56. minutuan. Area kanpotik Alcarazek jaurtiketa ona egin zuen, eta baloiak langa ukitu zuen.

Bi entrenatzaileak partidaren bilakaera aldatzen ahalegindu ziren aldaketekin, eta zertxobait ireki zen partida ordutik aurrera,62. minutuan Roberto atezainak salbatu zuen Alaves. Enes Unal zelairatu berria zen, eta buruz ondo errematatu zuen Waldok egindako erdiraketa, baina arabarren atezainak ondo atera zuen eskua.

Hortik aurrera Alavesek ondo eutsi zion Valladolidi, zelaian hobeto jarrita. Baina gero iritsi zen gaizki zaindutako geldikako jokaldia, eta porrota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.