Kanpatzea, mende pasatxo duen historia

2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kanpatzea, aisialdirako aukera gisa, Erresuma Batuan sortu zen, XX. mendea estreinatzearekin batera, Asociation of Cycle elkartearen ekimenez. Izenak iradoki duen bezala, txirrindularitzari estuki lotuta ageri da hastapeneko urte haietan. Ziklisten lehen kanpatze dokumentatua 1906. urtekoa da. Urtetsu haietan egin zuen Baden Powellek ere eskaut mugimenduaren lehen kanpatzea, eta, harenak helburu hezitzaileagoak izanik ere, ezin uka aisiarako kanpinaren historian izan duen eragina. Powellek eta eskaut mugimenduak azkar batean batu zituzten jarraitzaileak, eta munduan barrena lortutako proiekzioa zela medio, kanpinak arautzeko eta sustatzeko federazioak sortu ziren han eta hemen.

Autoak bizikletak bezain lagungarri izan ziren kanpinaren eboluzioan.

Lehen karabanak 1925ean sortu ziren, Erresuma Batuan horiek ere.

50eko hamarkadan, ingeniariek galtza bete lan hartu zuten kanpina eta gainerako ekipamendua tolesgarriak eta eramangarriagoak izan zitezen. Karabanak, berriz, gas, ur eta hozkailuz horniturik, luxuaren erakusgarri bihurtu ziren garai hartan.

60ko hamarkadan, langile jendeen oporrak garrantzia hartzen hasi ziren, eta, horrekin batera, bidaiatzeko eta egonaldietarako modu merkeagoak. Gazteak saldoan joaten ziren kanpinetara, batik bat eskuter eta antzeko motorretan.

Lehen kanpin tematikoak ere orduan sortu ziren, esate baterako, kanpin naturistak.

70eko hamarkadan aski popularrak ziren kanpinak. Autoa lagun, atzerriko kanpinetara jotzen hasi ziren zaleak. Bestalde, bizkar zorroa hartuta bidaiatzea ere modan jarri zen, baita bizikletan egitea ere. Ekipamendua arindu egin zen, eboluzionatzen hasi zen, molde berrietara egokitzeko.

80ko hamarkadan, furgoneten eta autokarabanen aroari eman zitzaion hasiera. Etxe motordunak askatasunaren ikur bilakatu ziren, eta oraindik ere nagusi diraute. Haien beharretara egokitutako eremu sare zabal bat dute, bidaian lagungarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.