Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXI)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Ez dakit testosterona lehia bat ez ote den politika arloan»

Josebe Blanco Baserritarra

Alde handia dago zeinek manejatzen dituen ardiak; emakume artzainon bilkuretan hori hizpide hartu izan dugu. Gizonek indarra erabiltzen dute normalean: zakurra bidaltzen dute lehendabiziko kolpean. Politikan ere berdin ikusten dut: boterea nork daukan erakustea da kontua. Hala, erabat kritikagarria den Pedro Sanchezen Neu nagusi, neu protagonista estiloa nork kritikatuko, eta gauza bera egiten duenak!

Ez daukate arrastorik zertan ari diren egoera hau berria delako denontzat, baita eurentzat ere, eta berritasun horren aurrean ia inor kontuan hartu gabe ari dira erabakiak hartzen. Ez dakit testosterona lehia bat ez ote den hemen. Etxe batean erabaki potoloak hartu behar badira, erabaki horiek ezin ditu pertsona bakarrak hartu, ondorioak denontzako direlako; eta erabakia zeuk bakarrik hartzen baduzu, ardura guztia zeurea da. Niri astuna egiten zait genero politikoa, benetan. Agintaldia amaitzear egon ala hasi berria izan, eurei sudur puntan jartzen zaiena egiteari utzi eta gaitasuna erakutsi behar lukete beste alderdiekin, beste sentsibilitateekin, sindikatuekin eta herritarrekin erabakiak adosten. Hain gauza sinplea iruditzen zait, ez dut ulertzen gobernantza publikoetan nolatan ez den beste aginte eredu bat sortzen.

«Bata berriak iritsi zaizkigu; behin baino gehiagotan erabil daitezke»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Gaur berandu esnatu naiz, eta pisukideak autoa utzi dit, ez nintzen lanera garaiz helduko bestela. Behin hara helduta, ondo joan da dena. Koronabirus zirkuituko kontrolean aritu naiz lanean, eta oso jende gutxi etorri zaigu: bizpahiru ospitaleratze izan ditugu goiz osoan. Txanda bukaeran bai, paziente asko etortzen hasi da; ea horietatik zenbat ospitaleratu dituzten. Hildakorik ez izatetik 16 izatera pasatu gara egun batetik bestera, eta ez dakit hori estatistika anomalia bat ala joera berria den.

COVID zirkuitukoentzako bata berriak iritsi dira. Behin baino gehiagotan erabil daitezke; hainbat garbialdi jasateko prestatuta daude. Kontrolean egonik halakorik jantzi beharrik ez nuen arren, bat jantzi dut, probatzeko. Zurrunagoak dira eta konfiantza handiagoa ematen dute. Orain arte erabili ditugunak behin bakarrik erabiltzekoak ziren, paper itxurakoak, eta txanda osoa egiten genuen haiekin.

Lan txanda bukatu dudanean, mikroinfartoa izan dut: autoaren motorra pizten hasi, eta ezin. Ez nekien zer gertatzen zitzaion makinari; oraindik ere ez dakit. Iritsi naiz etxera bueltan, behintzat. Bihar bizikletaz joango naiz. Gaueko txanda daukat; ez naiz berandu esnatuko. Bata berriak jantziko ditut.

«Gero eta beldur gutxiago du jendeak, eta arauak gehiago hausten ditu»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Frantziako Gobernuaren konfinamendua arintzeko planak ez du ezusterik ekarri. Argiki ageri dute sosa pasatzen dutela jendeen ongizatea baino lehenago. Lizeoak irekiko dituztenetz ez omen dakite, adibidez, baina kolegioak eta ikastolak bai, segur. Lizeora doazen ikasleak egon ahal dira etxean bakarrik, eta besteak ez; beraz, gurasoak lanera joateko beharrezkoa da eskolak eta kolegioak irekitzea. Gure amak goiz honetan erran dit Seaskan ikusi behar zutela nola antolatu hori guztia. Normalki, beharrezkoa da hamabost ikasle ukaitea klaseka, eta amak lan egiten duen kolegioan, Larzabalen, ez da nahiko gela horretarako, egoitza txikiegia delako. Behar dute ikusi, eta, ezinezkoa baldin bada, ez dute irekiko.

Goiz honetan etxetik atera gara, eta jende gehiago ikusi dut karriketan. Kasik segur da ostatuak ekain hastapenerako irekiak izanen direla, eta garbitzen-eta ikusi ditugu ostalari asko. Bertzenaz, jendeak geroz eta beldur gutxiago du, eta gero eta gehiago hausten ditu segurtasun arauak.

Gaur ere, atzo bezala, ikasten emango dut arratsaldea. Erritmoa hartu dut, eta, erritmo horretan,Buenavista Social Club taldearen musika ari gara entzuten egunotan. Aro gozoa denean, are aiseago sartzen zait talde horren musika. Dantzarako gogoa ematen du.

«Ea langileon onerako ere bat datozen enpresa eta sindikatuak»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Donostiako autobus gidariak kezkatuta gaude. Pandemiak ezartzen dizkigun oztopoez gain, garraio publikoarekiko eskaera gutxitzeak eskaintza ere urritzea ekarri digu azken hilabete luzean. Zerbitzuen kopuru eta maiztasunen dantza izugarri horrek eta gidarion absentismo maila handiak gidari mordoa lan egiteko aukerarik gabe geratzea ekarri dute egun batzuetan; eta, besteetan, lanerako prest leudekeenen eskasia ia.

Nik dakidala, gidari kopuru eskasiarengatik atera gabeko zerbitzurik ez da izan oraindik (hurrengo asteetarako erronka latza), baina lan egitea egokitzen zitzaion langile askori «esleituriko baimenak» ezarri dizkio enpresak. Lanegun bat zena atseden egun behartu bilakatzen zaigu, eta, noski, enpresarekiko zor bat jasotzen dugugidariok. Etorkizunean, gure atseden egunetan lan egin beharko dugu, estresa gure gain hartuz.

Hori nahikoa ez, eta oporretatik bueltan datorrenak atseden behartu mordoa jasotzen du, adibidez, lehen lanegunetan, lankideen pare jarri arte. Neurriz kanpokoa eta injustu samarra iruditzen zait, zinez. Ea birusa neutralizatzeko ez ezik, langileon onerako ere bat datozen enpresa eta sindikatuak.

«Etxekoandreak idatzi dit; astelehenean hasiko naiz atzera lanean»

X.X. Etxeko zaintzailea

Atzo amesgaizto zena albiste on bihurtu zait gaur: etxekoandreak idatzi dit; lanean hasiko naiz atzera astelehenean. Sukaldean nengoen haren mezua Whatsappez sartu zaidanean. Arroza eta arraina prestatzeari utzi eta berehala irakurri dut lanera itzultzeko eskaera. Umeek faltan sumatzen omen naute; neuk ere bai haiek; asko, gainera. Hori bai: orain artean goiz eta arratsaldez egin izan dut lan harenean, eta orain lanaldi jarraitua nahi du etxekoandreak; astelehenean bertan zehaztuko omen ditugu aldaketak.

Auzoaren senarrari ere deitu dio nagusiak, astelehenean eraikuntza lanetara itzul dadin aginduz. Nire lagunik minenari ere idatzi dio nagusiak: maiatzeko lehen astea pasatutakoan hitz egingo omen dute lanaz. Hitz egin.

Astelehenean 06:45ean hartuko dut metroa, bada, 07:00etan lantokian izateko. Babes neurri guztiak hartuta joango naiz, baina lasai ez. Ezin dut ahaztu arriskua ez dela desagertu; gaur ere hildakoak zenbatu ditugula. Duela bi aste deitu izan balidate lanera itzultzeko esanez, ezetz erantzungo nukeen, lanpostua gal nezakeela jakin arren; gaur baietz esan dut, denok ari garelako pixkanaka etxetik irteten.

Beste fase batera pasatuko naiz neu ere, eta hau ez da ametsetakoa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.