Koronabirusa

TERMOMETROA (ETA 53)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Martxotik hona,irla ginenok artxipielago bilakatu gara»

Josebe Blanco Baserritarra

Martxoaren 19an hasi nintzen hemen agertzen. Berrogeialdiaren ikuspegi oso pertsonala daukat: distantzia fisikoak asko baldintzatzen nau; nik ez dakit hor behean zer gertatzen den. Orrialde honetan, baina, hartu-eman bat izan dut, hemengo denok geure errealitateak konpartitzen genituen heinean. Bost errealitate oso ezberdin ezagutzeko aukera izan dut —egunero deitzen zigun kazetariarena barne—, Euskal Herri osokoak, eta euskaraz egin dugu bat. Eskertuta nago oso posible egin duten denekin.

Irakurleei begira, zer esan. Nahiko satelite naiz, gure etxeak badauka bere orbita propioa, eta sektoretik oso aparte gaude. Inongo sindikatutan eta inongo patronaletan ez dagoen baserritar bat, ekologikoa egiten duena, ekologistak etsaitzat hartzen ez dituena, natura maite duena eta ustialekurik ez daukana; behingoagatik, bazterreko bat izan dute egunero egunkarian.

Hemen bazterreko batzuk bildu gara. Gazta egiten ari nintzela, hori pentsatu dut: bost ertzetatik egoera beraren bueltan ibili gara, birus horri buruz, bizitzari buruz. Ba al liteke aurrez aurre ikusi ez dituzun pertsonekin honelako harremana izatea? Bai. Ez da gauza bera irla izatea eta artxipielago izatea, eta, sei irla ginenok, artxipielago bilakatu gara.

«Hau ez da bukatu: birusak hor jarraitzen du eta gizarte arazoek ere bai»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Telesail batean egongo bagina, hau lehendabiziko denboraldiaren bukaera dela esango nuke. Hau ez baita bukatu. Birusak hor jarraitzen du, eta baita gizartearen arazo guztiek ere.

Sekulako gola sartu digute. Denok ulertu dugu beharrezkoa zela etxean geratzea, garrantzitsua zela, baina langileak berehala bidali zituzten fabriketara lanera, terrazak ireki dituzte gero, eta haurrentzako parkeek itxita segitzen dute oraindik. Ez gara adituak, baina tontoak ere ez, eta batzuetan galdetzen diozu zeure buruari: esaten al digute egia? Badago zerbait eskapatzen zaiguna, baina ez dakit zer den. Azken mendeetan gerra moduan ebatzi izan dira gatazka sozialak eta politikoak, baina orain gizarte kontrol gero eta sofistikatuagoaren bitartez.

Honek guztiak balio izan du agerian uzteko agintarien lehentasunak eta sistemaren gabeziak. Beste krisialdi bat kateatuko diogu aurrekoari, jendeak asko sufrituko du, baina gauza onak ere agertu dira, eta horiek izan behar dute eredu datozen garaietarako: herri eta auzo egitasmoak, elkartasun sareak. Ardura guztia herritar xehe indibidualen bizkar uztea albo batera utzi, eta gutasunaren monopolioa kendu behar genieke agintariei.

«Ikasi, ez dakit, baina ikusi, gauza anitz ikusi dugu, zernahi arlotan»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Garai historiko bat ukan dugu, hau ez baita egun guztiz gertatzen den gauza bat. Eta hor, jendeak ohartu dira hainbat gauzaz: gobernuaren eta gure osasun sistemaren inkonpetentziaz, adibidez; Poliziaren indarkeria ere gehiago aipatu den gai bat izan da. Ikasi, ez dakit, baina, ikusi, gauza anitz ikusi dugu, zernahi arlotan; eta espero nuke hori profitatzea gero, gauzak aldatzeko.

Gure herriaren zatiketa ere agerian utzi du honek guztiak. Araudi ezberdinak betetzen aritu gara, eta barne muga fisikoak hortxe dira, oraindik ere itxita.

Ene inguruan araudia ez da osoki errespetatua izan, baina badira gehiegi errespetatu dutenak ere, barnealdean orain jakin baita auzo batzuek deitu dutela Polizia, erranez gazte batzuk kalean zirela eta beste. Jarrera parapolizialak badira. Elkartasun sareak ere sortu dira, eta espero dut segida bat ematea horiei, krisialdia badatorrelako. Denok hunkituko gaitu. Niri dagokidanez, badirudi uda honetan lana ukango dudala. Normalki, gure lanak mantenduak izango direla erran dute agintariek. Hainbat hobe.

Hori heldu artean, ostatuak asteartean irekiko dira berriz. Hori da gure normaltasuna neurtzeko termometro bakarra, zenbaitzurentzat. Niretzat ez.

«Orain artekoa aldatzeko tenorean gaude, erlojuz kontrako etapa honetan»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Ostiral gauean zaborra jaistera atera eta bidean topatu dituen lagunen erruz larunbat eguerdira arte gaupasa egiten amaitzen duenaren antzera ibili naiz hemen; hemen aritzea bizitzak eta bere bizkarroi diren birus pandemikoek sorrarazi duten desfase polita izan da niretzat.

Ez gara martxoan ginenak: eskuak garbitzeko teknika landuagoa dugu; begipea ninja abilenak baino azkarrago estaltzeko gai gara; ingurukoekiko segurtasun distantzia mantentzeko oin mugimendu azkarra perfekzionatu dugu; eta segundo gutxitan ukondoarekin lagun mordoa agurtzeko gai gara, gerri mugimendu finari esker.

Etxeko lanak ere, ordea, ezin egin gabe utzi. Uste dut norberak baduela ardura handi bat lurrera erori den eta mila zatitan atomizatu den zeramikazko sistema berreraikitzeko orduan. Kintsukoroi (hitzaren bukaerari erreparatu diozue?) kolektibo bati ekin behar diogu, bakoitzak bere onena eskainiz, zeramika are ederrago bat lortuz: justuagoa, sozialagoa, humanoagoa eta duinagoa.

Bizitza ninja baten eran bete behar dugula dio nire hagakure pertsonalak: ahalik eta kalte gutxien eraginez. Orain artekoa aldatzeko tenorean gaude, erlojuz kontrako etapa honetan.

«Ez dakit ezer ikasi dugun; ikusitakoak ahaztu nahi ditugula dirudi»

X.X. Etxeko zaintzailea

Ekainarekin heldu nintzen hona, duela bost urte; ehun joan direla esan nezake. Hainbat etxe ezagutu ditut ordutik, beren jaun harro eta emazte mutuekin, beren tratu txar emaileekin eta zerbitzari otzanekin. Gehiago ez isiltzea erabaki nuen behin.

Pandemia hau etorri zen, eta dena aldatu zuen. Izugarrikerien kontaketa bat izan da hau, egun batean gauza bat eta hurrengoan bestea erakusten ziguna. Denbora bera ere hazten ikusi dugula iruditu zaigu. Hastapenetan gertatukoak ez ditugu gogoan; ikusitako guztiak berehala ahaztu nahi ditugula dirudi. Ez dakit ezer ikasi ote dugun. Hainbeste eskatzen digute batzuek migrante, emakume, etxeko langile izateagatik... Konturatuko ahal dira orain, araua betetzen ez dutenero, inor ez dela perfektu! Patroiak altxatu dira, eta geu altxatu ezean zapaldu egingo gaituzte aurrerantzean ere, inurri baikara euren begietara. Egia hori ez da aldatu.

Porlanezko hilkutxa batean bizi naiz; lurra zapaldu eta belarrak bildu daitezkeen tokiren batean egin nahi nuke lan. Gauza asko ikasi gura nituzke. Euskara ere bai, Josebe artzainarekin hitz egiteko; eta Markel erizainarekin; eta Aña ikaslearekin; eta Urko gidariarekin. Itxialdian lagun izan ditut, eta nigandik besarkada soil batera daudela sentitzen dut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.