Koronabirusa

TERMOMETROA (XXI)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Baratzeak berebiziko garrantzia izango du laster etxe askotan»

Josebe Blanco Baserritarra

Gaur ere tokatu zait kalera jaistea. Azkoitirako bide bazterretan, sail batzuk goldea pasatuta zeuden, eta gizon bat ikusi dut bere tomate landareak eta tipulak jartzen. Poza eman dit. «Hemen XXI. mendeko nekazari intsumisoak», pentsatu dut.

Atzo etxera etorri zitzaigun albaitaria ere, kaleko baratze horietako batean aritzen da, eta barazkiak jartzeko eskaera egin zuen bere udaletxean. Ezezkoa eman zioten, segurtasun eta higiene neurriak primeran menderatzen dituen arren. Etxean gelditzen garelako jatorrak eta zintzoak garela esaten diguten erakunde horiek helduak ez bagina bezala tratatzeko tema berezia agertzen digute. Eta helduak gara. Norbere janaria sortzea heldua izatea da; baratzeak hori du funtzioa: autokontsumoa.

Hau dena hasi zenean, nire lasaitasuna zen autonomoak garela, badaukagula zer jana. Lasaitasun hori ez dago ordaintzerik. Datorkigunarekin, baratzeak berebiziko garrantzia izango du etxe askotan. Orain erein eta landatu gabe, jendeak ez luke zer janik datozen hilabeteetan. Baratzeak irekita mantentzearen aldeko manifestu bat heldu zitzaidan. Sinatu nuen. Lur pusketa bat daukanak eskubidea du lur horretan janaria sortzeko; oraintxe jakin dut eskubide hori aitortu diotela.

«Gero eta jende gehiago datorkigu larrialdietara arazo arinekin»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Larrialdietako zirkuitu arruntean aritu naiz bart, eta ez dut atseden hartzeko betarik ere izan, ezustean. Lanera sartzean, aurreko txandakoak esan zidan lan askotxo izan zutela arratsalde osoan, eta geuk ere halaxe izan dugu. Buru osasuneko arazoekin etorri dira bizpahiru, pasatuta beste batzuk, eta azken asteotan ikusi gabekoak ere bai: arazo larririk ez zeukatenak. Beste guztiak bezala artatu ditugu, jakina, baina gero eta jende gehiago ari da etortzen arazo arinekin. Egoera gainditzen ari garelako mezuak, nonbait, ondorio hori ere eduki du.

Koronabirusdunen eta beste patologiadunen arteko proportzioak iraultzen ari dira, argi dago. COVID-19 positibo andana zahar egoitzetan ari da azaltzen; haietan daude egoera honetan ez bageunde gurera etorriko liratekeen gaixo asko.

Bihar goizean Suspertze Gelan lan egitea tokatzen zait, eta gaurko txanda luzatu egin dut, nahita, suspertze lanak ahalik eta bizkorrena ikasteko.

Orain ez dut lo askorik egingo, gauean lo azkar hartzearren. Etxean bazkaldu ahal izango dut bihar, eta eskertzen da. Jatorduak lehengoratzen hasia naiz, pixkanaka. Hiru egunerako jatorduak egiten ditut, eta horrekin moldatzen naiz.

«15, 14 eta 9 urteko ene senideek ez dute nahi ikastolara itzuli»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Samin mailaren grafikoan, marra gero eta gorago dago. Jendea geroz eta kexuago da, normala den bezala, Macronen asteleheneko diskurtsoarengatik. Maskara eta test faltak haserre handia piztu du: maiatzean dekonfinamendua izanen delarik, une horretarako iragarri dituzte, baina jendea etxetik atera aurretik behar lirateke, nor den eri eta nor ez jakin eta eri dena barnean egon dadin. Haurrak eskolarat igortzeko iragarpena ere aski gaizki pasatu da. Gure artean hizpide da hori. Gurasoak entzun ditut erraten beraiek ez dituztela haurrak maiatzaren 11n eskolarat igorriko. Eta Hegoaldean haurrak etxetik atera ezinean, horrek ume eta helduengan izan ditzakeen ondorioekin... Zail da erabaki hori ulertzen.

Nik atzo bertan deitu ditut etxekoak, eta amak ez, txikiek erantzun didate. 15, 14 eta 9 urte dituzte senideek, eta ez dute ikastolara itzuli nahi. Aire hartzeak bakarrik nahi dituzte egin, lagunekin eta, ikasgelara sartu gabe.

Marko Polok Zetaren Bidean zehar egin bidaiei buruzko lan bat so egin dugu bart. Txina hor, berriz ere. Eta Txinan ere egina dute dekonfinamendua, eta hil berri batzuk badira han ere. Behar da kasu egin, kanpotik ikusten dutenek dutelako hori erraten. Nik ez dut irakurri hori aipatzen duen Txinako hedabiderik.

«Haurren hezkuntzan heroien gisan aritu da hainbat eragile»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Itxialdiak Interneten erabileraren gorakada nabarmena ekarri duela dio telebistak. Tira, hori ez gertatzea litzateke berria, harrigarriena akaso. Gurean duela bi hamarkadatik dugu sarerako konexioa, eta, sistema eragile hegemonikoa eta modem zaratatsuak edukitzetik, software libre eta gailu moderno harrigarri azkar eta isiletarainoko ibilbide luzea ezagutu dugu.

Hala ere, inguruko lagun eta ezagun askok ez dute urte luzeotan Internetik eduki etxean, beharrik ez zutelako, haurrak hala hazi nahi izan dituztelako edota momenturen batean ezinezkoa zitzaielako. Aukera horiek guztiak zilegi dira, baina haurren hezkuntzan bereziki benetako heroien gisan aritu diren hainbat erakunde dut gogoan egunotan. Epe luzeko oroimenean iltza daitezen saiatuko naiz. Zehazki, Izarkom kooperatiba eta Oreretako Udala dira burutik kendu ezin ditudan elkartasun eragileak. Biek eskaini dituzte euren baliabideak, eskuzabal, eta biak izan dira aitzindari pandemia honetan, haur hezkuntza arloan.

Orain arte konexiorik gabe aritu izan diren ikasle gazte horiek, aro hau amaitzean, nola jarraitu aske erabaki ahal izan dezaten nahiko nuke. Erabakien datua gustura ikusiko nuke.

«Hebainda gaude emozionalki, gertatzekoen ezinegonak bizi gaituelako»

X.X. Etxeko zaintzailea

Enkargutara ateratzen naizenetan, baldetxoa uzten dut ate ondoan, zatarrarekin eta lixibarekin, itzuleran oinetakoak garbitu eta inor ez kutsatzearren. Plastikozko zorro bat ere aldean eramaten dut, atea zeharkatu orduko dutxatzeko xaboiarekin-eta. Etxe honetako beste logeletako hainbat biztanlek, aldiz, ez du higienea batere zaintzen; gurea ez da izango halako jende arduragabearen bizitoki bakarra. Guztiok ondo gaude, oraingoz.

Autobus geltokian elkartzen garen umezainen Whatsapp taldea Stop egoeran dago azkenaldian, baina horko bi lagun izututa daude erabat, gaixotzeko beldurrez, beren nagusiak medikuak direlako. Noiz idatziko didaten zain nago.

Garai nahasiak datoz. Emozionalki hebainda gaude, gertatzekoen ezinegonak bizi gaituelako; hori da okerrena. Gero eta garrantzitsuagoak izango dira emozioak, eta inork ez dakigu ondoan daukagun pertsonaren bizi historiaren berri. Denok ez dugu babes eta adore maila bera, baikortasun bera; denok ez dugu autoestimua egoki. Esan nezake inork ez dugula autoestimu maila egokia, baina benetan traumatutako pertsonak daude gure taldeetan. Hainbesterainokoa da jendea nozitzen ari den presioa, espiritu batzuk zartatu egingo dira. Ziur.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.