Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
«Aspaldi aurrez aurre ikusi ez dudan jendearekin egon naiz gaur»

Josebe Blanco Baserritarra

Gaur toki askotan egon naiz. Hiltegira joan, banaketa eta erosketak egin... gauza asko egin dut. Ni urduri jartzen nau kalera jaisteak, neure burua eta besteak kutsatzeari diodan beldurragatik, baina, gero, goxotasun bat aurkitzen dut hor. Denda txikietara eta kontsumitzaile elkarteetara joaten naiz, eta gertutasun handia sentitzen dut horietan; beste pertsona oso batekin topo egiteko momentu bat, une bat, espazio bat bihurtuak zaizkit. Interaktuatzeko utzi diguten aukera bakarra da, horixe egia; bizitza soziala, harremanak, salerosketaren eta diruaren bueltan ari gara eraikitzen orain. Baina behar dugu humanitatea, marko horretan izanik ere, aurreko batean aipatutako pantaila-mundua zartatzeko, robotizazioa indargabetzeko. Ezinbestean.

Behar duzu sentitu beste pertsona bat, eta aurrean daukazun pertsona horrek ispilu lanak egitea, bestearen begietan zure baitako pertsona hori—sentitzen, maitatzen eta negar egiten duen pertsona hori—, osorik ikusteko. Aspaldi aurrez aurre ikusi ez dudan jendearekin egotea tokatu zait gaur, esaterako, eta, aurretik datorren kontua izanik ere, gaur bereziki nekatuta sentitu dut jendea, fisikoki eta emozionalki. Eta, hala ere, goxotasun ederra sentitu dut haien ondoan.

«Larri ibili gara benetan; denok pasatu dugu beldurra lantokian»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Hildakoen datua ez da atzokoa. Ospitaleratzeetan beherakadari eusten diogun bitartean, ni gustura. Anaia txikia Bideko Ama ospitalean ari da lanean, koronabirusak jotakoak artatzeko egokitutako zentroan, eta hark dio askoz jende gutxiago dutela. Sei-zazpi planta gaixoz beteta izan dituzte; hiru planta eskas ari dira erabiltzen orain. Gaur gauean lanera noa, eta ea hor ere eusten zaion joerari.

Nafarroako Legebiltzarreko saioa minutu bateko isilunea eginez hasi omen dute, eta zortzietako txalo-jotzearekin sortzen zaidan pentsamendu bera sortu dit horrek ere: «Ekarri maskarak eta testak, ekarri behar dugun materiala babesteko; hori da agintariengandik behar duguna». Nire egoera behin-behinekoa izanik, hemen ez dut xehetasun asko eman nahi izan gure lan baldintzei buruz, baina larri ibili gara, benetan. Denok pasatu dugu beldurra. Orain ari gara lasaitzen. Konfinamenduaren amaierari begira, denak bezala. Horri buruz, tokian tokiko egoeraren arabera egitea zentzuzkoena iruditzen zait, ez baita gauza bera, esaterako, kutsaturik izan ez duten mendialdean ala Iruñerrian eragitea. Zenbat eta deszentralizatuagoa izan prozesu hori, orduan eta hobeto; baina noren eskumena da benetan?

«Badut beharra, eta amarenganajoanen naiz konfinamendua bukatutakoan»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Itsasbazterrak ekainera arte itxiak izanen direla erran dute, eta badut gogoa hondartzara joateko. Mendia eta hondartza, biak maite ditut. Konfinamendua bukatutakoan, joanen naiz amarengana-eta, aspaldi ez ditudalako ikusi, eta badudalako beharra. Ahizpa txikiarekin mintzatu naiz, eta ez dakit biziki konturatzen den gertatzen denaz. Amak esplikatu dio, baina ez dakit... 9 urte ditu, eta bere begiekin so egiten du hau dena.

Egunkari honetan irakurri dut Jean-Rene Etxegaraik badituela Ipar Euskal Herriko hainbat datu, baina ez dituela eman nahi. Ene ustez, onartu nahi baino kutsatu gehiago delako, zerbait badelako nahi duena kukutu.

Ikusi dut, baita ere, Josu Urrutikoetxea ez dutela kartzelatik atera nahi, nahiz eta gaixorik egon. Gogorra da. Preso guztiei dagokienez, entzuna dut izan direla koronabirus kasu batzuk Frantziako espetxeetan, eta, presondegiok gainbeheran daudenez, batenak gainerakoen kutsatzea ekar dezakeela uste dut.

Eta heldu da Maiatzaren Lehena. Hainbat eragilek galdegin dute gure aldarrikapenak paper batean idaztea eta argazki bat igortzea etxetik, #M1etxetik traolarekin, eta 11:50ean kantu batzuk kantatzera ateratzea berinetara. Nik egingo dut. Bella ciao eta Internazionala kantatuko ditugu.

«Itxialdi hau baliagarri izan dut musika collageari berrekiteko»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Itxialdi hau baliagarri izan dut normaltasun zaharrean praktikatzeko asti gutxi neukan zaletasun bati berrekiteko: musika collagea. Musika une oro entzutearen eraginez-edo, duela ia bi urte nire kabuz zerbait sortzeko beharra sumatu nuen. Software jakin baten inguruko ikastaro labur bat egin, eta nire bideari ekin nion, batez ere hain liluratura naukan sampling sport delakoaren inguruan.

Horretarako, entzuten dudan musika guztitik deigarri zaizkidan soinutxo gehienak bereizten saiatzen naiz, bateria batetik hasita, riff gustuko batekin jarraitu eta ahots bereziren bateraino helduz. Banan-banan identifikatu ondoren, kantak lortu, softwarearen menpe utzi, soinu laginak bereizi eta bildumarako gordetzen ditut, beraien arteko nahasketa inprobisatua entzuteko ondoren. Askotan nahaste oso arrotzak lortzen badira ere, beste hainbatetan konbinazio ederrak sortzen dira, baita kanta kuttunen baten erremix pertsonalen bat ere.

Teknologia digitalak biziki erraztu du duela 25 urte gure musikariek eskuz eta fisikoki moztu eta itsatsi behar izaten zituzten zinta analogikoekiko lana. Eskulangintza azoketan ez dut sekula sampling-a topatu. Sinestezina.

«Birusari ez, atzera lanera bidaltzen gaituztenei diet beldurra»

X.X. Etxeko zaintzailea

Bart esan diet familiakoei lanera itzultzekoa naizela astelehenean, eta bonba bat jaurti banie bezala hartu dute. Baina errealitatea errealitatea da, eta ezin dut esan ez naizela lanera joango, kontratu bat sinatuta daukadalako eta hau hilabete luza daitekeelako.

Nire anaietako bat New Yorken bizi da, eta hura ere lanean ari da, han hainbeste hildako dituzten arren. Hildakootako asko, geu bezalaxe, Erdialdeko Amerikakoak eta migranteak ziren. «Birusarekin bizi behar dugu», esan dit lagun batek gaur. Nik ez diot beldurrik birusari, inongo azalpen logikorik eman gabe atzera bidali nahi gaituztenei baizik. Egun batean gauza bat esaten digute, hurrengoan beste bat, eta sekula ez dugu geure kabuz erabakitzen. Astelehenean itzuliko da auzo bat ere. Bake ederra hartuko dute paretek, etxe barruko gure ibilerak hain luzez entzun behar izan ostean.

Duela hamar egun lanean hasi ziren langileen arrastoan goaz geu ere, langilerik gabe dirurik ez dela egiten ahaztu gabe. Ez dugu ahaztu, ezta ere, gaur zapaltzen dugun mundu hau ez litzatekeela den bezalakoa duela hamarkadetako beharginek porlanez estali izan ez balute, beren ugazaben aginduak betez. Eta gaur, lehengo langileok zahar bihurtuak direnean, euliak balira bezala utzi dituzte hiltzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.