Koronabirusa

TERMOMETROA (VIII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehazgabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

«Goxotasunetik zigorretik baino gehiago behar dugu orain, nire ustez»

Josebe Blanco Baserritarra
 
Atzo gauean, bideo bat ikusi nuen Twitteren, Asturiasen grabatua. Udaltzain batzuk azaltzen ziren han, polizia-autoko bozgorailuetatik herriko umeei Pikatxuren gutun bat irakurtzen; eta auzo osoari esaten itxialdia maitasun ekintza gisa bizi daitekeela. Hain humanoa iruditu zitzaidan, hunkarria ere egin zitzaidan.
Gaur lagun batek esan dit bera erosketak egitera maizago aterako litzakeela, baina ez duela egiten, kalean aurki ditzakeen polizien jarrera autoritarioen beldurrez. Gogorra iruditzen zait, askatzaile izan beharko lukeen gertaera batek beldurra sortzen diolako.
Ni neu ere, kalera astean behineko buelta egiten dudanean, nahiko tentsiorekin abiatzen naiz etxetik. Batetik, ez dudalako neuk kutsatu nahi eta ez ditudalako besteak kutsatu nahi. Bestetik, Poliziak errepidean geldituko nauen kezkak urduri jartzen nauelako: hasteko, euskaraz egiteko aukera ez dizutelako ematen; gero, ez dakidalako kargu hartu behar ote didaten. Horregatik guztiagatik, Asturiasko bideoak hunkitu egin ninduen atzo, hor ageri diren uniformedunak gai direlako beren herrikideekin enpatia eta gertutasuna sentitzeko, uniformeak ez dielako humanitatea ito. Eta oraintxe bertan, goxotasunetik behar dugu zigorretik baino gehiago, nire ustez.

«Tristea da esatea, baina espero zitekeena ari da gertatzen»
 
Markel Flores Larrialdietako erizaina
 
Betikoa bihurtzen hasi zaigu berez berezia den egoera: ingreso mordoa, paziente adinduren bat noraezak jota, segurtasun protokoloa... Tristea da esatea, baina espero zitekeena gertatzen ari da. Atzo bertan, gaixo bat ospitaleratu behar genuela-eta, itxoiteko esan zidan lankide batek, ezingo nuela gelara igo ehorztetxekoak etorri eta hil berria zen bat eraman eta garbiketak egin arte.
Aldarte onez aritu nintzen lanean, hala ere. Paziente asko ikusi nuen —azken egunotako joera baieztatuz, gero eta gazte gehiago—, eta ez nuen eztabaidarik izan inorekin. Afalorduan, Espainiako Gobernuak erositako 9.000 test homologatu gabeen gaia atera zuen lankide batek. Hogei minutuko tartea izaten dugu afaltzeko eta kafe bat hartzeko, zer esan daiteke horri buruz... Txistea ematen du, baina zeharo tristea da. Ondo pentsatuta, ez nau hainbeste harritzen, gauzak azkar eta itxurakeriagatik egiteko joera horretara ohituak gauzkatelako.
Lanetik etxera bueltatu nintzenean, goizeko ordu bata eta erdiak izango ziren, bi hanburgesa jan nituen. Antsietateak izango du zerikusirik jan behar horrekin. Telebista aurrean eserita egin nuen lotarako puntua hartu arteko denbora.
 
«Parisen 16 urteko neska bat hil dela jakiteak barrua mugitu dit»
 
Aña Iriart Unibertsitate ikaslea
 
Neska gazte bat hil da Parisen, 16 urterekin, koronabirusak jota. Lagunak erran dit, eta barrua mugitu dit albisteak. Ez dut beldurrik sentitu, baina eritasunak gazteok ere hunki gaitzakeela pentsatu dut, eta deus ez genuela arriskatzen erraten ziguten. Horri buruz aritu gara hizketan.
Iduriz, asteburu honetan eta heldu den astean izanen da hemen eri kasuen kopuruaren gailur jotzea. Hori erraten dute; nik ez dut ulertzen zer adierazi nahi diguten. Agintariek arreta berezia eman behar zaiola dioten ber denboran, medikuak eta osasun zerbitzuetako langileak kexu dira, batere laguntzarik ez dutelako eta gainkatuak direlako lanarekin. Dakidana da eritasuna ari dela hurbiltzen, «halako eztulka ari da», «bestea ere eritu da» irakurtzen hasi naiz ene sakelakoan.
Beste albiste bat ere arreta emangarria iruditu zait: pertsona batek Polizia deitu du, erranez bere auzoa sobera ateratzen zela etxetik. Jendeak zelatan ari dira. Ez dut konprenitzen zergatik.
Lorcaren La casa de Bernarda Alba-ren azken agerradia irakurriko dut orain. Irakurketa aproposa izan daiteke Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ixteko. Ez dakit nola bukatuko den, baina obra horren hastapenean ere neskek etxean egon behar dute, geu garen bezala.

«Beldur naiz txakurra datozen asteetan betiko alfertuko ote zaidan»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

«Bere burua atxilotzen duen animalia bakarra gara», Anestesia taldeak Gatibutasunean kantan zioen moduan. Azken egunotan buruan bueltaka eduki dut kanta hori, baita Ultra-komunikatzen disko kontzeptual osoa ere. Ez nau sobera aztoratzen halako artelanak orain entzuteak, beti izan bainaiz nahikoa etxe-zuloa. Dena den, bada kezkatzen nauen kontu bat: txakurra behar beste ateratzen ez dudalako sentimendu etsipengarri samarra daukat. Zorionez, Ikatz ez da kume bat, txakur zahar barea baizik; baina beti atera izan da askotxo, eta, 13 urte dauzkan arren, oraindik ez du ibiltzeko zailtasun handiegirik.
Datozen asteetako mikro-paseoen ondorioz guztiz eta betiko alfertuko ote zaidan, beldur naiz. Ibilbidea askotxo laburtu diot denboran eta espazioan, eta udaltzainekin ere elkarrizketa eztabaidatsu samar bat eduki nuen aurreko batean, etxetik gehiegi aldendu omen nintzelako. Pentsu kantitatea zertxobait jaitsi, igogailuan etxeratzean solairu bat beherago gelditu ariketa pixka bat egiteko... Etxean bakarrik geratzearen katastrofea tarte batez ekidin duen arren, espero dut ibilaldi barregarrien aro hau txarregia ez izatea beretzat. Kezkatzen nau, ez pentsa!

«Estresa nabaria da jada gure etxean; oraingoz ez dut kexatzeko arrazoirik»

X.X. Etxeko zaintzailea

Gure gorputza hain da sinesgaitza eta misteriotsua, 21 egunean ohitura txar bat galdu eta on bat irabaz dezake. Hala diote, bederen, eta horrexegatik iratzarri naiz gaur ere goizeko seietan, itxialdi hau hasi aurreko egun guztietan bezalaxe. Ohitura ez galtzearren, hau guztia amaitzean lanera zazpietan abiatzeko gauza izatearren, ez dut alarma kendu nahi.
Lan egunetan, arratseko zortzietarako bueltan izaten naiz etxean, gutxi gorabehera, eta nire gauzetan hasten naiz: afaria prestatzen, dutxa hartzen, seme-alabei ahal denero deitzen... Gaueko hamaika eta erdietarako, lo izaten naiz, eta loaren ordutegiari eusten saiatzen ari naizen honetan, etxean bizi diren beste sei pertsonen joan-etorriak entzuten ditut nire gelatik. Estresa nabaria da jada, tarteka; ez dut kexatzeko arrazoirik, oraingoz. Edozer gauza gertatuko balitz, nori abixatu behar niokeen pentsatzen aritu naiz. Logela batean sartuta zaudelako eta etxean gizonezkoak daudelako. Egunek aurrera egin ahala, kaiolatutako lehoi artean sentitzen hasten zarelako, eta alarma guztiak piztuta egon behar duzulako. Oraintxe idatzi diot horri buruz alabatzat daukadan lagun bati. Beste etxe batean bizi da, beste bi emakumerekin; bakoitza bere umeekin. Hura ondo dago.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.