Koronabirusa

TERMOMETROA (47)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Mendeetan sortutakoa hamarkada gutxi batzuetan txikitu dugu »

Josebe Blanco Baserritarra

Joan den astean Abadiñoko Mendilibar-erdikoa nola, hala eraitsi dute Illarramendi baserria Andoainen. 400 urteko historia 40 minutuan desagerrarazi dute, 500ekoa gaur zortzi bezalaxe; 900 urte pikutara, progresoaren izenean. Eta progresoa dira trena, industrialdea eta Mercadona.

Bikotekidearen ama oso emakume azkarra zen, eta hark esaten zuen belardi batean pinua ederki etortzen dela, baina pinudi batetik belardia ateratzea ez dela batere erraza. Garapenari trabarik egiten ez dion bitartean onartzen da nekazaritza ondarea. Mendeetan sortutakoa hamarkada gutxi batzuetan txikitu dugu. Hartzen dira baserriak eta nekazaritza lurrak zabortegiak, errepideak eta ez dakit zer egiteko, eta pentsatuko dute Araba osoa berotegi hidroponikoz betetzetik etorriko dela gu denon elikadura burujabetza. Ahoa betetzen zaie baserritarrokin, eta, komeni zaienean, paretik kentzen gaituzte. Nora joan behar dute nekazari gazteek? Edo ez ditugu gogoan?

Momentu batzuetan, neure buruari galdetzen diot: «Magia pixka bat egongo da, ez? Illarramendi baserrian jaio, bizi, maitatu, hil, barre, negar egin dutenen zerbait geratuko al da hor?». Oso minduta nago. Zinismoak mintzen nau. Eta nekazaritza sindikatuak ez dakit nora begira dauden.

«Jende asko etorri zitzaigun; ospitaleratze ugari egin genituen atzo»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Atzo, aspaldiko partez, egurra izan genuen lanean. Trauman hasi nuen txanda, baina ez zen paziente askorik nire sailean, eta, besteek zeukaten mugimendua ikusita, laguntzera joan nintzaien. Jende asko etorri zen larrialdietara; ospitaleratze ugari egin genuen. Lanetik 22:00etan atera behar nuen, eta 22:30 baziren irten ginenerako. Halako panorama zegoen, lotsa ere eman zigun hurrengo errelebokoak utzi eta alde egitea.

Nahasmen dezente izan genuen. Adineko jende asko etorri zen. Diabetiko bat, esaterako, azukre maila oso altu zuela. Hiruzpalau aste bazeramatzan horrela; oso gaizki zegoen. Osasun etxea itxita, etxean bakarrik-edo, kontrola nola egin oso ondo jakin ez... eta halaxe dator jendea azken asteetan.

COVIDaren aurretik, 280-300 paziente inguru artatzen genituen larrialdietan egunero; 200-220 inguruan egongo da orain ohiko larrialdien batezbestekoa. Koronabirus zirkuituan, berriz, 50en bat izanen dira egunean.

Lanetik irten nintzenean, lagun bati deitu nion. Ez nuen zuzenean etxera joateko batere gogorik, nekearen nekez. Etxepe batean egon ginen, lasai asko, hizketan eta garagardo bat hartzen. Lasaituta sartu nintzen etxera.

«Droneek-eta kosta guztia pasatzen dute, argazkiak hartzen»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Azterketak bukatu berri, atseden hartu nahi dut. Uztailean hiru astez eta agorril osoz lana egin behar nuke, udalekuetan. Horien antolatzaileek erran digute, baina, ekain hastapenean ukanen dituztela xehetasun gehiago, eta, horien arabera, ikusiko egin ala ez. Segurtasun neurriak gehiegi eta biziki zailak baldin badira plantan ezartzeko, erabakiko dute ez egitea. Hala balitz, beste lanen bat atzeman beharko dut.

Ez nekien batere, baina zaintzan aritzen diren pertsona batzuk badira hondartzetan, eta horietako batek erran digu ezin dela gehiegi egon horietan, prefetak nahi dituelako berriz itxi, jendeak ez dituelako gehiegi errespetatzen arauak. Orain hasten bagara errespetatzen, uda honetan hondartzak irekiak izanen dira; bertzenaz, ez. Badira, iduriz, droneak eta helikopteroak kosta guztia pasatzen dutenak argazkiak hartzen. Angeluko Urrezko hondartzako zaindariak erran digu hori guztia. Eta egia da, albistegien arabera.

%36 emendatu dira bikotekidearen eraso matxista salaketak Frantzian —ezkontidearen bortxa gisa jasotzen dituzte estatistiketan—, Berdintasunerako estatu idazkariak erran duenez. Inor ez da harritu. Angeluko hilketa matxista ekarri dit gogora datuak. Oso aspaldiko albistea dirudi.

«Bi lanegun besterik ez dut ukan azken hamar egunetan»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Badira hamar bat egun lanera itzuli nintzela eta, bi atseden egunetan izan ezik beste guztietan berez lanera joan beharko nukeen arren, kontrako inertzia batean ikusi dut murgildua neure burua: bi lanegun besterik ez dut ukan. Gainontzeko egunak, nolabaiteko indulturik ezean, etorkizunean itzuli beharko ditut, diotenez. Espero dezagun ordainketa dosifikatua gauzatzeko aukeraren bat egotea.

Aste eta erdiko epe hau sormenerako erabili dut, ahal izan dudan neurrian. Euskal Herriko nahiz atzerriko kanten soinu laginak bereizi eta collage musikalerako erabiltzen ditudan uhin horien bilduma handitzeko profitatu dut gehienbat, eta, aldi berean, hainbat pieza atondu dut. Geurean halakoak egiten maisurik bada, Kaki Arkarazo aipatuko nuke lehenik —Zazkel eta Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeen diskoan kolaborazio izugarria du erdian!—, Triffulca Posse edota Basanabasa bezalakoak ahaztu gabe, noski.

Berotu dudan lagunen bat ere hasi zait bere piezak sortu eta igortzen, ideia berriak proposatuz. Zeinen gauza ederra den sormen txikiekin elkarri irriak sorraraztea, ezta? Inor animatuz gero, hona neureak: https://labur.eus/termometroa.

«Goizeko seietatik arratsaldeko hirurak arte nabil maskararekin»

X.X. Etxeko zaintzailea

Maskara espazio itxietan eta txikietan erabiltzea derrigorrezkoa da behingoz. Aspaldi daramagu batzuek! Goizeko seietatik arratsaldeko hirurak arte bai, bero itogarriarekin ere. Bi darabilzkit nik: lanean bat eta kalean bestea. Nagusiek hiruzpalau eman dizkidate, astea egiteko lain; kalekoa neurea da, oihalezkoa, eta behar adina garbi dezaket.

Atzo txikiarekin atera nintzen berriz, jardinera jolasera, etxekoandreak bilera zeukalako, etxekogizonak ere bai, eta bi ume zaharrenek eskola; ordenagailuarekin denak. 35 minutu egin genituen baimendutako ordutegitik kanpo. Eta ordutegiak garrantzitsuak dira. Denontzat. Nire lagunik onena, esaterako, zorionekoa da horretan: lanaldi osoz bueltatu da lanera, ordutegi malguarekin. Nik lanaldi jarraitua daukat adostuta nagusiarekin, baina deitu egin dit gaur, eta goiz eta arratsalde joan naiz lanera. Neure ordutegia aldatu behar izan dut, nagusiak berea aldatu beharrik ez izateko. Behin lanean, etenik gabe aritu naiz. Hiru haur dauden etxean, hala dira kontuak. Bizi naizen etxeko ezkaratzea garbitzen duen euskaldunak beti esaten dit: «Bedeinkatua lana, ez delako sekula bukatzen!». Arrazoia eman ohi diot, baina a zer lasaitua lanetik irteteko orduak jotzen duenean!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.