Koronabirusa

TERMOMETROA (XIII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Agintean daudenek denok babestea espero duzu; baina ez»
Josebe Blanco Baserritarra
Herriaren babesa sentitzen dut baserritar eta autonomo gisa. Aldi berean, baina, abandonatuta sentitzen naiz. Txikia izanik ere, agintean daudenek denok babestea espero duzulako; baina ez. Azokak bertan behera uzteko dekretua etorri zenean, gure agintariek sinatu egin zuten. Han ez zen borrokarik egin, ez zen elkarrizketarik egin komunikabide guztietan neurria salatzeko eta gure nekazari izaera aldarrikatzeko. Berdin esan nezakeen tabernariez eta bestez. Handiaren alde agertzen dira. Langile batzuek lanera joaten segitu behar dute, horrek salbatuko omen du ekonomia. Eta atzean geratu diren milaka langileak zer? Alokairuak eta argindar fakturak bertan behera uzteko ere indarrik ez dute egin.
Sailburuak esaten, askok deitu diotela telefonoz, kexaka. Benetan ari al dira? Nik ez daukat beren telefonoa, azken autonomoek ere ez; deituko genieke. Nik ez dut nahi mikro-mailegurik eta autonomo kuotak atzeratzea; nahi dudana da Madrilen presio egitea gure alde, eta kuotak bertan behera uztea. Ez ditut 1.000 euro ordaindu nahi lau hilabete barru.
Beharbada, hemen ere hierarkia bat dago azpian. A ze sorpresa! Datozkigun garaietarako, argi daukat txikion salbazio bakarra izango dela gure artean elkartzea; eta autarkia. Animoz ondo nago.

«Jendea minez egoten da etxean, ospitalera ez etortzearren»
Markel Flores Larrialdietako erizaina
Arnasketa sistemarekin zerikusirik ez zuten larrialdietako zirkuituan aritu nintzen atzo, eta paziente dezente etorri zen. Sabeleko minez-eta, adineko asko. Beren burua justifikatzen aritu ziren gehienak, ospitalera etorrita norbaiti kalte egiten ariko balira bezala. Garbi ikusten ari gara: jendeak denbora egiten du etxean minez, ospitalera ez etortzearren. Askok, beldurragatik. Atzoko txandako paziente batek, esaterako, seme-alabek aginduta etorri zitzaigula bota zidan, berak ez zuela nahi. 80 bat urte zituen, egunak zeramatzan etxean tripako min handiarekin.
Larrialdietara etorritakoen kopurua ez da jada joan den astekoaren parekoa. Sotoan jarri ziguten kanpaina ospitaleak itxita segitzen du. Behaketa Eremuan prestatu duten bederatzi oheko ZIUa ere ireki gabe dago oraindik. Beharko balitz, hemezortzi ohe ere izan ditzake unitate horrek.
Ospitaleko plantak hustu eta birmoldatu, lantaldea eta protokoloak egokitu... Duela sei hilabete ere, larrialdiak goraino beteta izaten genituen. Lan kopurua baino gehiago, lan egiteko moduak ziztu batean aldatu beharra izan da koronabirusak ezarri digun legerik gogorrena. Eta egokitu gara.

«Zuzendariak erran dit uztaileko gure udalekuak eginen direla»
Aña Iriart Unibertsitate ikaslea
Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filma ikusi genuen atzo etxean. Biziki maitatu dut lan hori. Guk ez dugu janariarekin horko arazorik, baina bizi duten egoerak ematen du zer pentsatua gure itxialdian.
Goiz honetan bigarren bilera ukan dugu udalekuetako arduradunarekin, oren osoz. Lau lagun ginen: arduraduna bera eta hiru animatzaile. Zuzendariari galdetu diot ziur den udalekuak eginen direla. Baietz erran dit, gureak uztailean direla eta ordurako bukatua izanen dela konfinamendua, haren ustez; ez du ukan mezurik erranez haurren egonaldiak ezeztatuak izanen zirela.
Ordenagailu aurreko talde batzar anitz ez dugu egin orain arte. Lagunekin ere ez. Eginen dugu, segurki. Bideo laburrak eta txantxak partekatzen ditugu anitz. Jendeak bideoak egiten ditu; biralak bilakatzen dira. Familiakoek daukagun taldera halakoak igortzen ditugu. Nik ikasi nuen Etxepare lizeotik ere galdegin dute bideo baten igortzea, nahi duguna kontatzeko. Badira hamar bat bideo, non batzuk bertsotan ari diren, bertzeak errezeta batzuk erakusten. Badugu gure hezkuntza aholkulariaren bideo bat ere, tomateen landatzen, eta irrigarria da pixka bat. Nik ez dut deus egin oraindik. Ideia bat baldin badut, eginen dut, bertzenaz ez.

«Beilatoki atarian auto gutxi zegoen; lau pertsona irten dira»
Urko Rodriguez Autobus gidaria
Fidel lankidearen mezua:
«Eguna goiz hasi dut. Atzoko albiste txarra buruan, Jonen heriotza eta gaur Dbusen murrizketak. Bueltatuko gara normaltasunera. Gure egoera pribilegiatua da beste askoren aldean. Oso bidaiari gutxi. 'Gasolioa alferrik botatzea?', pentsatu dut. 10:00etan, atsedena. Parte Zaharretik ia bakarrik ibili naiz. 'Pribilegiatua ni, aukera hau dudalako', pentsatu dut. Dendan lagunak agurtu eta buelta lanera. Orain 25 linean, Añorgakoa. Bidaiari apurrak 18 metroko autobusean. Xalbadorren Heriotzean irratian; malko batzuk erori zaizkit. Segi lanean; eta ikusi ditut ilarak supermerkatuetan, poliziak galdezka eta zakurrak paseatzen. Beste abesti bat: Xabier Leteren Habanera. Abesten aritu naiz gidatu bitartean. 13:00 aldera Errekalden nengoen. Beilatoki atarian ibilgailu gutxi zegoen arren, lau pertsona atera dira kanpora. Abiatu naiz eta bai, haiek dira. Ama eta anaia zeuden. Beste gertuko senide eta lagunik ezin egon, eta berriz ere pribilegiatu sentitu naiz. Bulebarrerantz negarrez joan naiz, eta Infernu inguruan bizi den etorkin kuadrillakoak ikusi ditut boluntario gazte batzuekin. Jada etxean nago, eta idazteko beharra ase dut».
Atsekabea kobazuloan.

«Sekula ez diote utziko gu zomorrotzat hartzeari, ezta pandemian ere»
X.X. Etxeko zaintzailea
Ondo nago. Ondo triste, ondo gaizki nago. Goizeko ordu bata arte ez dut begirik bildu bart, ezinaren ezinaz, burua zoratuta. Atzo arratsean, hainbat egunez harekin komunikatu ezinean ibili ondoren, lagun batek idatzi egin zidan,elikagai bankura janari bila joatean gertatutakoa kontatuz.
Joan da lagun hau bankura, hilero bezala, autobusez, bere maskara eta eskularruak soinean eta gurditxoa aldean; heldu da hitzordua baino ordu erdi lehenago; eta hurbildu da ondoko parkera, etxebizitza bloke artean, denbora egitera. Eserita dagoela, ondotik pasatu zaizkio bat ogiarekin, bestea txakurrarekin... eta hara non leihoetan gero eta jende gehiago dagoen. Janari bila joateko ordu laurden falta denean, azaldu zaio Polizia. Erakutsi dizkie hitzorduaren papera eta nortasun agiria. Utzi dute bakean, eta polizietako batek: «Hemen zertan ari ote zinen galdezka deitu du jendeak, horregatik etorri gara».
Zer da, deitu zutenek ez zekitela hor elikagai banku bat dagoela? Eta zer? Dena jakin behar al dute gutaz? Zer da, bestelako kutsatze baten beldurrez bizi direla?
«Sekula ez diote utziko gu zomorrotzat hartzeari, ezta pandemia baten erdian ere», idatzi zidan lagunak. Arrazoia du.
Ez dut gehiago esateko. Gaur ez. Asaldatuegi nago.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.