Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXIV)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Kaletarren ageriko bizimodutik kanpokook ikusezinak gara»

Josebe BlancoBaserritarra

Alarma egoeran legeak egiteko garaian, beti egiten dira hiriko ikuspegitik. Ez da fenomeno berria, eta, komunikabideetan ere, ikuspegia guztiz kaletarra da. Gaur, esaterako, atzera ateak ireki dituzten ileapaindegiez-eta aritu dira irratian, eta botikarik, medikurik, postetxerik, garraio publikorik gabeko herriak ere badira hemen, eta inon ez dira ageri. 5.000 biztanletik gorako herriek ordutegi antolatuak dituzte, baina herri gehien-gehienetan bada auzoren bat edo etxe multzoren bat, oso aparte, 100 biztanleko herrien martxan bizi dena praktikan. Halakoei buruz, komunikabideetan, ez da ezer aipatzen; eta aipatzen bada, da kaletarrek aukera daukatelako horra joateko. Abiapuntua eta helmuga beti da berbera: kalea. Sekula ez gara gure munduaren erdigune, beti agertzen gara besteen bueltan.

Kalean bertan bizita ere, batzuk ez dira agertzen inon. Aurrekoan, esaterako, Gasteizera banaketa egitera joan nintzenean, prostitutekin akordatu nintzen. Non eta nola ote daude? Beste hainbeste esan daiteke drogen menpe bizi direnei buruz: non eta nola bilatuko ote dute orain beren dosia? Oso egoera desberdinetan bizi gara, esan gabe doa, baina haiek ere, kaletarren ageriko bizimodutik kanpoko gainerakook bezala, ikusezinak dira.

«Lanean hasi nintzenetik lehen aldiz, opor ordainduak izango ditut»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Igandean, lan txanda bukatutakoan, lankide batzuk geure kontuetaz aritu ginen hizketan; denok erizainak, denok hogeita gutxi urtekoak. Tartetxo bat egon ginen, ez gehiago. Hau dena hasi zenetik, ez dugu hitz egin ia gure artean; arraroa ere bazen lankideekin bata berezirik-eta gabe egotea. Bat etorri ginen martxoko bizipenak gogorrak izan zirela esatean, baina oso gustura geunden, aldi berean. Larrialdietakoa lan berezia da, eta denoi gustatzen zaigu horko adrenalina ziztada, antza. Eta pribilegiatu ere sentitzen ginen, krisialdi betean lana edukitzeagatik eta egunero etxetik irten ahal izateagatik.

Suspertze Gelan egon naiz asteburuan. Sei ohe ditugu hor, eta bost beteta genituen. Lana izan dugula, alegia; eta paziente bereziak. Asko ikasi dut, beraz; oso gustura nago horregatik.

Gustura nago, baita ere, abuztuaren 31ra arte lana izango dudalako. Nagusiak baieztatu dit. Eta opor ordainduak izango ditut, lehendabiziko aldiz lanean hasi nintzenetik —hil amaieran beteko dira bi urte ikasketak bukatu nituela—. Ez nuen espero. Normalean besteren oporren hutsuneak betetzen aritu izan naiz. Aste honetan jakingo dut zenbat egun izango ditudan hartzeko, zehazki.

«Bi azterketa eginen ditut bihar sarean; bina oren ditut bukatzeko»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Ikasketetan etena egin dut asteburuan: egun guztiz atera gara oren bat, Baionan itzuli bat emanez; eta, gero, etxean, jokoak eta musika. Geu jaio aitzin sortu eta desegin zen talde baten musika entzuten egon gara: Hertzainak-ena. Maite dugu anitz.

Astelehenarekin, ikasten hasi naiz berriz, bihar baditudalako hizkuntza azterketak: goizean ingelesarena; arratsaldean espainolarena. Sarean eginen ditugu bi azterketok; bina oren izanen ditugu bakoitzarentzako. Oren laurdeneko atzerapena onartuko digute, gehienez, plataforman gure erantzunak ezartzeko, ordenagailuarekin denok ez ditugulako erraztasun berak. Ingelesak ematen dit beldur gehien; espainolez dezente hobe moldatzen naiz. Biak ikasten genituen lizeoan, baina ingelesarekin zailtasunak ditut, fonetika arloan batez ere; ez da gustuko dudan hizkuntza bat.

Datorren astean txanpa gogorra datorkit, beste hiru azterketa baititut: euskal gramatika, euskal literatura eta linguistika. Datorren astean hasiko dugu deskonfinamendua ere, eta jendea haserre da oraino. Seaskako kolegioetako zuzendariek komunikatu bat eman dute, adibidez, erranez ez daudela batere ados ezarri diren neurriekin. Amak errana da 11n badutela bilkura bat, eta aste oso bat berriz sartzea prestatzeko.

«Autobus gidari batzuei maskara jantzarazi diete; beste batzuei, aldiz, ez»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Igandera arte Hego Euskal Herrian garraio publikoan maskaren erabilpena oso gomendagarria bazen, atzotik derrigorrezko bihurtu zaie bidaiariei. Gidariei dagokienez, aldiz, zalantzak dauzkat; izan ere, bidaiariekin harreman zuzena duten langileek ere maska erabili beharko dute. Orain galdera: gidariok bidaiariekiko harreman zuzena dugu? Egunotan, ez.

Beste enpresetako gidariengandik jakin izan dudanez, batzuei maskara jarri diete derrigorrez; beste batzuei, aldiz, norberak erabaki dezan utzi. Azken aukera hori askoz zentzudunagoa iruditzen zait, gidari postuaren inguruan segurtasun tarte nahikoa bermatua baitugu. Isolamendu espazial horrekin aski litzateke: gidarion belarrien atzealdeak lasaiago leudeke, eta betaurrekoak dauzkatenei ez litzaizkieke begi-lagunen kristalak lurrunduko. Ez dugu zortzi orduz ahoa eta sudurra estalita eramateko arrazoirik.

Duela hainbat urtetako epai bat ekarri dit gogora honek: Donostian kontratatutako gidari berriek euskaraz jakitea derrigorrezkoa ote zenetz ebatzi behar zuten; garai hartan aurreko atea ez zegoen egun bezain erabiltezin, eta gidariok bezeroekiko dugun tratua okasionala zela ebatzi zuten orduan.

«Haurrak hazita eta oso lasai aurkitu ditut, zoragarri; ez ditut ukitu»

X.X. Etxeko zaintzailea

Leher eginda nago. Lehen lan eguna martxoaren 20an neure burua itxi nuenetik, eta hebainduta bueltatu naiz etxera. Kirioak dantzan atera naiz kalera, artega oso, eta joan-etorria oinez egin dut, metro zulora sartzeak urduri jartzen ninduelako, eta, 30 gradu zeudenez porlanezko mundu honetan, flakiak eman dit ia. Bihar metroa hartuko dut, ea ze giro aurkitzen dudan hor behean.

Bost ordu eta erdi egin ditut jarraian. Etxekoandrea eta senarra, biak ari dira lanean etxetik, eta haurrak eskolara konektatuta daude. Ez andrea ez bere umeak ez dira etxetik irten ia, eta senarrak egin ditu etxerako erosketak normalean. Haurrak, berriz, zoragarri aurkitu ditut, hazita eta oso lasai, mainarik gabe. Harritu ere egin naute, egia esan. Ez ditut ukitu. Garrotea atera behar izan dut etxeko jira egiteko, maskara soinean eta bi metroko tartea gordez une oro. Hainbeste denbora lanik egin eta ganoraz mugitu gabe, eta, aurpegi erdia estalita egurrean, zorabiatu naiz ia-ia. Horregatik heldu naiz etxera leher eginda. Hemengo auzoa ere ahituta itzuli da lanetik. Etxe honetan bizi garen zazpi lagunetatik hiruk lantokia zapaldu dugu berriz gaur.

Ailegatu orduko ohean etzan, eta seko lo geratu naiz. Bihartik aurrera errazagoa izango ahal da!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.