Koronabirusa

TERMOMETROA (39)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Dirua gastatu eta bozak egin, horiek egin nahi dituzte; ez dago besterik»

Josebe Blanco Baserritarra

Gobernatzen duenak gobernatua errespetatzen eta aintzat hartzen du. Gobernatzea eta agintzea ez dira gauza bera: agindua da goitik behera datorren arau bat, guztiz arbitrarioa izan litekeena; gobernantzak beste patxada bat eskatzen du, arbitrariotasunik gabe, irizpide jakin batzuk betetzen dituelako. Asteburuan arbitrariotasuna bizi izan dut, inongo irizpiderik gabe. Pena ematen dit esateak. Iruditzen zait deskonfinamendu fase aldaketarako agindua bera zela hemengo agintarien helburua, ez aginduaren mamia. Azkenean, behar duten egoera da hau, nahi dituzten denak egiteko: hauteskundeak eta dirua gastatu. Ez dago besterik.

Zer erabaki behar dut nik pertsona eta guraso gisa: arbitrariotasunaren aurrean sumisioa, ala planto egitea? Bizitzarako irakaspen bat da; ume izateari utzi eta heldu erabakiak hartu behar ditugu. Ezin ditut burutik kendu X.X.-en hitzak: «Patroiak altxatu egin dira. Gu?».

Eta gaur, artegira jaitsi eta asko maite nuen ardi bat hilda topatu dut. Dotore zuen izena, eta Kleopatraren lehendabiziko alaba izan zen. Kleopatra ahari bat zen, esfingea zirudiena. Dotorek aitaren adarrak zituen. Eta hil egin zaigu. Gaur bihotza eta gogoa hor ditut; ez Urkullu, Tapia eta enparauen aginduetan.

«Lankide batzuek azken astea dute hau larrialdi zerbitzuetan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Asteburua ondo joan da lanean. Triajean eta Suspertze Gelan egon naiz. Beti bezala, mila zalantza sortu zaizkit, baina kontentu itzuli naiz egunero etxera. Ez zaigu jende asko sartu larrialdietara; koronabirusari lotuta, gutxi. Bueno, egia esan, etortzen zaigun jende bat ez dugu jakiten non sartu; bihotzeko arazoekin etortzen zaiguna, esaterako, kardiologiara bideratzen dugu, baina koronabirusa ere izan dezake. Gehiegi lasaitzen ari gara, agian.

Lankide batzuek azken astea dute larrialdietan. Duela hilabete ere antzeko gauza gertatu zen: bospasei erizain beren osasun etxera itzuli ziren. Nik berez abuztuaren 31ra arte daukat kontratua, eta dagozkidan opor egunak aukeratu ditut jada; iritzira, udako txanden egutegirik ez daukadalako. Ez dakit nire opor egunek talka egingo ote duten txanda horiekin. Nahiko buruhauste badute hori dena antolatu behar dutenek, eta argituko didate ahal dutenean.

Joan den astean hiru egunez egin nuen lana, eta gainerakoetan, atseden. Aste honetan ere, berez, larunbata nuen lanegun bakarra, baina oraintxe deitu dit nagusiak, lankide bat gaixotu dela eta ea ordezka dezakedan gaur gauean. Baietz esan diot.

«Amak erran du anai-arrebak etxean geratuko direla, eskolara gabe»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Deskonfinamenduarentzat aro txarra dugu; beraz, jende gutxi da oraindik karriketan. On egingo du horrek, agian, jendea ez baita saldoka aterako. Baionan etxez etxe banatu dituzte maskak, herriko etxearen ekimenez, autobusetan-eta beharrezkoa baita maska ezartzea. Larunbatean jin dira, horien banatzeko, eta nik ukan ditut hiru. Erabiltzen ahal dira behin baino gehiagotan, eta behar dira usu garbitu.

Gaur hastekoak dira haurrak eskolan, baina haizu duzu hautatzea zure haurrak igorri ala ez, eta amak erran du etxean geratuko direla nire anai-arrebak. Aitatxik eta amatxik zainduko dituzte, haien eta gure amaren etxea elkarren ondoan baitira. Ahizparen ikastolan, badira 50 haur, eta bederatzi sartuko dira berriz.

Aste hau azterketa partzialen astea da, eta uste dut ikasleok etxean izanen garela bereziki. Aste ona hautatu dute deskonfinamendurako, beraz. Nik neuk banuen azterketa atzo, euskal literaturako, eta ontsa pasatu da. Jon Miranderen olerki bat ukan dugu, testu azterketaren egiteko: Ortziren zaldunen gugu-kanta. Biziki maite dut Miranderen olerkia, eta gustura egin dut. Gaur arratsaldez beste partzial bat izanen dut: hizkuntzalaritza. Badira informazio anitz barneratzeko, eta pixka bat zaila da.

«Euripean egin nuen aspaldi arrankatu gabeko autoraino»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Atzo itzuli nintzen lanera 49 eguneko itxialdiaren ostean. Hauxe laburpen telegrafikoa:

04:30ean esnatu, gosaldu eta kalerako prest. Euripean aspaldi arrankatu gabeko autoraino. Bateria lagun, bagoaz. 05:15ean aldagela zigilatuen atari aurrean. Eguneko lehen mesedea eskatu diot segurtasun langileari. Nik baino lo aurpegi handiagoa zeukan gaixoak, eta portatu da. Lanerako tramankuluak eta hurrengo egunetarako jantziak ateratzea lortu dut. Lehen bidaiariak 05:55ean; dozena pasatxo Altzatik Bulebarrera. 06:30ean 28. lineako errefortzu lanak hasi ditut, ospitalerako bidean inor kalean gera ez zedin. Gehienezko edukieratik nahiko urrun, Anoetan Topotik zetozen langile labekadak jaso eta ospitalera eta Miramonera eraman ditut, ohiko zerbitzuei lagunduz. 08:20an-edo, garabitzar batek zuhaitz adar lodi bat errotik ebaki du istripuz Madril Etorbidean. Gutxigatik izan bada ere, hari bat libre geratu da. Fortuna Jainkoa bateria eta segurtasun langilearen bandokoa izan da gaurkoan.

09:15etik 10:00etarako atsedenaren ostean, Altzatik erdigunerako bi bidaia eta parte zaharretik Altzarako beste bat egin ditut, 30 bidaiariko mugatik pasatu gabe, nik uste.

«Ezin da eguzkia ezkutatu; ezta terraza batean zerbitzatutako koparekin ere»

X.X. Etxeko zaintzailea

Atzo fase berriko lehen eguna, eta erabat ahaztuta irten nintzen etxetik lanera. Arratsean, beldurtuta sartu nintzen bueltan, etxerako bidean hirigunetik pasatu nintzelako, eta irekitako tabernetako terrazak jendez lepo zeudelako. Ez maskara, ez eskularru, ez segurtasun tarte, barreka eta berriketan zegoen taldea, elkar ukituz ia, ezer gertatu izan ez balitz bezala, birusa erabat desagertua balego bezala. Jendea hiltzen ari da-eta oraindik! Aspalditik dakigu goikoei ez zaiela batere inporta gure bizitza; baina geuri bai, ezta? Eta haiek ez bagaituzte zaintzen, geuk zaindu beharko dugu elkar, ala? Urrutitik begira geratu nintzaien terrazatakoei. Neure buruari galdetu nion: «Humanitatea eta bizitza dagoeneko ez ditugulako maite ote da? Momentua besterik ez dugulako maite ote da; ez dagoelako epe luzerako maitasunik?».

Lagun batek idatzi zidan Whatsappez: «Jainkoak gorde nazala. Pintxoak egiten eman behar dut eguna, jende honen artean». Ordurako, etxekoandreak esana zidan lantokian Hego Korean kutsatu berriak gertatu direla. Badugu ispilurik geure buruak ikusteko. Ezin dena da errealitatea ezkutatu. Esaerak dioen bezala, ezin dugu eguzkia hatz mutur batekin ezkutatu, ezta terraza batean zerbitzatutako kopa batekin ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.