Koronabirusa

TERMOMETROA (XXVII)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
«Zenbat gorputz eta gogo egongo ote da gero honi buelta eman ezinda»

Josebe Blanco Baserritarra

Iaz hilabete asko eman nuen gaixo, ezertarako gauza ez nintzela; hura izan zen nire itxialdia. Buruari asko eragin nion. Ordutik, minez nago beti, eta, astero, osteopatarenera joaten naiz. Joaten nintzen. Zenbaiten minarekin alderatuta, ziur aski, nirea ez da ezer, baina, alarma egoera ezarri zutenetik, ez naiz itzuli; horrek eragin handia du nire bizitzan.

Konfinamendu hasieran beldur handia izan nuen, berriz ere ohean ez ote nintzen geldituko. Asteak aurrera joan ahala, gai naiz neure lanari eusteko eta aurrera egiteko, behintzat. Jende asko egongo da ni bezala, pentsatzen dut: erditzeko dauden emakumeak, nonbaiteko mina dutenak, psikologoarengana joan behar dutenak... Indar dena zentratu da koronabirusaren aurka; ulergarria da, baina zalantzak sortzen zaizkit, ikusita noraino atzendu den jende askoren osasuna.

Pixkanaka martxa berreskuratzen hasiko omen dira osasun zerbitzuetan; atzo entzun nuen hori, eta pentsatzen aritu naiz. Ez dut ulertzen jendeak pasieran irten ezina, beharrezkoa duenean.

Nire gorputzak eutsi egin dio erronka honi, baina ikusi beharko da buelta. Ez dakit hau malgutu ahala zenbat gaitz azalduko ote den, zenbat gorputz eta gogo egongo ote den buelta eman ezinean.

«Positibo ematen badut, ez dakit zer gertatuko den kontratuarekin»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

08:35. Etxera sartu berri, gaueko txanda eginda. Arnasketa arazoak ez zeuzkaten pazienteen zirkuituan aritu naiz lanean, eta ez da gau bereziki nekeza izan, baina nekatuta nago. Atzo siesta luzea egin nuen, baliteke horregatik izatea nekea.

Bueno, atzo beste kontu bat ere izan zen. Nagusiak deitu zidan 17:00etan, TSRa egin behar zidatela esateko; lanera sartu aurretik edo ondoren, baina egin behar nuela. 21:00etan egin zidaten, bada, ospitalean, eta 22:00etan hasi nintzen lanean. Orain, emaitzen zain. Ez dakit noiz emango dizkidaten, baina horrek baldintzatuko du datozen asteetako nire bizimodua; positiboa ematen baldin badut, etxean egon beharko dudalako berrogeialdian, gainontzeko guztiek bezalaxe. Horrekin, beste fase batean sartuko nintzateke.

Abuztuaren 31ra arte daukat kontratua berez, eta pixka bat beldur naiz; positibo ematen badut, eta, behin-behineko kontratua dudanez, ez dakidalako zertan geratuko litzatekeen nire kontratua. Munduko osasun sistema onenaren pagotxa hauxe, lana galduko ote dudan beldurrez egotea oraintxe bertan. Hortik ote datorkit sentitzen dudan nekearen puska bat? Agian bai.

«Denborarekin, estatuaren laguntza sozialak apal daitezke»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Atzo biziki goiz lokartu naiz, telebista ere so egin gabe. Goiz honetan, zortzietarako iratzarria nintzen, eta, goiz guztiz bezala, joan naiz ikustera kurtsoak-eta igorri dituztenetz. Hor ari dira erraten irakasleak nola pasatuko den partzialentzat eta dena, eta irakurri ditut denak, eta ikasten. Hasi naiz errutina moldatzen ikasketetara.

Aro ederra berriz jin da; beraz, joan naiz kanpora itzuli baten egitera. Hobeto sentiarazi nau. Arratsaldean berriro ikasiko dut. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua bukatu ezinean nago. Ez naiz sartzen kontakizunean, dauzkan gogoetek ez naute hunkitzen eguneroko honetan.

Poliziak hartaratuta zangoa galdu duen gaztearen karietara, Parisko auzo aski pobreetan ari dira jendeak altxatzen, kalera atera eta sua ezartzen zakarrontzietan eta. Polizia aski bortitza izan da horien kontra; kazetarien kontra ere bai. Konfinamendu egoerarekin, gainera, dena dute alde. Protesta horien ondorioz jakin dugu Frantzian badirela horrelako desmasia gehiago, Poliziaren bortizkeriak eraginda. Hemen lasai dago giroa. Udaldiko langileak eta ostalariak lana galtzeko beldurrez dira. Estatuak laguntza sozial anitz ematen du, baina, denborak aurrera egin ahala, laguntza horien apaltzea heldu liteke. Horrek ere beldurra sortzen du.

«Ba al da gaur munduan herrialderik,gu duela 30 urte ginen bezala?»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Zoritxarreko aroa izan arren, lehenengo mundutarrok nahikoa garai onean harrapatu gaitu pandemiak. Pentsa zer litzatekeen birusa duela 30 urte etorri izan balitz. Internetera konektatu gabeko ordenagailurik eta sakelakorik gabe geundenean, ez genuen bideo deirik egiteko aukerarik ere; horren funtsezkoak diren bilera horiek ezingo genituzke egin, gutxieneko distantzia ahalbidetuko luketen aretotzarretan batzartu ezean. Meme barregarri horiek ez lirateke oso urrun iritsiko, norbanakoon imajinaziotik at.

Gobernu eta teknologia enpresa handiek ere ezingo lukete egoera baliatu —fisikoki egin ezean— gure gustuen, ideologiaren edota mugimenduen argazki are zehatzago bat ukaiteko, horraino iristeko beharrezkoa luketen teknologia garatu gabeak zirelako artean; gaur egun bai, ordea.

Gaur egun ba al dago herrialderik, gu duela 30 urte geunden egoera antzekoan? Sakelakorik existitzen ez den tokirik bada? Giza eskubide bilakatu den Interneterako konexiorik gabeko ordenagailuak darabiltzan eskualderik? Munduaren errealitateak ere urrundu dira: garapena dugunok, batetik; duela 100 urteko gure errealitatea dutenak, bestetik. Erdibiderik gabe.

«Sentimendu sublimeenak eta pozoi beltzenak ateratzen ari zaigu birus hau»

X.X. Etxeko zaintzailea

Etxe honetan bizi garenok auzo deitzen diogu elkarri, gure artean logelako pareta xume bat besterik ez badago ere. Hemengo etxekoandrea bisitan etorri zitzaidan aurrekoan, oraingoxea ez omen den gauza bat esatera: igogailuetan-eta oharrak jarri omen dizkiete osasun zerbitzuetako langileei, inor kutsatu aurretik etxe bloketik alde egiteko esaten. Auzoek. Etxekoandrearen arabera, antzeko mezuak jaso omen dituzte supermerkatu langileek; arratseko zortzietan txalo jotzera irteten ez omen direnak seinalatzeko oharrak ere agertu dira igogailuetan. Jo ta ma utzi ninduen. Horrelakoak egiten dituztenek blokeko nagusi izan nahi dute, geure etxean nagusi izatea eragotziz besteoi.

COVID-19. Urri da hizkiz eta zenbakiz, baina mami ugari ateratzen ari zaigu barrutik: sentimendurik sublimeenak eta pozoirik beltzena. Inbidia, berekoikeria, arrazakeria, esklabotza, gorrotoa eta harrokeria; barrua bete birus zeharkatzen ditu kaleak pertsonak, oso aspalditik. Koronabirusari beldurra da nagusi orain, baina bihotza askoz gauza okerragoen gordailu izan daiteke, eta pozoi hori auzo dugula bizi gara. Okerrena dena: irribarre hipokrita bat eskaintzen aritu zaizkigu egunero kalean, dendan, nonahi; eta oraintxe arte ez gara konturatu ondoan genuen jende klaseaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.