Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Terra altako faroa

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Alimara hitza katalanez faroa da. Hirien eta herrien arteko abisuak emateko mendi gailurretan suzko faroak jartzen zituzten Terra Altako (Herrialde Katalanak) paraje hauetan. Haiei egiten die erreferentzia Alimara izenak. Faroaren metafora hori darabilte, beraz, inguru hauetako ardoen kalitateari eta aniztasunari argia emateko.

Hiru marka dituzte, eta hirurek egiten diote erreferentzia argiari. Llumi pospoloa da, sua pizten duena, eta sugarra dakarrena; ardo atseginak, errazak baina kalitate handikoak, upategiko ardoak ezagutzeko lehen urratsa. El Seynal inguruaren bitartez bidaltzen den seinalea da: «Gure mezua eramanez Terra Altako bihotzetik». Marka honetako ardoak tokiko mahatsak erabiliz egiten dira, eta frutaren izaera azpimarratzeko hartzidura eta heltze prozesuak modurik egokienean egiteko ardoarentzako ontzi handiak erabiltzen dira.

Hirugarren marka La Xispa da, txinparta, urte berezietan baino egiten ez dena, cariñena eta garnatxaz egindakoa, eta ontzeko upelik bikainenak aukeratzen dira ardo berezi hori egiteko.

Upategiko logotipoa burdinazko saski bat da, seinalearen sua mantentzen duena. Etiketak sugarrak eta seinaleak adierazten ditu, burdina forjatuan, inguru hauetan material horrekin lan egiteko tradizioari keinua eginez.

Upategiaren oinarria Andy eta Ali McLeod britainiarrak dira. Oso gaztetatik erakutsi zuten ardoarekiko interesa, neurri batean haien gurasoei esker. Aitak aireportuak kudeatzeko enpresa batean egiten zuen lan, eta horri esker munduan zehar asko ibili zen, afari eta ardo bikainak ezagutzeko aukerak areagotuz. Egoera hori familiarekin partekatzea zuen gogoko.

Andyk Kalifornian eta Frantzian egin zituen ikasketak, eta, horri esker, familia enologiaren mundura hurbildu zen. Enologia ikasi zuen Kaliforniako UC Davisen, eta ia familia osoak dauka WSET (Wine & Spirit Education Trust) enologiarekin zerikusia duen tituluren bat.

2001ean Oxfordshire landa ingurunera bizitokiz aldatu zirenean, etxeko lorategian 0,2 hektareako mahasti bat landatu zuten, ardoa egiteko asmoz. Negozioa ez zen errentagarria, eta auzokoek ardo zuria doan lortzeko aukera ezin hobea izan zuten.

Baina, ardo beltza egiteko erronka aurrera eramateko, McLeodtarrek Europako hegoaldean bilatu behar izan zuten irtenbidea. Andy eta Aliren seme Robek eta haren emazte Elenak Terra Alta aurkitu zutenean, berehala erabaki zuten mahasti batzuk erostea. Bi urte geroago, bertoko ardogintza industria hobeto ezagutuz, upategi batean inbertitzea pentsatu zuten, Celler Alimara sortuz. Animo!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.