Claude Cohen-Tannoudji. Fisikaria

«Kulturaren parte da fisika nire ustez, literaturaren parekoa»

2 MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS, ESKUBID.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Fisika atomiko eta molekularraren esparruan ezinbesteko izena da Claude Cohen-Tannoudjirena (Konstantina, Aljeria, 1933). Aitzindaria izan zen laser izpiekin atomoak geratzeko, hozteko eta harrapatzeko erabil daitezkeen hainbat mekanismori buruzko ikerketan. Hori dela eta, fisikako Nobel saria eman zioten 1997. urtean.

Aitzindaria izan zinen laserrekin atomoak hotzean geldiarazten, baina zertarako balio izan du horrek?

Atomoak, moteltzean, oso abiadura ahuleko bilakatzen dira. Horrek eskaintzen dituen aukerak bi kategoria nagusitan sailka daitezke. Oso luzeak direnez, askoz ere denbora gehiagoz azter ditzakegu. Eta fisikan, behatzeko denbora zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta zehatzagoa da neurketa. Atomo luze eta hotzekin oso zehatza izan daiteke neurketa. Horrek aukera ematen du, adibidez, denbora orain arte pentsaezina zen zehaztasunaz neurtzen duten erloju atomikoak sortzeko. Bigarren kontua: atomoak abiadura ahulekoak direnean, errazago azter daitezke ezaugarri ondulatorioak. Eta, beraz, material makroskopikoen Bose-Einsteinen kondentsazioa azter dezakegu. Materiaren etapa berri bat dela esan daiteke.

Zientzia dibulgazioa askotan gai konplikatua dela uste da. Zer diozu horri buruz?

Konplikatua da, bai, baina ez beti! [Irribarre egin du]. Ongi irakasten bada, uler daiteke, eta baita erabili ere. Askotan esaten dudanez, egun erabiltzen ditugun objektu guztiek, objektu guzti-guztiek, smartphone-ek, ordenagailuek, eramangarriek, denek dituzte fisika darabilten mekanismoak. Kulturaren parte da fisika nire ustez, literaturaren pare. Fisika modu eskuragarrian irakastea da erronka. Mistifikatuz gero oso zaila da, baina badago ikasleei eta umeei fisikarako zaletasuna kutsatzerik. Oso garrantzitsua da.

Zer esango zenioke fisikan lan egin nahiko lukeen gazte bati?

Galdetuko nioke zer jakin nahi duen, mundua nola eginda dagoen, edo unibertsoa. Beraz, erantzungo nioke galdera horiek guztiak zientziari esker erantzun daitezkeela. Matematika logikari lotuta dago, eta, bestalde, fisikak azaltzen dizu gauza horien zergatia. Beraz, fisikako etorkizuneko ikasle bati hori esango nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.