Koronabirusa

Positiboak goraka, eta Urkulluk bilera bat egingo du gaur, neurriak aztertzeko

Bigarren olatuko positibo kopururik handiena atzeman dute Hegoaldean: beste 1.351 kasu. Positibo tasa %9,2ra igo da, batez ere Nafarroako datu txarren ondorioz

Osasun langile bat PCR probak egiten, Azpeitiko baheketan. GORKA ESTRADA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
COVID-19a oldartuta dabil, eta, baretu nahian, baliteke zenbait neurri iragartzea gaur. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Labi aholku batzordeko zuzendari bakar gisa, batzordearen burua izango da, COVID-19ari aurre egiteko neurri berriak aztertzeko bilera batean. Nafarroan, ez dute neurri jakinik iragarri, baina Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak gomendatu du asteburuan harreman sozialak murrizteko eta ezinbestekoak ez diren ekintza guztiak atzeratzeko. Espainiako Gobernua ere neurriak hartzeko asmotan da. Osasun Ministerioak proposatutako zirriborroak Nafarroa «muturreko alerta» egoeran ezarri du; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, berriz, «maila handiko alertan». Horren arabera, hainbat neurri har ditzakete, besteak beste, mugikortasunari eta bildu daitezkeen pertsona kopuruari lotuta. Asteazkenean eztabaidatuko dute zirriborroa.

Datuak ez dira gutxiagorako. Positibo berrien kopurua asko hazi zen atzo: beste 1.351 atzeman zituzten; bigarren olatuko daturik okerrena da. Azken egunetako joerarekin jarraituz, Nafarroako datuak izan ziren txarrenak: 523 kasu atzeman zituzten, bezperan baino 79 gehiago. Gipuzkoan, bigarren olatuko kopururik handiena zenbatu zuten: 370 kasu, bezperan baino 67 gehiago. Datuek okerrera egin zuten Bizkaian eta Araban ere. Bizkaian, hain zuzen, 329 kasu atzeman dituzte—38 gehiago—; Araban, berriz, 116 izan ziren —39 gehiago—. Gainera, testetan, positibo eman zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi ez diren zortzi lagunek ere. Osakidetzak eta Osasunbideak denera 14.740 proba —Nafarroan, PCRak ez ezik, antigenoen probak ere bai—egin zituzten herenegun; beraz, positibo tasa %9,2koa da. Positibo tasan ere, Nafarroa gainerako lurraldeen gainetik dago, probak egindakoen %15ek positibo ematen baitute. Batezbestekoa igotzen ari da urriaren 7tik.

Ospitaleetara begira jarrita, ospitaleratu kopurua nahiko egonkor dago egunotan. Atzo jakinarazi zuten 535 gaixo daudela Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Horretan ere, Nafarroa nabarmendu behar da, bertan baitaude ospitaleratuen erdiak baino gehiago: 271 dira. Hego Euskal Herrian COVID-19a zuten beste 61 lagun ospitaleratu behar izan zituzten herenegun. Ospitaleratzeen kopurua ere igotzen ari da urriaren 13tik —30 izan ziren orduan—, eta, oraindik irailaren 10eko datutik (73) urrun badago ere, atzokoa urriaren 10etik erregistratutako kopururik handiena da.

Gaixoen egoerari dagokionez, 86 ZIUetan daude, bezperan baino bost gutxiago —ordukoa izan zen bigarren olatuko kopururik altuena—. Gorabeherak egon arren, irailaren erdi aldetik nahiko egonkor dago kopurua, 80 gaixoren bueltan.

Hildakoen kopuruari begiratzea ere beharrezkoa da pandemiaren argazkia osatzeko. Azken asteetan, jaitsi ezinda ari dira. Urriaren 5etik 11ra 70 lagun hil ziren koronabirusarengatik; astebete lehenago, 68; eta beste horrenbeste duela hiru aste ere. Bigarren olatuan, astebetean izandako hildako kopururik handiena irailaren 14tik 20rako astean izan zen: 93. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak atzo iragarri zuen beste sei hildako izan direla. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez ditu egunero ematen hildakoen datuak.

Hainbat lekutan, okerrago

COVID-19a herri eta eskualde batzuetan beste batzuetan baino eragin handiagoa izaten ari da egunotan. Birusak gogor jo du Iruñerrian, han atzeman baitituzte Nafarroako kasuen %56. Datuak kezkagarriak dira Tutera inguruan ere, kasuen %20 bertakoak baitira. Azken hamalau egunetako datuei begiratuz, berriz, beste hainbat osasun eskualdetako datuak ere ez dira batere onak, eta 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzte, besteak beste, Elizondon eta inguruan, Berriozarren eta Azkoienen eta inguruetan.

Herriz herrikako datuak ere ematen ditu Eusko Jaurlaritzak. COVID-19a Gipuzkoan izaten ari den eraginaren erakusle dira. 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Durangok, Lekeitiok (Bizkaia), Astigarragak, Azkoitiak, Azpeitiak, Beasainek, Elgoibarrek, Ordiziak, Tolosak eta Zumarragak (Gipuzkoa) dituzte daturik okerrenak, 100.000 herritarreko 500 kasutik gora baitituzte.

Positibo eman dutenen adinak ere zehaztu dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibo berri gehienak (295) 40 eta 64 urte artekoen artean atzeman dituzte, baina birusak 19 eta 39 urte arteko pertsonetan du 100.000 biztanleko intzidentziarik handiena azken hamalau egunetan. Nafarroan, kasuen %29k 45 eta 59 urte artean dituzte.

COVID-19ak bereziki eragin die adinekoen egoitzei. Nafarroak atzo jakinarazi zuenez, 169 kasu aktibo —asteartean baino hamalau gehiago— dauzkate. Uztailaren 1etik, 31 pertsona hil dira, azken zenbaketan baino sei gehiago. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere eman zuen egoeraren berri: hamahiru positibo atzeman dituzte, baina ez da beste inor hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.