K.o. 33

Tiberioren pizgarriak

2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Zaharrak berri ekonomian ere. Krisiak eta burbuilak ez dituzte garai berriek asmatu. Jesus Nazaretekoa gurutzean iltzatu zuten urtean, Erromako banku sistemak porrot egin zuen, eta historiako lehen krisi ekonomiko globaltzat jotzen dena eragin. Orain dela ia bi mila urteko kontuak dira, baina orduko krisi hura eta gaurkoa oso antzekoak dira. Tiberio zen Erromako enperadorea K.o.-ko 33. urtean. Zesar Augustoren ondorengoa zen Tiberio, eta urteetan bete barik zegoen Julio Zesarren garaiko lege bat berreskuratu eta betetzeko eskatu zien bankuei: kontuak garbitzeko alegia. Kobratzen zituzten interes tipoak mugatzen zituen legeak, eta irabaziak Italiar penintsulan inbertitzera behartzen zituen bankuak. Legea ezarriaz bat, izua hedatu zen. Bezeroei dirua itzultzeko eskean hasi ziren bankuak, eta kredituaren iturria itxi zuten. Ondorioa? Prezioak maldan behera jaitsi ziren (deflazioa), eta etxebizitzen burbuila lehertu zen higiezinen merkatua hondoratzearekin batera. Julio Zesarren legea bete ez zen urteetan, Augustoren pax romana-ren oparoaldi garaian, kredituak erraz eman zituzten bankuek karrera politikoa egiteko etxebizitzak erosi eta bestelako zor handietan sartu ziren erromatarrei. Orain esango luketen bezala, euren ahalmenen gainetik bizi izan ziren krisia lehertu zen arte. Inperio osoko finantzen kolapsoa ikusirik, EBZren estiloko aterabidea baztertu eta AEBetako Erreserba Federalarena hobetsi zuen Tiberiok. Ehun milioi sestertzio sartu zituen bankuen kutxetan, haiek kredituaren iturria berriro zabaltzeko. Hiru urtez zorpetzeko aukera eman zien erromatarrei, eta interesik ordaindu behar barik. Hori bai, kreditua eskuratzeko zordunak kredituaren balioaren bikoitza zeukan lursail bat jarri behar zuen berme gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.