Berandu izan baino lehen

Real Madrilen eta Mallorcaren aurka galdu eta gero, Alaves derrigortuta dago sasoiko lehen puntuak biltzera gaur Valentzian. Hogei urte daramatza Mestallan irabazi gabe. Duarte, zigortuta, ez dago deialdian

Edgar Mendez Alaveseko jokalaria eta Hugo Guillamon Valentziako jokalaria, baloia berreskuratzeko lehian, aurreko denboraldiko partidan, Mestallan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Alavesek ez dio ondo ekin. Lehen bi jardunaldietan ez dute punturik lortu, eta hirugarrengoan ere ez dute erraz izango: Valentzia izango dute aurrez aurre gaur, Mestallan.

Lehen aldiz jokatuko dute babazorroek etxetik kanpo. Orain arte ez dute zortea alde izan, Real Madrilen (1-4) eta Mallorcaren (0-1) aurka galdu egin baitzuten. Madrildarren aurka esku hutsik amaitzea sekulako ezustekoa ez den arren, jokalariek ez zuten irudirik egokiena eman, eta horrek gehiago ilundu zuen porrota.

Joan den igandean, ordea, derrigortuta zeuden hiru puntuak biltzera, Mallorca aurkari zuzena baitu Alavesek. Gainera, jokalari bat gutxiaregokin jokatu izanak gehiago zaildu zuen azken ordu erdia: Duartek aldageletarako bidea hartu behar izan zuen, bi txartel hori jasota. Espainiarraren postua Javi Lopezek hartuko duela baieztatu zuen atzo Javi Callejak, prentsaren aurreko agerraldian.

Madrildarra konfiantzarekin mintzatu zen aurreko bi partidetako emaitzez: «Oraindik punturik bildu ez izanak ez gaitu atsekabetu behar; lanak fruituak emango dizkigula pentsatu behar dugu. Konfiantza kontua da».Defentsan ez ezik, erasoan ere pattal dabiltza arabarrak, eta horretarako «espazioak sortu eta golak sartuko dituzten jokalariak» behar dituzte, prestatzailearen esanetan; hots, azkeneko fitxatuak, Mamadou Sylla eta Miguel de la Fuente, biak aurrelariak.

Valentziaren aulkian Jose Bordalas egongo da. Alacanteko entrenatzaileak azken urteetan eskuratu duen ospea ez da batere ona izan gainontzeko taldeen zaleen artean. Joko gogorragatik, jokalarien etengabeko denbora galtzeengatik eta partida bakoitzean egiten dituzten trikimailuengatik, zaleek futbolaren aurkako entrenatzailetzat hartzen dute.

Horri aurre egiteko, Callejak uste du Bordalasen taldeen «intentsitatea berdindu edo gainditu» beharko dutela Alaveseko jokalariek. Nabarmendu zuen denboraldia «ondoena abiatu duten taldeetako bat» izan dela Valentzia, «Bordalasen zigiluarekin».

Valentziako entrenatzailea, berriz, ez da fidatzen Alavesek izan duen hasiera txarraz, eta gaurko partida «zaila» izatea espero du. Irabazteko «gauza asko» egin beharko direla nabarmendu zuen; horietako bat, «korrika asko egitea». Gehitu du irabazteko «erraztasuna» izan dezaketela, Alavesek oraindik punturik ez duelako» batu, «baina arrazoi horregatik jokalariek badakite duten baino gehiago eman behar dutela».

Valentziak garaipen bat eta berdinketa bat lortu ditu orain arte. Soilik bi gol sartu dituzte, bat partidako, eta biak penaltiz. Hain zuzen, Alavesek ere hamaika metroetatik sartu du orain arteko gol bakarra. Baina kontua da Valentziari bi golek balio izan diotela irabazteko, eta Callejaren taldeari ez. Gaur etxean ariko den taldeak gol bakarra jaso du, Granadaren aurka (1-1).

Aurreko emaitzak, aurka

2000-2001eko denboraldian irabazi zuen Alavesek azken aldiz Mestallan: 1-2. Partida hartan, Mendietak, bere atean, eta Eggenek sartu zituzten golak gasteiztarrentzat. Ordutik, Alavesek bederatzi alditan jokatu du han; zazpi alditan galdu du, eta birritan berdindu. Hala ere, ia norgehiagoka gehienetan lortu dute gutxienez gol bat sartzea. Gaur inoiz baino gehiago daukate gol horren beharra; aukeran, irabazteko balio dezan.

Valentziak eta Alavesek azkenekoz elkarren aurka jokatu zutenean, 1-1 berdindu zuten. Calleja iritsi berri zegoen babazorroen aulkira, eta bolada txarra guztiz aldatzea lortu zuen sasoiaren azken zati hartan. Hain justu, partida hartan ez bezala, Lucas Perez gaur ez da izango Mestallan. Aste honetan eten du Alavesekin zuen lotura.

VALENTZIA-ALAVES
Valentzia. Mamardaxvili; Correia, Gabriel, Alderete, Gaya; Wass, Carlos Soler, Racic, Txerisev; Maxi Gomez eta Guedes.
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Javi Lopez; Pina, Pere Pons, Manu Garcia; Edgar Mendez, Rioja eta Joselu.
Epailea. Ortiz Arias.
Lekua. Mestalla.
Ordua. 22:15 (Movistar LaLiga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.