Proiektu iraunkorrak, biharko laborantzaren bermerik onena

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Laborantzaren egoera hain txarra ez izanik ere, gerora begira nola eutsi: hori izaten da usu arrangura. Eta EHLGk horren inguruan ere egin du gogoeta argitaratutako liburuetan: sektorera batzen diren laborari berrien ezaugarriak aztertu, eta horien arabera ondoko urteak nolakoak izan daitezkeen kalkulatu du. Bertze behin, mendiak hartu du nagusitasuna: 1.000 laborari berri hasi dira azken hamar urteotan lanean Ipar Euskal Herrian, eta horietatik %80 instalatu dira mendian. Kopurua itxaropentsua da, baina EHLGk ohartarazi du ez dela aski belaunaldien arteko erabateko transmisioa egiteko. Hain zuzen, dauden laborarien bi herenek soilik hartzen dute etxaldeen segida.

Hori aldatzeko, proiektu iraunkorrak sortzea interesgarria dela erakusten dute laborantza ganbararen ikerketek, bertzeak bertze, eta, bertzalde, etxalde ttipiak eta laborantza askotarikoak sostengatzea. Erantzukizuna ez da, ordea, laborariena bakarrik: diru laguntzak, erraterako, egokitu egin beharko lirateke. Izan ere, NPBren irizpideek kontraerranak dituzte: batetik, hektarea eta animalia kopuru handiei ematen diete babes, eta horrek etxaldeen galera dakar; bertzetik, mendi eremua sustatzen dute, baldintza zailak dituelako.

Kolektiboak eta tokikoak

Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoan badira jada zenbait proiektu laborantza iraunkorrari buruz ari direnak, eta gero eta gehiago sortzen ari dira, gainera. Arlo ugaritan daude: esnea eta gasna, barazkiak, xerrikiak, fruituak... Eta laborari ugariren artean antolatzen dituzte horietako anitz.

EHLGk jakinarazi duenez, etxaldeka langile gehiago enplegatzen dituzte horrelako proiektuek: 1,6 lanaldi oso etxaldeka; hain justu, Ipar Euskal Herriko batez bestekoa 1,3 lanaldi osokoa da. Tokiko eta kalitatezko produktuak eskaintzen dituzte, eta, ingurumena errespetatu ez ezik, balio erantsia ematen die saltzeko orduan ere.

Kontsumitzaile eta erakunde publikoei ere egin diete engaiamendurako deia, hortaz: tokiko eta proiektu kolektiboak sostengatu behar dira, Ipar Euskal Herriak eta hango laborantzak aitzina eta osasuntsu segi dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.