Donostiako Piratek Kabotajea antolatuko dute datorren astean

Aste Nagusi Pirataren ordez, Kabotajea antolatuko dute Donostiako Piratek. Lau egun iraungo du, hilaren 19tik 22ra, eta Naizen elkartea omenduko dute

Donostiako Piratak Kabotajearen aurkezpen ekitaldian, atzo, Portaleta parean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Donostia
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako Piratek lau eguneko egitaraua osatuko dute Aste Nagusiaren ordez. Kabotajea deitu diote, eta hilaren 19tik 22ra ospatuko dute. Donostiako Trinitate Plazaren inguruan antolatuko dituzte jarduerak.

Piratek atzo aurkeztu zuten Kabotajea, eta «ahalik eta egitarau zabalena» eskaini nahi izan dutela azaldu zuten. Denetariko ekitaldiak antolatuko dituzte: bertso saioak, tailerrak, haurrentzako ekintzak eta musika emanaldiak. Egitarau zehatza eta ordutegiak datozen egunetan zabalduko dituzte, sare sozialetan.

Urtero pertsona edo kolektibo berezi bat omentzen dute, eta Matti pertsonaiak hori gorpuzten du. Aurten, Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea izango da Matti. Ekitaldien azken egunean, hilaren 22an, Naizen-ekoek hitzaldia emango dute, 12:30ean.

Kabotajeak irauten duen bitartean, eraso sexistak salatzeko Puntu Morea jarriko dute Intziri Donostiako Neska Gazte taldearekin batera. Gainera, merchandising postu bat egongo dela ere jakinarazi dute.

Edukiera mugatua izango da, eta Andoni Iriondo Donostiako Piratetako kideak ziurtatu du ekintza guztietan segurtasun neurriak beteko direla. Azaldu du nahitaezkoa izango dela une oro maskara jantzita eramatea. Gainera, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dute, eta eserlekuak aldez aurretik antolatuko dituzte, segurtasun distantziak mantentzen direla bermatzeko.

«Kaleak berreskuratzen»

Osasun egoera zela-eta, 2020an ezin izan zuten Aste Nagusi Pirata antolatu. Horren ordez, egun bateko egitaraua osatu zuten: Pirata Setioa. Ane Antxustegi Donostiako Piratetako kideak adierazi du aurten ere «festa eredu masiboa alde batera utzita» auzolana, elkarzaintza eta euskara erdigune dituen egitaraua osatu nahi izan dutela. Joan den urtean hausnarketa prozesu bat hasi zuten, 2021eko udan hirian nola eragin pentsatzeko. «Betiere arduraz eta erantzukizunez jokatuz, baina gure balioak ahaztu gabe, Donostiako kaleak berreskuratzen saiatuko gara», esan du Antxustegik.

Iriondok gehitu duenez, «lau eguneko egitarau bat segurtasun osoz» antolatzeko gai direla erakusteko asmoa dute, eta gazteak pairatzen ari diren «kriminalizazioa» salatu du. Gainera, pandemiak gazteengan izan duen eragina erakutsi nahi izan dute: «Gogora ekarri nahi dugu depresio eta suizidio kasuek gora egin dutela, gazteon langabezia bikoiztu egin dela eta gure arteko harremanak eten egin direla», zehaztu du Iriondok.

Gainera, jakinarazi dute larunbatean elkarretaratzea egingo dutela. Antxustegik adierazi duenez, «gure espazioak aldarrikatu eta defendatzeko» helburua izango du. 12:30ean elkartuko dira, Portaleta parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.