Beste preso bat hil zen abenduan Zaballako espetxean, 2020ko seigarrena

Salhaketarentzat, «eragotzi» daitezkeen arren, kartzeletako heriotzak «errutinako gertaera» bilakatu dira. Arabako espetxea eta Espainiako Espetxe Zuzendaritza kritikatu ditu

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Salhaketak atzo jakinarazi zuenez, abenduaren 25ean preso baten gorpua topatu zuten Zaballako kartzelako bosgarren moduluan. 50 bat urte zituen, eta Arabako espetxean iaz hildako seigarren pertsona da. Presoen eskubideen aldeko elkarteak ohar batean nabarmendu duenez, kartzeletan gertatzen diren «heriotza guztiak eragotz daitezke», baina horiek «errutinazko gertaera» bilakatu dira. Horrenbestez, iaz, guztira, 11 pertsona hil ziren Euskal Herriko kartzeletan.

Elkarteak atzo izan zuen azken heriotzaren berri, eta salatu du ez espetxeko idazkaritzak, ezta Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendaritzak ere ez dutela «inolako argibiderik» eman. «Zaballako makrokartzelaren osasun arreta faltarengatik, arduragabekeriagatik, hipermedikalizazioagatik eta gainerako ankerkeriengatik hildakoen zerrenda makabroko azkeneko presoa da». Elkartearen esanetan, «arduradunek» jarraitzen dute «erantzun aktiborik» eman gabe. «Hori, argi eta garbi, zigorgabetasun estrategiaren parte da».

COVID-19ak eragindako pandemiak presoen bizitzak «dezente» okertu dituela uste du Salhaketak. «Haien gutxieneko eskubideak bertan behera geratu dira inolako informaziorik jaso gabe. Hilabete asko dira presoak kanpoan gertatzen direnetatik erabat bakartuta daudela; ez dute inolako harreman zuzenik ez senideekin, ezta babes ingurunearekin ere». Salhaketak azpimarratu du «inkomunikazio krudel hori ikusirik» antolatzen ari diren familiak egoera «oso latzean» daudela. «Gutxieneko eskubideak eskatzen dituzte, barrukoekin kontaktua izateko; izan ere, heriotzek baieztatzen dute, beste behin, erabateko deskonexio horren ondorio direla».

Presoen eskubideen aldeko kolektiboaren iritziz, pandemiaren ondorioz «asko» zaildu da «barrutik kanporako» komunikazioa. «Hortaz, nekeza zaigu abusuak publiko egitea. Halere, ez diogu utziko barruan gertatzen dena ikusarazteari». Eta «kartzela politikarekin ados ez dagoen jendearen izenean», galdera zerrenda bat planteatu du Arabako Salhaketak. «Presazko prebentzio neurriak hartuko dituzte gertaera oso larri horiek ez errepikatzeko —kasu guztietan aurreikus daitezke, eta modua jarri halakorik ez gertatzeko—, ala segituko dute presoek eskatutako harrera etxeen eta arreta psikologiko eta sanitarioaren baliabideak ezartzearen kontra eta pasibotasunaren alde?». Beste bat: «Zer-nolako profesionalen eskuetan daude espetxeratuak?».

Elkarteak «salatu» nahi ditu bai heriotzak, bai gertakariak sistematikoki«ezkutatzeko estrategia»; «batez ere epidemiaren harira». Nabarmendu du, gainera, «kanpoan salatzeko baldintzak gero eta mugatuagoak eta kriminalizatuagoak» daudela. Urtarrilaren 12rako elkarretaratzera deitu du Andre Mari Zuriaren plazan, Gasteizen (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.