Koronabirusa

Hildakoak 40tik gora dira bigarren astez Hegoaldean

Maiatzetik ez dira zenbatu horrenbeste heriotza astebetean. 737 kutsatu atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Abuztuan, ospitaleratuak ez dira jaitsi 400dik

Maria Ortega Zubiate
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Kasuen goralditik ia bi hilabetera,ondorioak igartzen hasiak dira hildakoen datuetan: hiru hilabetean izandako daturik okerrenak dira azken bi asteotakoak. Maiatzaren 3ko astetik ez zen gainditu 40 heriotzen muga Hegoaldean: orduko hartan, 49 izan ziren. Oraingoan, aldiz, bi astez jarraian pasatu dute muga hori: COVID-19az kutsatutako 43 lagun hil ziren aurreko astean; oraingoan, 42. Horietatik 36 Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi ditu, eta azaldu du lau hildakotik batek 90 urtetik gora dituela. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ez du zehaztu lurraldean hildako seien adina.

Egoera antzerakoa da ospitaleetan ere. Azken egunetako datuek joera berari eusten diote; gorakada uztailaren erdialdean hasi zen, eta, ospitaleratzeen kurbak zerra hortzak baditu ere, 400 ospitaleratuen langatik gora dago abuztu osoan. Egun, 410 lagun daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan; horietatik 105 ZIUetan daude, larri.

Kutsatzeen ondorioak nabarmentzen hasi direnerako, datuak atzeraldian daude. Gainontzeko olatuetan gertatu bezala, kutsatzeak gehitu zirenetik aste batzuetara nabaritu da goraldiaren eragina: ospitaleratzeetan lehenengo, eta heriotzetan gero. Bosgarren olatua ez da izan salbuespena. Izan ere, pandemiaren bilakaeraren hobetzea agerikoa dela adierazi du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Haren hitzetan, pandemiaren beheranzko joera «sendotu» egin da azken lau asteetan.

Datuek ere hori erakusten dute. Hego Euskal Herriko kutsatzeak nabarmen apaldu dira; 737 kasu jakinarazi dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, duela bi aste atzemandakoen erdiak. Herrialdeka, Bizkaia izan da kutsatu gehien jakinarazi dituena: 321. 201 izan dira Gipuzkoan; 105 Araban, eta 4 Nafarroan. Intzidentzia tasak ere beheraka jarraitzen du herrialde guztietan: Araba herenegun jaitsi zen 100.000 biztanleko 500 kutsaturen intzidentzia tasatik —500dik gora zegoen lurralde bakarra zen—, eta atzoko datuetan ere beheranzko joera nabari da. 479,01ekoa da Araban, eta 418,08koa Bizkaian; apalagoa da Gipuzkoan eta Nafarroan;348,02koa eta 306,10ekoa, hurrenez hurren.

Halere, positibo tasa handia da oraindik. Atzoko 8.161 probetatik %9,03 izan ziren positibo. Azken hamalau egunetako batez bestekoa hartuta, positibo tasa are handiagoa da (%10,28). Bestela esanda, azken bi asteetan egindako hamar probetatik bat izan da positibo. Positibo tasa OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean izateko gomendatutakoaren (%5) bikoitza da.

Txertatzea martxan

Ospitaleetan eta ZIUetan egoera gordina bada ere, are gordinagoa izan zitekeen. Izan ere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jakinarazi berri du txertoak heriotzen %96 eragotzi dituela bosgarren olatuan, eta ZIUetako ospitaleratzeen %79. Horiek horrela, gizarteak txertaketari emandako erantzunaren balorazio positiboa egin du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Hego Euskal Herriko herritarren %75,83k dosi bat hartu dute, eta %68,31k pauta osatu dute.

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gazteenen txertaketan jarri dute arreta. Hori horrela, Osakidetzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 12 eta 15 urte arteko biztanleen erdiei dosi bat jarri die, eta %65ekoa da ehunekoa 16-19 adin tartean. Osasunbideak 12-19 adin tartea hartu du kontuan, eta jakinarazi du tarte horretan direnen %65k jada dosi bat hartu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.