Noraezean ihes, etorkizun bila

Egunero 40-50 migratzaile iristen ari dira Irungo tren geltokira; Frantziara bidean doaz gehienak. Irungo neguko aterpea ireki dute, bertan gaua pasa dezaten.

Migratzaileak, atzo, Irungo neguko aterpearen kanpoaldean. BERRIA.
Irun
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Irungo (Gipuzkoa) neguko aterpearen kanpoaldean biltzen dira bidean dauden migratzaileak, gosaltzeko. Abuztuaren lehen eguna, eta 30 bat lagun belardian. Ion Aranguren SOS Arrazakeriako ordezkariarengana hurbiltzen dira etengabe, laguntza eske. Motxilak eta arropa behar dituzte gehienek; beste batzuek, telefono dei bat. Argibideak eman dizkie bertan zeuden gazteei —30 urtetik beherakoak denak—: Frantziara nola iritsi, eta nondik. Arangurenek argi du: «Haien beharrak aseezinak dira».

Ekuatore Gineatik iritsitakoak dira bi adingabe. Bi mutilek elkarrekin hasi zuten bidea, eta, zazpi hilabeteren ostean, Irunen daude. Frantziara noiz joango diren galdetu, eta argi dute: «Gaur bihar baino hobe». Bertan etorkizuna eraikitzea espero dute. Futbolari lotuta ikusten dute euren burua, eta noizbait Ekuatore Gineara itzultzea gustatuko litzaieke, Europan lortutako diruarekin «negozio txiki bat» irekitzeko. 16 eta 17 urte dituzte, eta familia ari zaie dirua bidaltzen, bidaia egin ahal izateko. Frantziara iritsitakoan, adingabeen babeserako zerbitzuak erabiltzea espero dute.

Udan, eguraldia lagun, migratzaile gehiago irteten dira Afrikatik ihesi. Horregatik, Irunera inoiz baino migratzaile gehiago ari dira iristen, eta auziak eztanda egin du azken asteotan. Irungo zenbait eragilek joan den astean salatu zuten Frantziara bidean doazen migratzaileek tren geltokian egiten dutela lo, eta laguntza behar dutela. Egoera hori salatzeko gosari solidario bat antolatu zuten Irungo migratzaileekin, ostiralean, udaletxeko arkupeetan. Arangurenek uste du arazoari ikusgarritasuna eman zitzaiola, eta ondorioz udalak jarrera aldatu duela. Irungo Udalak astelehenean ireki zuen neguan etxegabeek erabiltzen duten aterpea, bidean dauden migratzaileentzat.

Ihesean helmugarik gabe

Migratzaile ia guztiak Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik iristen dira, eta, Arangurenen esanetan, noraezean dabiltza. Ez dute migraziorako sare antolaturik, eta haien helburu bakarra ihes egitea da, nahiz eta ez jakin nondik egin bidea. «Uxatze efektua dago, ez erakartze efektua». Irungo aterpean gosaltzen ari diren migratzaileei herria zergatik utzi duten galdetu, eta denek gauza bera erantzuten dute: han ez zutela etorkizunik. Frantzia, Belgika, Alemania zein Ingalaterrara doaz gehienak. Bertan familiakoren bat edo lagunen bat dutela esaten dute, baina ez daukate ezer ziurrik. Boli Kostatik dator 26 urteko beste gizonezko bat. Lehenbailehen joan nahi du Irundik Frantziara, baina bidaia txartela erosteko diruaren zain dago. Familiak bidali dio, baina arazoak ditu diru hori eskuratzeko. «Zortea» izan duela esan du, soilik bi hilabetean iritsi baita Irunera.

Arangurenen esanetan, «oso arraroa» da aterpean emakumeak ikustea. Bi astetan lehenengoa iritsi da. Gineatik abiatu zen 20 urteko emakumezkoa, duela «zazpi edo zortzi hilabete» —jada ez daki zenbat—, eta behin eta berriz errepikatu du «oso gogorra» izan dela. «Mutilentzat gogorra bada, zer esanik ez neskentzat», gogorarazi du Arangurenek. Pobreziatik ez ezik, genitalen mutilaziotik ihesi joan zen Gineatik. Irunera heldu berritan jarraitu nahi du Frantziarako bidea, gelditu gabe, «indartsu» dagoela esanez. Aurpegiak, ordea, aurkakoa erakusten du. «Migratzaileek duten antsietatea izugarria da», berretsi du Arangurenek. Emakume gazteak azaldu du senarrarekin egiten ari dela bidaia, baina Arangurenek uste du hori «segurtasun neurri bat» dela, eta ziurrenik ez dela egia.

Zerbitzu berri gehiago

Udalak aste honetan jarri du martxan egoerari erantzuteko zerbitzu bat: migratzaileen eskura jarri dute etxegabeentzat neguan irekitzen duten aterpea, eta bazkaria ematen hasi dira. Hala ere, zerbitzu hori 20 lagunentzat da, eta, Arangurenen arabera, egunero 40-50 lagun pasatzen dira Irunetik. Dutxen zerbitzuaz gain, udalak gosariak ere banatzen ditu aterpean bertan; afaririk ez, ordea. Hutsune horiek betetzeko, Irungo eragileak eta herritarrak antolatu egin dira. «Azken finean, jendeak egiten du instituzioak egiten ari ez direna, eta lotsagarria da, zeren gure medioak askoz eskasagoak baitira», azaldu du Arangurenek.

Hortaz, «kontent» dago udalak emandako pausoarekin, baina argitu du «eskasa» dela: «Gauza bat da udalak baliabideak jartzea, eta beste bat migratzaileak horiek erabiltzeko gai izatea». Astearte gauean, hain zuzen, hamabost lagunek egin zuten lo aterpean, eta bost ohe hutsik geratu ziren. Tren geltokian pasatu zuten gaua beste 20 bat lagunek. Arangurenek uste du «erosoago» sentitzen direla bertan. Halere, ez du ulertzen zergatik ez duten zerbitzua erabiltzen. «Jakin badakite zerbitzua eskaintzen dela, baina ez dute ulertzen eurek erabili dezaketela. Arraroa egiten zaie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.