«Patroi» bera beti: «iruzurra» erabiliz

Biktimen abokatuak esan du Kote Cabezudoren aurkako salaketek «jokatzeko era kriminal» bat erakusten dutela. Argazkilari gisa zuen «sonari» esker, «zigorgabetasunez» jarduteko era izan zuen

Kote Cabezudo auzitegira eraman zuen autoa, astelehenean, ailegatzen. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Kote Cabezudoren kontrako salaketa jarri duten modeloen ordezkari Mario Diez abokatuaren txanda izan zen atzo argazkilariaren aurkako epaiketan. Gordin aurkeztu zituen akusatuaren delituak. Guztien atzean beti «patroi» bera ageri dela nabarmendu zuen: «iruzur» eginda erakartzen zituen modelo gazteak, eta nahieran erabiltzen zituen gero. Hori erakusten duten froga ugari zerrendatu zituen, eta jokatzeko era baten ondorio izan zirela esan zuen: «Hemen gertatu dena ez da modelo bakoitzari gertatu zaionaren batuketa bakarrik: portaera patroi bat zegoen atzean, eta akusatuak hamarraldiz hamarraldi zigorgabetasunez jarduteko era izan zuen horregatik». Akusazio partikularrak argi du biktimak banaka aurkeztu izan balira dena zailagoa litzatekeela, eta gertaeren argazki «osoagoa» lortu dela horrela, kasu guztiak batera ikusteko modua izanda. Hamazazpi emakumek jarritako salaketak aztertzen ari dira epaiketan. Gaur bukatuko da: defentsak amaierako ondorioak aurkeztuko ditu, eta hitza hartzeko era izango du akusatuak.

Epaimahaiak epaiketan izan duen «profesionaltasuna eta sosegua» eskertuz hasi zuen amaierako ondorioen aurkezpena biktimen ordezkariak. Fiskalaren jarrera ere goraipatu zuen. Fiskalak berak herenegun aurkeztu zituen bere ondorioak, eta akusatuak egindako delituak gordin aurkeztu zituen: Cabezudok modeloak bere «uztarripean» zituela esan zuen. 250 urte inguruko zigorra eskatzekoa da fiskala, baina esan zuen akusazio partikularraren eskabidera hurbiltzea ere ondo ikusiko lukeela, «kontserbadore» jokatu duela onartuta. 2.000 urtetik gorako zigorra eskatzen dute biktimek. Abokatuak argi utzi zuen, hala ere, «frogatu diren ekintzen kontakizuna» ondo zehaztea dela biktimentzat garrantzitsuena: alegia, «pairatu» zuten hori argi jasota uztea.

Moda eta publizitatea, amu

Argazkilari «profesional» gisa bazuen sona Cabezudok: «erreferentziazko» pertsona zen; argi adierazten zuen modelo asko famatu egin zituela, eta hori ulertzea eta aintzat hartzea ezinbestekoa dela argudiatu zuen abokatuak. Hain justu ere, «publizitatea eta moda» erabiltzen zituen amu gisa modelo gazteak erakartzeko. Areago, bere lana aurkezteko hainbat gunetan esaten zuen ez zuela loturarik «erotismoarekin». Hainbat modelo, ordea, oso bestelako bideetara eramaten zituen. Alde horretarik, akusazio partikularreko abokatuak argazkilariaren estudiora ametsez eta ilusioz beteta joaten ziren emakume gazteak aurkeztu zituen. «Gero, Cabezudoren estudiora iritsi, eta kontratu bat eskaintzen zitzaien han. Kontratu horrek berekin ekarri ohi zuen arima deabruari saltzea». Argazkilari profesionala ere bada biktimen abokatua, eta esan zuen Cabezudok modeloei egiten zizkien kontratuak ez direla batere egokiak: «Ez zitzaien informatzen, ez zitzaien kopiarik ematen».

Betiere lehen argazki saioa «normala» izaten zela azaldu zuen. «Eta, jakina, neskak berriro joaten ziren harengana». Orduan, «kontratuan» aldaketa bat egiten zuen argazkilariak, «biluziak» ere egingo zituztela ere aipatuz. «Eta bazekien neskak nola eraman biluztera». Ondoren, nesken baimen «berariazkorik» gabe irudiak zabaltzen zituen sarri Cabezudok. Eta egoera «zaurgarrian» uzten zituen modeloak. «Porno izar» bihurtzen zituen askotan, haiek nahi gabe, zer gertatzen ari zen ondo ulertu gabe.

Baimen «bikoitzik» gabe

Halako kontratuetan «baimen bikoitza» behar izaten dela azaldu zuen abokatuak: bat, argazkiak egiteko, eta bestea, horien erabilera zein izango den ondo zehazteko. Baina adierazi zuen argazkilariak ez zuela jokabide hori errespetatzen: «Nahita». Eta gero eta egoera zailagoetara eramaten zituen, gainera, emakumeak. «Izan ere, gero eta irudi sexualizatuagoak egiten zituen». Baina horien gaineko kontrolik ez zutela sentitzen zuten emakumeek: «Kontratuarekin lotu egiten zituen». Argazkiak egitera astean bitan joaten ziren neska batzuk. «Zer zentzu du? Helburua ez zen argazkiak egitea: haietaz abusatzea zen helburua». Horiek horrela, modeloak gaizki sentitzea lortzen zuen, beren burua zigortzea. «Nola azaldu hona eraman nauela?».

Modelo askok onartu diote Diezi galdera horretan katigatuta ikusi zutela beren burua, eta, irudiek izan zezaketen erabileraren harira, «libertatea» galduta sentitzen zirela. Modeloei egindako «abusuak» ere badira Cabezudok egindako delituen artean, eta horiek «grabatu eta saldu» ereegiten zituela adierazi zuen abokatuak, argazkilariaren jokabide okerraren erakusgarri. Hortik, beraz, akusazio partikularraren ondorioa: «Hau ez da istorio bakan bat. Jokatzeko era kriminal bat izan da». Esan zuen auzibideak aurrera egiteko izan dituen zailtasunek egoera oraindik gehiago zaildu dutela. Izan ere, luzea izan zen auzi honen instrukzioa: zortzi urte iraun zuen. Akusatuak lau urte daramatza preso. Lehen urteetan ez ziren aintzat hartu hura espetxeratzeko aginduak, eta nahieran jardun zuen: andreen argazkiak erretiratzeko eskatuz-eta egin zitzaizkion eskeen harira ez zuen deus egin.

Engainu «etengabea»

Iruzur delitua «etengabea» dela uste du abokatuak, emakume «guztiei» egindakoa. «Izan ere, hemen hasieran moda edo publizitate modelo izateko eskaintza bat egoten zen... Hor atzean dagoen engainua argia da. Eta hamarraldi askotan neska asko erori dira horretan». Adierazi zuen epaiketan argi geratu dela sarean «kontrolik gabe» zabaldu zirela sarri Cabezudok egindako argazkiak, eta irudi horien gaineko eskubidea izan arren ez zuela deus egiten hori eragozteko. «Eta horrelako zerbaitek ez badu ondorio penalik, hau oihanaren legea izango da». Intimitatearen kontrako delitu «etengabea» egozten dio, baita ere, biktima guztien kasuan. Akusatuaren jokatzeko modu bat nabarmendu zuen hori erakusteko: «Min eman nahi zienean, irudiei modeloen izenordea kendu eta benetakoa izena jartzen zuen». Emakumeak estutzeko modu bat zen, eta auzibidea saihesteko erabili nahi zuen: «Salatzen zutenei, izena eta abizena jartzen zizkien».

Osotasun «moralaren» gaineko delituak, adingabeak galbidera eramatea eta sexu askatasunaren kontrako delituak ere egozten dizkio hainbat biktimaren kasuan akusazio partikularrak. Argi du horiek ere «frogatuta» daudela. Epaiketan hitz egin duten gurasoen hitzak nabarmendu zituen, esate baterako, abokatuak: «Ez dago guraso baten lekukotasun bakar bat ere onartzen duenik bere alabari argazkiak biluzik egitea onartu zuela».

Adierazi zuen akusatuak hiru emakumeri egin zizkiela sexu askatasunaren kontrako delituak, eta froga sendoak daudela hor ere. Ezin da esan «baimenduta» zeudenik. «Izan ere, andre horiek hor zeuden argazki batzuk egitera joan zirelako». Testuinguru «profesional» batean zeuden beti, argazki estudio batean. «Modeloa ez doa hara akusatuarekin sexu harremanak izatera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.