Lau paretak mugatutako bizitzak

Zaballako hainbat presoren lekukotzak jaso dituzte dokumental batean, eta horietako batzuekin egon da BERRIA. «Beste aukera bat» merezi dutela nabarmendu dute

Beatriz Artolazabal sailburua, atzo, Zaballako espetxean dokumentalean parte hartu duten presoekin. J.FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Iruña Oka
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Iruña Oka eta Trebiñu (Araba) banatzen dituzten mendien magalean, 80.000 metro karratuko eremuan, horma handiko gotorleku gris eta berde bat da Zaballako espetxea—orain Araba izena du—. 700 preso pasatxo daude kartzelan, gehienak gizonezkoak (%90etik gora). Hesiek mugatzen dute bertako presoen unibertso fisikoa, eta haien egunerokoa lau pareten artean giltzapeturik geratzen da handik kanpo dagoen gizartearen gehiengoarentzat ere.«Espetxea ezezaguna da, oso». Benito Agirre kartzelako zuzendariak hitzokin azaldu du presondegiari buruz gizartean nagusi den errealitatea. EITBk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, espetxe barruan landutako Historias de la cárcel (Kartzelako istorioak) dokumentalaren aurkezpenean mintzatu da Agirre.Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta espetxe arloko aholkulari Jaime Tapia alboan izan ditu, baita espetxeko ehunka preso ere.

Lau hormen artean bizitzera kondenatuta daudenen ahotsak entzun dira espetxeko areto nagusian. Migranteenak, emakumeenak, buruko gaitzak dituztenenak... Baina, ororen gainetik, drogekin arazoak izan dituztenenak, edota oraindik kontsumitzen jarraitzen dituztenenak. Izan ere, drogak alderik alde gurutzatu ditu espetxean dauden preso gehienen bizitzak: droga trafikoagatik eta jabetzaren aurkako delituengatik—lapurretak— zigortuta daudenak nagusi dira espetxean. Kartzela barruan, baina, ohikoak izaten dira drogen eta botiken kontrolik gabeko mugimenduak, eta preso askorentzat oso nekeza izaten da lau hormen artean adikzioetatik askatzea. Iratxe droga kontsumitzailea zen duela zazpi urte espetxera sartu zenean, eta ordutik kontsumitzeari uzteko ibili duen bidea aski zaila izan dela aitortu dio BERRIAri: «Metadonari esker lortu dut, baina, bereziki, nire borondateari esker». Izan ere, espetxe barruan droga mugitzen dela kontatu du: «Drogak egon badaude; preso batzuek sartzen dituzte. Eta hori galbidea da menpekotasuna dutenentzat».

Bederatzi urteko zigorra betetzen ari da Asier drogekin lotutako hainbat deliturengatik, etahark ere argi dio: «Hemen, espetxe guztietan bezala, droga egon badago». Hala ere, gaineratu du Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenaren kudeaketa eskuratu zuenetik kontrol zorrotzagoak egiten direla eta egoera «hobetu» egin dela. Baina oharra egin du: «Gehiago hobetu zitekeen».

Elkarbizitza «zailagoa»

Zurrunak dira kartzela barruko arauak. Errutinaz beteak presoen egunak. Modulu batetik bestera, baina, bada alderik. Ez-errespetuzko modulu batean dago Asier, eta han presoek ez dute zertan jarrera eta arau jakin batzuk bete. Modulu horretan presoen arteko elkarbizitza «zailagoa» dela aitortu du: «Isiltasunaren legea nagusi da. Gure artean konpontzen ditugu arazoak».

Modulu berean dago Bouchefra 23 urteko marokoarra. «Zaila da elkarbizitza, baina, ongi moldatzen bazara, ez duzu arazorik izan behar». 15 urterekin iritsi zen Bilbora, kamioi baten azpialdean ezkutatuta, familia guztia Marokon utzita. Barruan beldur bat du: «Poliziak kartzelan atxilotzea eta nire herrialdera bueltan bidaltzea. Beldur horrekin bizi naiz hemen».

Zaballako espetxean dauden 700 presoetatik 54 baino ez dira emakumeak. Genero bortxa pairatu dute preso diren andrazko ugarik, eta motxila horrekin bizi behar dute kartzelaldia. Iratxek urteetan pairatu zituen tratu txarrak bi bikotekideen aldetik, eta azaldu du «oso gogorra» dela espetxe barruan emakume izatea, eta oraindik osatzeke dituela tratu txarrek utzitako orbain emozionalak: «Uste dut gainditzen ari naizela».

Askatasuna galtzea esperientzia latza da edonorentzat, eta antzeko sentimenduak sortzen dizkie giltzapeturik daudenei. Kalera bueltatzea da guztien ametsa, arazoak atzean uztea eta bizitza berri bati ekitea. Horretan bat datoz Asier, Bouchefra eta Iratxe. «Denok merezi dugu beste aukera bat, egindako mina jadanik ari garelako ordaintzen», adierazi du Bouchefrak. Askatasuna egunero irudikatzen dute hirurek, eta baikor so egiten diote etorkizunari. Badute lau paretetatik harago begiratzeko beharra. Eta baita esperantza ere. Beste bost urte egin behar ditu preso Asierrek, eta zain dago baimenak noiz iritsiko zaizkion familiarekin elkartzeko. «Haiek sufritzen ikusteak kezkatzen nau».

Seme-alabekin elkartzeko esperantza. Horrek ematen dio indarra Iratxeri. Aurki emango diote hirugarren gradua eta aske denerako bizitza pentsatu du: «Egoera egonkor bat lortu nahi dut seme-alabak berreskuratu ahal izateko». Zortzi urte dira Bouchefrak senideak ikusten ez dituela. Datorren hilabetean ikusiko ditu. Ama besarkatu nahi du beste ezer baino gehiago. Eta behin betiko aske denean «bizitza normala» lortzea du amets.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.