Koronabirusa

Baikortasunerako ziztada bat

Hego hemisferioan sasoikako gripearen kasu gutxi erregistratu dituzte. Ondorioztatu dute COVID-19aren kontrako prebentzio neurriak baliagarriak direla gripeari ere aurre egiteko.

Paziente bati sasoikako gripearen aurkako txertoa jartzen Melbournen (Australia), 2018ko apirilean. STEFAN POSTLES / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Hego hemisferioan negua udako hilabeteetan izanik, Hegoafrikako epidemiologo talde batek ikerketa bat egiteko asmoa plazaratu zuen duela hilabete batzuk. Sasoikako gripeak eta COVID-19ak nola eragiten dioten elkarri aztertu nahi zuten. Baina ezin izan dute azterketa gauzatu, martxo amaieratik eta abuztu erdialdera arte gripe kasu bakarra erregistratu dutelako Arnas Aparatuko Gaixotasunen Zentro Nazionalean. Batez beste 700 bat gripe kasu erregistratzen ditu zentro horrek, urtero. «Sasoikako gripearen jarraipena egin dugu 1984tik, eta aurtengoak ez du aurrekaririk», nabarmendu du Cheryl Cohen talde horretako epidemiologoak, Science aldizkarian. Ondorioztatu du, beraz, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak —distantzia fisikoa eta higienea, batik bat— baliagarriak direla gripearen hedapena frenatzeko orduan. Hego hemisferioko beste herrialde aipagarri batzuetan ere, adibidez Argentinan, Txilen eta Australian, kasu gutxiago detektatu dituzte aurten.

Joera hori albiste ontzat jo dute epidemiologoek. Izan ere, datozen hilabeteei begira agertoki jakin bat saihestu nahi dute ipar hemisferioan: COVID-19aren eta sasoikako gripearen oldarraldiak batera gertatzea. Adituek hainbatetan nabarmendu dutenez, horrek eragingo luke osasun sistemek gainezka egitea. Zientifikoki ezin da ziurtzat jo hego hemisferioko herrialdeetan gertatutakoa iparraldekoetan errepikatuko denik, baina baikorrak izateko motiboak daudela esan zion Science-ri Pasi Penttinenek, Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroko Gripearen eta Gaixotasun Infekziosoen saileko zuzendariak: «Birus gutxiago badabil hegoaldean, birus gutxiago iritsiko da iparraldera».Gripe kasuak neurtzeko OME Osasunaren Mundu Erakundearen FluNet datu basean jasotako zenbakiak argigarriak dira, eta erakusten dute gripeak aurtengo neguan ez duela eragin handirik eduki hego hemisferioan. Argentinan, 53 gripe kasu daude erregistratuta aurten (iaz 4.623, eta 2018an 1.517), Txilen hamabi (iaz 5.007, eta 2018an 2.439), Australian 33 (iaz 9.933, eta 2018an 925), eta Hegoafrikan sei (iaz 1.094, eta 2018an 711). Cohenek onartzen du baietz, kasugutxiago erregistratu dituztela, COVID-19a dela hartutako neurriengatik ospitale batzuk itxita egon zirelako duela hilabete batzuk, eta, gainera, sintoma arinak zituztenek erabaki zutelako osasun etxeetara ez jotzea—OMEk berak hori azpimarratu du joan den hilabetean kaleratutako txosten batean—. Coheni iruditzen zaio, halere, aldagai horrek ez duela zerikusi handirik erregistratutako gripe kasuetan gertatutako erabateko beherakadan. AP Associated Press berri agentziari Johannesburgoko (Hegoafrika) farmazialari batek kontatu dionez, gripearen aurkako txerto «asko» jarri ditu aurten. «Aurreko urteetan baino lau aldiz gehiago».

Eta, hain zuzen, gripearen aurkako txertoan jarri dute fokua ipar hemisferioko agintariek. Science aldizkariaren arabera, 2020-2021 kanpainarako 194-198 milioi txerto ekoitziko dituztela aurreikusten dute horretan jarduten diren etxeek —2019-2020an baino 20 bat milioi dosi gehiago—, marka bat ezarriz. Osakidetzak ekain bukaeran jakinarazi zuen 500.000 dosi erosiko zituela—400.000 erosi zituen 2019-2020rako— eta espero du 65 urtetik gorako pertsonen %75ek txertoa jartzea. Kopuru hori gomendatzen du OMEk. Alde horretatik, zaurgarrienak adinekoak dira, eta Hego Euskal Herrian horien %60 inguruk jarri ohi du gripearen aurkako txertoa. Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroko Penttinenek Europako gripearen aurkako txertoari buruzko aholkuak ematen dizkie Europako estatuei. Uste du orain arte txertatze tasa ez dela «egokia» izan. Osakidetza urriaren 13tik aurrera da gripearen aurkako txertoa jartzen hastekoa. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astebete lehenago hasi nahi du arrisku taldeetako pertsonekin.

Txertoaren aurkako kanpaina uztail eta irail artean hasteko eskatu zien EBk Europako Batasunako klubeko estatu kideei, joan den uztailaren erdialdean. Erresuma Batuak ez du kanpaina hasi oraindik, baina uztailean iragarri zuen txertoa doan jartzen dieten taldeetako adin tartea zabalduko duela, horretarako aukera ahalik eta herritar gehienek izan dezaten.

Koinfekzioak

Ez dago ebidentzia zientifikorik jakiteko nola eragiten dioten elkarri COVID-19ak eta arnas aparatuari erasotzen dioten beste patogeno batzuek. Izan ere, azken hilabeteotan koinfekzioak ezin izan dira sakonki aztertu. Baina duela hilabete batzuk koronabirusaren lehen kasuak detektatu zituztenean ipar hemisferioan, paziente batzuei bi gripeak atzeman zizkieten: COVID-19a eta sasoikakoa.

Science aldizkariak jasotzen duenez, OMEko Ian Barri koinfekzioak eragin ditzakeen arriskuez galdetu zioten. Sasoikako gripean aditua da. «Normalean, askoz ere okerragoa da batekin bakarrik infektatu beharrean bizpahiru birusarekin infektatzea», erantzun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.