Salestarretako biktimek eskatu dute sexu abusuek ez dezatela preskribatu

Legedi berri bat nahi dute, erasotzaileak zigortu eta biktimak «egoki» babesteko. Abusuak ezkutatu zituztenak ere zigortzeko eskatu diote Elizari. Vatikanoak datozen asteetan zabalduko ditu neurri berriak

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Jose Miguel San Martin Deustuko Salestarrak ikastetxeko irakasle ohiaren biktima talde batek argitu du aurretik ere bazekitela euren salaketek ez zutela ibilbide luzerik izango epaitegietan. Baina esan dute dagoeneko 31 direla, eta horrek berez asko esan nahi duela. Besteak beste, salaketekin gizarteari eta indar politikoei erakutsi nahi izan diete zer «intentsitate eta tamaina» duten sexu abusuek. Horregatik, berriro ere salatzera animatu dituzte egon daitezkeen beste biktimak.

Joan den astean jakin zuten dagoeneko zortzi direla artxibatu diren kasuak, delitua preskribatuta dagoelako. «Herritarrei argitu nahi diegu delitua preskribatu izanak ez duela esan nahi errugabea denik. Epailearen autoak soilik esaten du salatzaileek adindun egin zirenetik igaro den denborak auzibideekin jarraitzea eta salatutakoa epaitzea galarazten duela». Horregatik, eskaera argia egin diete politikariei: alda dezatela legedia, adingabeen aurkako sexu abusuak sekula preskribatu ez dezaten, zigorrak biktimei eta gizarteari egindako minarekiko proportzionalak izan daitezen, eta sistema publikoak biktimei arreta profesionala eman diezaien. Eliza katolikoak joan den astean Vatikanoan egin duen goi bileraren bukaera aprobetxatuta, ohar bat argitaratu zuten atzo.

Frantzisko aita santuarentzako eta Salestarren ordenarentzako eskaera ere izan dute: «Bai eragindako mina aitortzeko orduan, bai abusatzaileak eta haiek estali zituztenak identifikatu eta zigortzeko orduan, joka dezatela irmotasunez, zintzotasunez, apaltasunez eta gardentasunez». Elizaren legedian aldaketak egitea nahi dute, abusatzaileak ez ezik haien ekintzak ezkutatu dituztenak ere zigortu ahal izateko. Izan ere, uste dute orain indarrean dagoen zuzenbide kanonikoak «ezkutatze sistema sustatzea» dakarrela.

Frantziskorekin «etsita»

Erroman, atzo hasi ziren abusuen aurkako neurri zehatzak diseinatzen, asteburuan amaitutako bilkuran finkatutako oinarrietatik abiatuta. Mundu osoko gotzainen biltzarretako presidenteak bildu dituen bileraren koordinatzailea izan da Federico Lombardi abade jesuita, eta iragarri du bizpahiru aste barru aurkeztuko dutela aita santuaren idatzi berri bat. Horrekin batera legedi berria ere argitaratuko dute. Eta elizbarruti bakoitzean nola jokatu behar duten zehaztuko dien hirugarren agiri bat bidaliko die Fedearen Doktrinarako Kongregazioak tokian tokiko gotzainei. «Ez da entziklopedia ulertezin bat izango. Arau eta neurri zehatzak eta zuzenak jasoko ditu», zehaztu du. Besteak beste, gotzainen biltzarrek eta elizbarrutiek abusuei aurre egiteko eta biktimei laguntzeko batzordeak sortu beharko dituzte.

Frantziskok berak domekan egin zuen berba, biltzar amaierako mezaren azkenetan egindako hitzaldian. Pederastiaren inguruko datuak eman zituen, hainbat erakunderen txostenak oinarri modura hartuta. «Fenomeno hau munduko gizatasun faltaren isla bada, are larriagoa eta eskandalagarriagoa da Elizan, bere autoritate moralarekin eta sinesgarritasun etikoarekin talka egiten duelako». Abusatzaileak auzitara eroango dituztela iragarri zuen. Biktimak entzun, babestu eta zaintzera deitu zituen fededun laiko eta erlijiosoak.

Hainbat biktimaren lekukotza gordinak entzun zituzten parte hartu zuten gotzain eta kardinalek. Baina beste biktima asko kanpoan geratu ziren, barrukoa gertutik entzuten. Aita santuak berba egin ostean, «etsita» agertu ziren. Haien ustetan, Frantziskok «aukera paregabea» galdu du pederastiari aurre egiteko: «Asmo onak iragarri ditu, baina ez du neurri zehatzik ezarri».

Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikua ez da Erroman egon. Baina «pozik» agertu da Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean. Uste du baliagarri izango dela «autodefentsa jarrerak» baztertzeko. «Gizarte zibilak egiten duena baino harago doa Eliza, duela 30, 40 edo 50 urte gertatutako kasuen aurka ari garelako, nahiz eta preskribatuta egon». Hala ere, esan du abusuena ez dela soilik Elizaren arazoa: «Espainian 45.155 lagun daude zigortuta pederastiagatik, eta horietatik 33 dira elizgizonak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.