Koronabirusa

Birusa goraldian da oraindik ere: 519 kutsatu atzeman dituzte

Nafarroan izan da igoerarik nabarmenena: aurreko eguneko datuak ia bikoiztu egin dituzte herrialdean. Osasun sistemek adin tarte gazteetan atzeman dituzte kutsatze gehienak

Erizain bat herritar bati PCR proba bat egiten, Durangoko baheketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate - Edurne Begiristain
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Koronabirusa goraldi betean da beste behin ere. Osakidetzak eta Osasunbideak 519 positibo atzeman zituzten atzo, ia bi hilabetean izandako kopururik handiena. Azken astean gorakada nabarmena izan da lurralde guztietan, baina datuak bereziki kezkagarriak dira Nafarroan: 113 kutsatu izan ziren atzo, aurreko egunean zenbatutakoen ia bi halako. Gainontzeko lurraldeetan aurreko egunetakoen kopuru bertsua zenbatu dute: 178 Bizkaian, 170 Gipuzkoan eta 45 Araban. Gainera, Hernani (Gipuzkoa) alarmak piztu eta piztu ari da: egunetik egunera izugarri handitu da herrian atzemandako positibo kopurua; atzo 65 kasu atzeman zituen Osakidetzak. Azken lau egunetan 175 izan dira herrian.

Erietxeetan, oraingoz, ez dute aparteko igoerarik sumatu: baina 117 lagun daude Osakidetzako eta Osasunbideako ospitaleetan; horietatik 39, larri.

Kezka berezia sortu du birusaren aldaerek eragin dezaketen kalteak. Izan ere, egun alfa aldaerakoak eragin ditu kutsatu gehien, baina osasun agintariak ohartarazten hasi dira delta aldaera indarra hartzen ari dela: zenbait hilabeteren buruan kutsatze gehienak mota horretakoak izatea espero dute adituek.

Uda hasi berritan, birusak iazko joera hartu du berriz ere, eta hondartza sasoia hastearekin batera bukatu da pandemiaren beheraldia. Are gehiago, egunean-egunean kasuen igoera agerikoagoa da. Hala ere, aurtengo udak badu aurrekoak izan ez zuen aldagai bat: birusarekiko zaurgarrienak direnak jada txertatuta daude. Urte erdiko txertaketa kanpainan jende nagusiak eta arrisku faktoreak dituztenek hartua dute txertoa dagoeneko, eta Osakidetza eta Osasunbidea 30 eta 49 urte bitartekoak txertatzen ari dira. Horrek gazteak uzten ditu oraindik babestu gabe. Hain zuzen ere, Hegoaldeko osasun agintariek argitaratu berri dituzten transmisioari buruzko datuek aski argi erakusten dute kutsatuen soslaia gaztetzen ari dela, nabarmen. Osasunbideak herenegun zenbatutako 113 kasu positiboen artean, %71 16 eta 29 urte bitartekoak izan dira. Osakidetzak egindako testetan, berriz, ostegunean atzemandako 406 positiboetatik erdiak baino gehiago (250) 19 eta 39 urte bitartekoen artean detektatu dira, eta beste 97, berriz, 19 urtetik beherakoen artean.

Salou eta Mallorca

Harrotuta dago birusa gazteen artean, eta kutsatzeek gora egin dute azken asteotan horietako askok Euskal Herritik kanpo egin dituzten bidaien ondoren.Atzo, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamenduak COVID-19a atzemateko testak egitera deitu zituen joan den ekainaren 25az geroztik Saloun (Herrialde Katalanak) izan diren 17 eta 25 urte bitarteko gazteak. Izan ere, osasun agintariek hainbat positibo atzeman dituzte data horretatik aitzina Saloura bidaiatu duten dozena bat gazte talderen artean, eta lehenbailehen eten nahi dute kutsatze katea. Osasun Departamentuak zehaztu zuenez, 26 positibo detektatu dira oraino. Osasunbideak atzo hasi zuen baheketa bidaia hori egin duten gazteen artean: Iruñeko Forem gunean eta Tuterako Reina Sofia ospitalean deitu zituzten gazteak testak egitera, 15:00etatik 20:00etara.

Saloun egon diren Soraluzeko (Gipuzkoa) hemeretzi ikaslek ere positibo eman dute handik bueltatu direnean. Osakidetzak azaldu du ikasle horiekin harremanetan egon diren beste 55 ikasle berrogeialdian daudela.

Gainera, unibertsitateko hautaproba egin ondotik Mallorcara (Herrialde Katalanak) bidaiatu zuten ikasleen kasuari dagokionez, dagoeneko 267 positibo atzeman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hortik %37 delta aldaerakoak direla uste du Osakidetzak, baina oraindik ez du datu hori baieztatu. Jakinarazi du, hori bai, azken egunotan baheketen bidez egin dituen 609 probetan 118 positibo detektatu dituela. Beste positiboak, ostera, kutsatutakoen kontaktu estuen artean detektatu dituzte. Bidaia horretan kasu positiboekin harremanetan egon zitezkeen gazteen etorrera luzatzen ari denez, Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketa masiboarekin jarraitzea erabaki dute. Horrenbestez, Mallorcatik etorritako 16 eta 19 urte bitartekoei berriz eskatu die PCR proba egiteko ordua eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.