«Tatuajea amaitzean, dardarka nengoen»

Donostian hamabi emakumeri eraso egitea leporatuta, tatuatzaile bat epaitzen hasi dira. Andreak elkartzearen garrantzia goraipatu dute: biktima baten salaketa publikoak bultzatu ditu gainerakoak

Donostian hasi dira epaitzen emakumeei eraso izana egotzi dioten tatuatzailea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Epaiketa oso garrantzitsua da. Emakumeak ausartu gara kontatzen zer gertatzen zaigun abusuak, erasoak eta jazarpenak pairatzean. Oso garrantzitsua da guztiek argi kontatzea. Eta denek nabarmendu dute urratsa egin dutela elkarri elkartasuna erakusteko. Denek oso argi dute hori: horrelakorik gehiago gerta ez dadin». Era horretan mintzatu zen atzo goizean Donostian Ana Lopez abokatua, Jack Estrada tatuatzailearen kontra salaketa jarri duten andreetako baten abokatua. Hamabi emakumeri eraso egitea egozten diote, eta hamalau delitu egitea. Bezeroak ziren gehienak, tatuaje bat egitera joandakoak. Haien lekukotasunekin hasi da epaiketa, gordin: usu, malko artean kontatu dituzte gizonaren erasoak. Jazarpenaren lekukotasuna sare sozialen bidez zabaldu, ikerketa abiatzeko era egin, eta beste andre asko ere bidea egitera animatu zituen emakume gazteak hartu zuen hitza lehenik. «Tatuajea bukatu zuenean, dardarka nengoen. Handik ateratzea besterik ez nuen buruan».

Emakume bakoitzaren lekukotasunak ñabardura berezkoak ditu. Delitu hauek leporatu dizkiote akusatuari: hiru sexu eraso, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen eta derrigortze bat. Lekukotasunak bata bestearen atzetik entzutea aski da, ordea, ikusteko guztien atzean badagoela jarduteko era bat. Esaterako, lekuz kanpoko lausenguak aipatu dituzte guztiek: «Zer azal zuria daukazun», «zer ezpain mamitsuak dituzun», «zuk bai begi ederrak»... Galdera desegokiak: «Mutil lagunik baduzu?», «non bizi zara?»... Gela itxi batean hartzen zituen, eta tatuajeak egiteko orratza martxan jartzean hasten zen oldartzen, mendean zituela. «Halako hitzek txiki-txikia egiten zaituzte», azaldu du andreetako batek. «Sinetsi ere ez duzu egiten zer ari den gertatzen, eta blokeatu egiten zara». Bezeroekin soilik ez zen saiatzen. Tatuatzailearen ikasle izandako emakume gazte batek ere hartu du hitza: «Behin, ikasgelan, beste guztien aurrean, esan zuen ni tatuatzea nahiko lukeela... 'Beste gauza askoren artean'».

Hitzetan ez zen geratzen, hala ere. Eraso fisikoen berri ere eman dute. Lausoak zenbait: «Une batean, ipurdia ukitu zidan: uste nuen istripua zela». Gordinak beste asko. «Tatuajea egiteko azken saioan, ohatila batean etzanda nengoen, eta esan zidan berotzen hasia zela: ez zuela gehiago aguantatzen. Eskua bere zakilean jarrarazi zidan. Oihuka hasiko nintzela esan nion. Jarraitu egin zuen». Tankerakoa, beste bat ere: «Azken saioan izan zen. Argazki batzuk egin behar zizkidala eta, paretaren kontra jarri ninduen: esku bat bularretara eraman zidan; bestea, zakilera». Andreak nahierara erabiltzen zituela erakusten dute lekukotasunek. «Aldakatik heldu, eta bere aldera hurbildu ninduen». Eraso bat pairatu zuen tatuatzailearekin bizitzen egon zen emakume batek ere; haren bikotekide ohiak etxean hartuak zituen tatuatzailea eta haren emaztea, eta «deseroso» sentiarazi zuten komentarioen ostean heldu zen erasoa. «Nire kontra bota zuen bere burua... Sukaldearen aurka jarri ninduen, eta, galtzak jaitsi zituela, nire gainera bota zen. Eskerrak etxean zegoen haren emaztea. Hura agertu zen, eta alde egin ahal izan nuen».

Bakardadea

Denek aipatu dute erasoen ondoren bakarrik sentitu zirela. «Uste nuen niri bakarrik gertatu zitzaidala». Behin baino gehiagotan galdetu diete zergatik ez zuten lehenago salatu, eta denek aitortu dute sare sozialetan zabaldu zen mezuak lagundu ziela gertatutakoa ulertzen, eta horrek «animatuta» egin zutela salaketa. Batasunak emandako indarra nabarmendu dute. «Asko ginelako animatu nintzen; bakarrik egiten baduzu, hori ez doa inora. Asko izanda, aldatu egiten da». Denek aipatu dute lotsa, hura ahantzi eta aurrera egiteko gogoa. Emakumeetako batek, esaterako, kontatu du tatuatzailea musu ematen saiatu zela, eta ingurukoei kontatzeko adorerik ez zuela izan: «Ez nion inori ezer esan. Ez gurasoei, ez ahizpari; nire mutil lagunak bakarrik zekien». Biktima askok erantzun behar izan dute zergatik ez zuten oihu egin erasoa jazo zenean, zergatik ez zuten alde egin. Bat etorri dira: «Blokeatu egiten zara. Ez dakizu nola jokatu». Bidea urratzea zein gogorra den oroitarazi du estreinakoz sare sozialetara gaia eraman zuen andre gazteak: «Hainbat jendek esan zuen gezurretan ari nintzela».

Denek aipatu dituzte, halaber, erasoek lagatako ondorioak. Esaterako, erasotzaileak egindako tatuajeak kentzera jo dute askok.

Donostiako Udaltzaingoak denera 21 andreren salaketak jaso zituen, baina epaiketara hamabirenak iritsi dira. Fiskalaren akusazio idazkiaren arabera, gizona urteetan aritu zen andreei eraso egiten: 2013tik 2018ra. 21 urteko kartzela zigorra eskatu du. Defentsak, berriz, absoluzioa. Behin-behinean preso dago akusatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.