Senpereko lakura bueltan

Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia ohiko lekura itzuliko da, ohiko formatuan, bi urteren ostean. Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko baliatu nahi dute

Jendetza Herri Urratseko kontzertu batean, 2017an. ISABELLE MIQUELESTORENA / IPARLA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Zeuen urratsa geurea da, eta itzulera, denona». Horrela dio Zetak taldeak Erramun Martikorenarekin batera Herri Urratserako sortu duen abestiak. Eta bai, itzulerena izaten ari da aurtengo urtea, eta hala izango da Herri Urratsen kasuan ere. Pandemiaren ondorioz izandako bi urteko etenaren ostean, bihar berriz ere Senpereko lakuaren (Lapurdi) bueltan elkartuko dira milaka euskaltzale, Ipar Euskal Herriko ikastolak babeste aldera.

Xedea argi zehaztuta daukate: etekinekin Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko asmoa dute, Senperen bertan, ikaslez gainezka baitaude gainerakoetan. Egun, 38 ikastola ditu Seaskak —hamahiru ama ikastola, hogei lehen mailako, lau kolegio eta lizeo bat—; 2023-2024 ikasturterako, 39.na nahi dute.

Horretarako, prest dute Herri Urrats. Itzulera leloa aukeratu dute, eta logotzat, ikurrina bat marraztuta daukan oinetako bat. Atonduak dituzte zazpi guneak ere: Araba, Gipuzkoa, Lapurdi, Bizkaia, Nafarroa-Badok, Baxe Nafarroa eta Xiberoa. Araba, Lapurdi, Nafarroa-Badok eta Gipuzkoa guneak izango dira nagusiak, eta egitarau zabala izango da aukeran: Xiberoots, Trikidantz, Skakeitan, Des-kontrol, Willis Drummond, bertsolariak... Gainera, Araba Gunean eta Gipuzkoa Gunean umeentzako ekintzak izango dira, eta aintzira inguruan ez da animaziorik faltako: bertan izango dira joaldunak, gaiteroak... Goizean, harrera ekitaldia ere egingo dute, eta dagoeneko zenbait ordezkari politikok baieztatu dute bertan izango direla.

Aldarrikatzeko ere bai

Baina Herri Urrats ez da jai hutsa izango: festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte. Seaskak denbora darama Brebeta eta Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen, eta aldarri hori lau haizeetara zabaltzeko ere probestuko dute biharko eguna. Festaren aurkezpenean bertan ere hala nabarmendu zuen Peio Jorajuria Seaskaren lehendakariak: «[Herri Urratsen] izanen dira milaka pertsona euskararen alde, ez bakarrik euskara ospatzeko, baita erakusteko ere euskarari zein toki ematen diogun gure bizitzan eta zer aldarrikatzen dugun hori egingarri bilakatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.