Iheslariak salbatzeko atonduriko 'Aita Mari' ontzia itsasoratzear da

Hamar-hamabost egunen buruan abian egongo dela iragarri dute. Jaurlaritzak 400.000 euro ipini ditu egitasmorako. Mediterraneo itsasoko erdialdean ariko da jendea salbatzen

Itsasontzi eraberrituaren aurkezpena, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Azken paper kontuak argitzea besterik ez da falta; ondo bidean, hamar-hamabost egunen buruan itsasoan izango da Aita Mari ontzia, Mediterraneo itsasoan iheslariak salbatzen jarduteko atondu duten itsasontzia. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak sustatutako egitasmo bat da, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua: 400.000 euroko ekarpena egin du. Atzo agerraldi bat egin zuten itsasontzian, prest dagoela adierazteko. Getarian (Gipuzkoa) izan zen; bertan izan ziren, besteak beste, gobernuz kanpoko erakundeko arduradunen ondoan, Getariako eta Zarauzko alkateak eta Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkaria, Jonan Fernandez.

Pasaiako portutik (Gipuzkoa) abiatuko da itsasontzia; Mediterraneo itsasoko erdialdera joatea da asmoa. Itsas Salbamendu Humanitarioko ordezkari Iñigo Mijangosek adierazi du behar gorria dagoela ingurune horretan. «Gaur egun, bertan ez dabil laguntza humanitarioa emateko itsasontzirik; militarrak eta Libiako kostazainak besterik ez dabiltza». Horiek ematen dute arta «aski eza» dela uste dute. Hain zuzen ere, iheslari askok itsasoa zeharkatzeko orduan une larriak izaten dituztela gogorarazi du, eta horren ondoriozko zifrak ikaragarriak direla: adierazi du urtea hasi denetik 1.730 lagun hil direla Mediterraneo itsasoan. Oraintsu, adibidez, Aita Mari ibiliko den inguruan urperatze batean ehun lagun inguru hil direla salatu berri du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Aquarius da —Mugarik Gabeko Medikuek eta SOS Mediterranean erakundeak dute itsasontziaren ardura— azkenaldian inguru horretara hurbildu den ontzi bakarra; bi txalupa aurkitu berri ditu noraezean, 58 lagunekin, eta horiek lehorrera eramateko ahaleginetan ari dira orain, Lampedusako uretan, Italiako itsasertzean, Maltak hartuko dituen esperantzan.

Arrantzontzi bat zen lehen Aita Mari —bestelako izena zuen: Stella Maris berria—, atunetan ziharduen, eta moldaketa handiak egin behar izan dituzte orain salbamendu lanetarako prestatzeko. Itsas Laguntza Humanitarioko boluntarioak jardun dute lan horiek egiten. 150 lagun hartzeko tokia dago orain ontzian, eta hemezortzi laguneko eskifaia bat izango du. Itsasontziko sotoan egin dute birmoldaketa handienetariko bat: haurtzaindegi gisara erabiltzeko prestatu dute.

Segurtasun kontuak

Dutxa eta komun ugari ere prestatu dituzte ontzian, guztiz betetzen bada ere, denen premiei erantzuteko. Azken paper kontuak falta dira; azaldu dutenez, itsasontzian bidaiatuko duten pertsona guztien segurtasuna bermatzeko urrats ezinbestekoak dira, baina aurki bideratuko direla uste dute. Itsasontzian sistema bat ezarri dute bertako elkarrizketa guztiak grabatzeko; giza trafikoa egiten ari direla esanez izan ditzaketen salaketak saihestu nahi dituzte era horretan.

Itsas Laguntza Humanitarioa elkarteak Zarautzen egin zituen lehen urratsak, eta Maydayterraneo izeneko egitasmoan dihardu; Mediterraneoko iheslariei laguntza ematea du helburu, eta Greziako itsasertzean haiekin batera iheslariei arta ematen jardundako ProemAid —Espainian sortua, Andaluzian— elkartearekin batera ari da proiektu horretan. Esker onez, onartu dute herritar askoren babesarekin aterako dela Aita Mari itsasora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.