Hegazkingintza ez dago isilik

ITP Aeroko langile gehien-gehienek greba egin dute, eta sindikatuek bat egin dute manifestazioan, baina ez pankarta berean. Aernnovan lau orduko lanuztea egin dute

ITP Aeroko langileek atzo Bilbon eginiko manifestazioaren amaiera. Ezkerretik eskuinera, ELAren, UGTren eta CCOOren pankartak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
ITP Aeroko eta Aernnovako langileekgarbi utzi dute ez dutela kaleratzerik onartuko. Bi plantetan greba eguna izan zen atzo:egun osokoa ITPn (Zamudio, Bizkaia), eta lau ordukoa Aernnovan (Berantevilla, Araba); eta bietan, langileen gehiengo handi batek babestu zuen lanuztea. ITPkoek manifestazioa ere egin zuten Bilboko kaleetan, jendetsua, langile batzordeko hiru sindikatuek babestu zutelako. Hori bai, sindikatu bakoitzak bere pankarta eraman zuen, jarrerak bateratzeke dituzten seinale.

ITP Aeroko zuzendaritza eta langile batzordea 194 kaleratze egiteko erregulazio espedientearen nondik norakoak negoziatzen ari dira egun —1.269 langile dira guztira—. Langileen %12 behin-behinekoak dira, eta horietako batzuek ere ez dute jarraituko. Herenegun izan zen bigarren bilera, eta gaur berriz elkartuko dira. Asteleheneko bilera «burokratikoa» izan zen, sindikatuen arabera, eta informazio ekonomiko gehiago eskatu zioten enpresari. Datu horiek gaur jasoko dituzte, eta bilera horren ondoren elkartuko dira sindikatuak hurrengo egunetan eman beharreko pausoak erabakitzeko. ELAk hamar ordezkari ditu batzordean, CCOOk zortzi, eta UGTk bost.

ELAk deituriko hirugarren greba eguna zen atzokoa, eta UGTren eta CCOOren aurrenekoa, Espainiako hegazkingintzan eginiko deialdiarekin bat eginez. Hiruren mezua antzekoa izan zen: ez dute onartuko 2016 eta 2019 artean 260 milioi euroren irabaziak izan zituen enpresa batek kaleratzerik egitea. Haien ustez, krisia aldi baterakoa denez, egokiagoa da neurri ez-traumatikoak hartzea, baimenak eta halakoak.

Denbora, baina, aurka dute ITPn. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea gaur zortzi bukatuko da, eta negoziazio epea, urriaren 16an. ELAk beste greba egun batera du deitua biharko, Gaizka Aldazabal batzordeko kidearen ustez «kalean egotea» delako enpresak utzi duen aukera bakarra: «Gaurko bileran, sindikatuen artean irizpideak bateratzen saiatuko gara, baina akzio sindikala da espedientea bertan behera uzteko modu bakarra».

Hiru sindikatuek ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea, ezta greba egutegi bati ekitea ere. Dena den, aldea dago erritmoetan. David Gago CCOOko delegatuak «batasuna» eskatu zuen manifestazioan amaieran, baina zaila dirudi biharko grebarekin bat egitea: «Bat egin behar dugu, baina mobilizazioen intentsitatea neurtu behar da. Ezin dituzu aukera guztiak lehen egunean erre: dosifikatuz joan behar duzu. Greba egitekotan, bateratua izan behar du».

UGTren izenean Patxi Martinez delegatuak hitz egin zuen, eta azaldu zuen ez dela «arinegi» ibili behar: «Datuak aztertu behar dira. Funtsezkoena lantaldea babestea da». Bere hitzaldian, Espainia osoko sektorearen batasuna aipatu zuen, eta horrek ikusgaitasun handiagoa ematen diola protestari. ITPren espedienteak ez dio Zamudioko plantari bakarrik eragiten, baizik eta baita Espainiako biei ere (Alcobendas eta Ajavir), eta negoziatzeko eremuak zein beharko lukeen da sindikatuen batasuna zailtzen duten aldagaietako bat. ELAk Zamudion erabaki dadila nahi du; UGTk eta CCOOk, aldiz, ez dute begi txarrez ikusten hiru plantek bat eginda negoziatzea.

Aernnovan, «%90»

Aernnovan ere greba eguna izan zen. Espainiarako deialdia zegoenez, langile batzordeak deialdi propioa egin zuen, eta ia lantalde osoak bete zuen: «Ekoizpen ataleko guztiek eta bulegoetako erdiek, %90 inguruk», azaldu zuten iturri sindikalek. Aernnovan langile batzorde plurala dute: ELAk, LABek eta CCOOK hiruna delegatu dituzte, UGTk bi, eta USOk eta CGTk bana.

450 langilek dihardute Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratzea espero da. Zuzendaritzak ez du kopuru zehatzik eman oraindik, Jaurlaritzarekin adosturiko akordio bat dela-eta ezin duelako inor kaleratu abenduaren 31ra arte. Egun horretan bukatuko da indarrean duten aldi baterako erregulazioa.

Larunbatean izango dute hurrengo mobilizazioa, Arabako aeronautikak Gasteizen deituriko manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.